Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Asteklima Euskadiko Klima aldaketaren bigarren edizioa egingo da Eibarren, herritarrak gai horren garrantziaz kontzientziatzeko

2021eko Asteklimaren kartela.

2021eko Asteklimaren kartela.

2021/09/22

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez, hainbat jarduera egingo ditu irailaren 28tik 30era. Asteklima Euskadin antolatzen da irailaren 24tik urriaren 3ra bitartean.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez eta Ihoberen laguntzarekin (Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoa), irailaren 28tik 30era bitartean, eta Asteklimaren bigarren edizioa dela-eta, hainbat jarduera egingo ditu eibartarren artean gaur egun dugun erronka handienetako baten inguruan sentsibilizatzeko, alegia, klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso pertsonalak hartzearen garrantzia.  

Alberto Albístegui Ingurumeneko zinegotziaren hitzetan, “Jardunaldi hauen bidez, Eibarko Udalak klima-aldaketa jendearen eztabaidaren erdigunean jarri nahi du eta, era berean, eibartarrak mobilizatu nahi ditu eguneroko ohituretan jarduera zehatzak egiteko. Ekintza oro, txikia izan arren, garrantzitsua da. ".

Eibarko Astekliman egingo den lehen jarduera "Mañana" ("Demain") dokumentalaren proiekzioa izango da, irailaren 28an, 19:00etan, Coliseo antzokian. Cyril Dionek eta Mélanie Laurentek zuzendutako dokumental honen helburua herritarrei klima-aldaketaren ondorioak ezagutaraztea da, bai eta XXI. mendeko ingurumen- eta gizarte-erronkei —abeltzaintzan, energian, ekonomian, heziketan edo gobernantza arloetan—emandako irtenbideen adibide zehatzak eskaintzea ere.

Dokumentala gaztelaniaz da eta sarrera doakoa. Sarrerak aldez aurretik eskuratu ahalko dira Coliseoko lehiatilan (astelehen eta ostiraletan 17:30etik 19:30era) edo Kutxabank plataforman.

Asteklimaipuinakartela.png
Asteklima 2021.
Halaber, irailaren 29an, 17:30ean, ipuin-kontalari batek "Zuriñeren abentura" izenburuko saioa emango du Juan San Martin liburutegian; emanaldia 3 eta 7 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Txikienek modu atsegin batean klima-aldaketari buruzko zenbait gauza ikasiko dituzte. Amaieran eskulan bat egingo dute, Zuriñe gogoan edukitzeko.  

Bestetik, asteazkenean, irailak 30, 17:30ean, Portaleko Areto Nagusian "Klima Aldaketa: joko beroa" izeneko tailerra eskainiko da 7 eta 12 urte arteko neska-mutikoentzat.  Tailer didaktiko bat da familiei zuzendua; bertan aztertuko da zer ondorio izango duen eta izaten ari den klima-aldaketak planetaren hainbat tokitan bizi diren pertsonengan.  Horrez gain, eta modu ludiko batean, aztertuko da zer egin dezaketen herritarrek, zer eragin duten klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta horrek dakarren esfortzu pertsonala.

Irailaren 29 eta 30eko jardueren sarrera doakoa da eta derrigorrezkoa da izena ematea aldez aurretik.

Zentzu honetan, irailaren 29ko ekitaldian izena emateko, udal webgunean dagoen formularioa bete beharko da,  irailaren 22tik 27ra, ondorengo estekaren bitartez: https://formularioak.eibar.eus/eu/asteklimatailerraklimaaldaketa

Bestalde, irailaren 30eko ekintzan izena emateko, https://formularioak.eibar.eus/eu/asteklimazurinerenabentura  estekaren bidez bete beharko da formularioa, irailaren 22tik 28ra bitartean.

Edukiera mugatua denez, izena eman den hurrenkeraren arabera onartuko dira parte-hartzaileak; hortaz, epea amaitzean, mezu elektroniko bat bidaliko zaio interesdunari onartua izan den ala ez egiaztatzeko.

Publiko ororentzako jarduerez gain, eta egitasmoa 2030 Eskola Agendaren proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetara gerturatzeko, klima-aldaketari buruzko tailer zientifikoak antolatuko dira Lehen Hezkuntza 6. mailako ikasleei zuzenduak.  

Asteklimaren bigarren edizioak IHOBEren dirulaguntza bat jaso du —sozietate horrek klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso pertsonalean herritarrak mobilizatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei dirulaguntzak ematen dizkie—. Udalak espero du eibartarrak sentsibilizatzea lortzea mundu mailako arazo larri honen aurrean.  

Horretaz jabetuta, ekitaldi honetan zehar, Eibarko Udaleko Ingurumen Saila Energia eta Klimarako Ekintza Plan bat prestatzen ari da. Plan horretan jasoko dira zein izango diren neurri eta ekintza zehatzak energia aurreztea ahalbidetzeko, energia berriztagarriak sartzea errazteko, eta udalerriaren erresilientzia eta klima-aldaketarako egokitzapena areagotzeko.  Ekintza horiek guztiak hainbat arlo eta sektoretan aplikatuko dira, baita Udalean bertan ere.  

Halaber, joan den ekainean, Udalak jardunaldi batzuk antolatu zituen klima-aldaketaren inguruan; besteak beste, elkarrizketa batzuk egin zitzaizkien adituei eta bideo labur batzuk argitaratu ziren.  Material hori guztia ikusgai dago Ingurumen atalean.