Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aste Santuan, aurten ere, bisita gidatuak jarriko ditu martxan Udalak, herriaren historia eta erakarpen turistikoa balioan jartzeko

Aste Santuko bisita gidatuen kartela.

Aste Santuko bisita gidatuen kartela.

2023/03/28

Programa berriak jarraipena emango die azken urteetan abuztuan eta Aste Santuan egin diren bisitei, oso harrera ona izan baitute. Aurreko edizioetan ez bezala, bisitak doakoak izango dira.

Eibarko Udalak, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez eta Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, bisita gidatuen programaren edizio berri bat antolatu du Aste Santurako, hiriko eskaintza turistikoa ezagutarazteko eta haren elementu erakargarriak eta historia balioan jartzeko.

Ekimena 2021eko udan jarri zen martxan, eta 2022ko Aste Santuan eta udan errepikatu zen. Bisitek izan duten harrera ona ikusita, Udalak programari jarraipena ematea erabaki du.  Hala, Udalak aurrera egiten segitu nahi du Eibar bisitatzen duten pertsonentzako eskaintza turistiko bat egituratzen.

Aste Santu honetarako programatutako bisitak apirilaren 6, 7, 8 eta 10ean egingo dira, Aste Santuko jaiegunekin bat. Bisitetan, ibilbide historiko bat egiten da Eibarko kaleetatik. Arratsaldez egingo da ekimena, 18:30etik 20:00etara. Apirilaren 6, 8 eta 10ean erderaz, eta hilaren 7an euskaraz.

Ibilaldia Eibarko garapen industrialean oinarrituko da, eta horren bidez azalduko da herriaren bilakaera. Bisitetan, gidariak —Nerea Alustiza eibartar historialaria— Eibar duela 100 urte nolakoa zen ulertzeko irudiak erakutsi, eta gaurdainoko garapen historikoa azalduko du, Eibarko industriak edo gure herriak II. Errepublikaren aldarrikapenean izan zuen papera ahaztu gabe.  

Ibilaldia tren-geltokian hasiko da, eta beste gune historiko interesgarri batzuetatik jarraituko du, hala nola, ariel-etxea, Krutzetaneko etxea, Ayerbeneko etxea (Casino Artista Eibarrésarekin edo iturriarekin),  Errebal kalea, San Agustin, Bidebarrieta, Txirio kalea edo Fermin Calbeton, eta Untzaga plazan amaituko da udaletxearen aurrean. 

Aurreko edizioetan ez bezala, oraingoan bisitak doan izango dira, baina interesa dutenek izena eman beharko dute aurretik, plaza mugatuak direlako.  Izen-ematea egiteko, telefonoz deitu daiteke (943820110) apirilaren 5era arte, 8:30etatik 15:00etara; edo udal-webguneko formularioan inskribatu www.eibar.eus/bisitagidatuak estekan, bisita egiteko aukeratutako egunaren bezpera arte.

Bisita bakoitzean, gehienez ere, 15 lagunek parte hartu ahal izango dute, hala bisitei probetxu gehiago atera eta lasaiagoak izan daitezen.  Muga hori bete ondoren, izen-ematea itxi egingo da.

Joan Iraolaren hitzetan, “programa honen aurreko edizioetako arrakasta ikusita, erabaki dugu esperientzia errepikatzea; kanpoko jendea herrira erakartzeko aukera ona izateaz gain, eibartarrontzat ere interesgarria da, ezagutzen ez genituen xehetasun historikoak eta ondareari dagozkionak ezagutzeko aukera ematen digu-eta”.

Eta horren harira, zera gehitu du: “Ekimen honek mantendu eta finkatu egiten du  Eibarren dugun ondare historiko aberatsaren dibertsifikazioak eskaintzen dituen aukerak indartzeko helburua”. “Eta interesa duten pertsona guztiei bisita egiteko aukera emateko helburu horretan, erabaki dugu oraingoan bisitak doan izatea".