Eibarko Udala
inausketa lanak

Arrateko zelaiko zuhaitzak kimatuko dira, segurtasuna bermatu eta paisaia hobetze aldera

2025/03/25
Arrate.
Arrate.

2023an inausketa egin arren, oraindik ere zuhaitzetan esku-hartzeko premia dago. Apezetxea enpresa arduratuko da lanaz, 4.000 euroko aurrekontuarekin.

2023an egindako inausketaren emaitza onak ikusita, Eibarko Udalak erabaki du zelai nagusia inguratzen duten zuhaitzetan esku hartzen jarraitzea, izan ere, toki horrek urte guztian zehar jasotzen ditu  turistak. Bertako bizilagunek eta erabiltzaileek ohartarazi dute inausketa osatu beharra dagoela, batik bat, zuhaitzak aztertu ondoren, neurrigabe hazten direla ikusi baita.

Arrateko zelai nagusiaren inguruan askotariko zuhaitzak daude, besteak beste, pagoak, lizarrak eta ezkiak. Hainbat arrazoirengatik berehalako errebisioa eta mozketa behar dute. Zuhaitzek gehiegizko altuera hartu dute, haien arteko distantzia txikia eta argi falta direla eta. Gainera, gertuko pinudietako zuhaitzak moztu direnez, aire-korronteak aldatu eta haizeak gogorrago jotzen du orain. Horrek zuhaitzak errazago kaltetzea (meheago eta ahulago hazi) eta gunea arriskutsuago bihurtzea dakar, bisitarien segurtasunari begira.

Txosten teknikoen arabera, inausketa onuragarria izango da, hala zuhaitzetarako nola gunerako. Esku-hartze honen bidez, eguzki-argia hobeto banatuko da, eta horrek zuhaitzak osasuntsuago haztea ekarriko du, baita lekuaren estetika hobetzea ere. Jon Iraola Eibarko alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: “Guretzat lehentasuna herritarren eta bisitarien segurtasuna da. Gainera, esku-hartze honek ingurua babesteaz gain, espazio publikoaren kalitatea ere hobetzen du. Arrate jende askoren bilgunea da urte guztian zehar”.

Bestalde, Zerbitzuetako zinegotzi Pedro Escribano honela mintzatu da: “Zuhaitzak inaustea eta moztea oinarrizko neurriak dira inguru seguru eta osasuntsu bat bermatzeko. Lanak berehala hasiko dira, eta lehentasuna errepidetik gertuen dauden zuhaitzek izango dute, istripuak izateko arriskua gutxitzeko xedez”.

Azpetxea espezialitate-enpresak egingo du inausketa, eta 4.000 euro inguruko kostea izango du. Inguruko zuhaitzak inausi eta garbituko dira, errepidetik gertuen daudenetatik hasita, arriskua gutxitze aldera. Aipatutako lanak garai honetan egitea aurreikusten da, zuhaitzen ziklo begetatiboa aintzat hartuta, egokiena baita.