Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arragueta kaleko 16an dagoen etxea erosteko eta botatzeko prozedura amaitzen ari da Udala

Arragueta kaleko 16 zenbakiaren artxiboko irudia.

Arragueta kaleko 16 zenbakiaren artxiboko irudia.

2023/05/23

Kale hori berrurbanizatzeko proiektuan kokatzen da erosketa, eta horri esker oinezkoentzako pasabide bat egingo da Arragueta eta Bidebarrieta kaleen artean. Espaloiak zabalduko dira (galtzadaren maila berean utziz), kalea asfalto inprimatuarekin berriztatuko da eta argiak eta hornidura-sareak hobetuko dira Arraguetan egingo diren obretan.

Eibarko Udala amaitzen ari da Arragueta kaleko 16. zenbakiko higiezina erosteko prozedura. Horri esker, eraikina bota eta han geratuko den orubean oinezkoentzako pasabide bat egingo da, kale hori eta Bidebarrieta kalea lotuko dituena. Duela gutxi onartu zuen Udalak erosketa-espedientea, eta amaitzear dauzka eraikin-jabeekin daramatzan negoziazioak eraikinaren erosketa formalizatzeko.

Eraispena Arragueta kalearen birgaitze integraleko proiektuan sartzen da, Udalak bultzatutako asmoa. Kale hori urbanizatzea ahalbidetuko duen jarduketa estrategikoa da, irisgarritasuna eta komunikazioa hobetuz, oinezkoentzako lekua irabaziz eta, horrezaz gain, espaloiak eta galtzada berritzeko lanak eginez.

Proiektuak, 16. zenbakia botatzeaz gain, 17. eta 19. zenbakietako eraikinen eraispena ere aurreikusten du, berehala egingo den lana. Hain zuzen ere, Iberdrolak komunitate horietako linea elektrikoa lurperatzen duenean hasiko dira egiten obra horiek.

Arragueta kalea birgaitzeko proiektuak —joan den apirilean Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obretako zinegotziak aurkeztua— Arragueta kalea Arikitxaneko zubiarekin gurutzatzen den tokitik Urkizuko parkearekin eta Bittor Sarasketa kalearekin bat egiten duen tokiraino egingo diren obrak jasotzen ditu.

Hala, alkateak zera azpimarratu du: “Berrurbanizazio-proiektu honek kale honen irisgarritasuna modu nabarmenean hobetzeko aukera emango digu, eibartarrek asko erabiltzen baitute, eta, aldi berean, seguruago eta erosoago utziko dugu.”

Proiektuko jarduketa aipagarrienetako bat Arraguetako espaloiak zabaltzea da, halako moldez non espaloien zabalera, bi aldeetan, gutxienez bi metrokoa izango den, eta tarte batzuetan hiru metrorainokoa. Eta errodadurako erreiak, galtzadak, kale osoan, hiru metro eta erditik lau metrora bitarteko zabalera izango du.

Kalearen diseinua Arikitxaneko bidegurutzetik Errebaleraino doan tarte horretan egin denaren jarraipenekoa izango da, hau da, galtzada asfalto inprimatukoa izango da (galtzada-harrizkoaren imitazioa), eta espaloiak eta galtzada maila berean utziko dira oinezkoen mugikortasuna errazteko. Halaber, argiteria publikoa ere hobetu egingo da eta kalean hiri-altzariko beste elementu batzuk jarriko dira.

Bestalde, Arragueta eraberritzeko obrek uraren hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko aukera emango dute. Lan horiek Gipuzkoako Uren eskumenekoak dira eta proiektu barruan egingo dira.

Horrela, eskura dagoen aurrekontuaren arabera, Eibarko Udalak ordainduko duen obraren kostua 1.033.000 eurokoa izango da (BEZa barne).