Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arragueta kaleko 11 eta 13 etxebizitzen aurri-deklarazioaren espedienteak laster hasiko dira

Arragueta kaleko 11 eta 13 etxebizitzen aurri-deklarazioaren espedienteak laster hasiko dira

Arragueta kaleko 11 eta 13 zenbakiak.

2019/09/12

Udal arkitekto andrearen txostenen arabera —hilaren 10ean egindako Hirigintza Batzordean behar bezala azalduak—, bi higiezin horiek, non gaur egun ez den inor bizi, legezko aurri-egoeran daude.

Aurreko asteartean, hilak 10, egindako Hirigintza Batzordean erabaki zen martxan jartzea Arragueta kaleko 11 eta 13 zenbakien aurri-egoera deklaratzeko espedienteak. Udal arkitekto andrearen txostenen arabera, higiezin horiek gaur egun legezko aurri-egoeran daude.

Behin espedienteei hasiera emanda (bana atariko), Udalak haietako bakoitzaren berri eman beharko die jabeei, dagokion epean, bidezko jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten haien eskubide eta interesen defentsan.

Ez bada alegaziorik jartzen, edo, behin jarrita behar bezala ebazten badira, Udalak aurri-egoera deklaratu eta jabetzari higiezinak eraistea aginduko du.  

Jon Iraolak, Hirigintza, Obra eta Ingurumen saileko zinegotziak esan du “Udalaren asmoa dela aurri-deklarazioaren espediente horiek ahalik eta azkarren izapidetzea, zeren higiezinak dauden egoera penagarria baita eta berehala behar baitute esku-hartzea."

Iraolak gehitu du “lehen pausoa dela lehenbailehen jakinaraztea espedientea higiezin bakoitzaren jabeei. Kontua da etxeetako batek jabe asko dituela eta horrek moteldu egin dezakeela jakinarazpen-prozesua, eta oso kontuz ibili behar dugu. Espero dugu halakorik ez gertatzea. Edonola ere, bermatu behar dugu, ezin besterik izan, higiezinen jabetzaren eskubideak errespetatzea.”

Horren harira, Iraolak esan du “San Andres pasealekuko eraikinen eraisketarekin ez bezala, Arragueta kaleko 11 eta 13 zenbakiak hutsik daudela, ez dela inor bizi, eta ez dagoela negoziorik martxan; beraz, errazagoa izango da prozesua, ez delako bizitokirik topatu behar inorentzat, ezta jarduera ekonomikorik birkokatu ere.”

Behin higiezinen aurri-egoera deklaratuta, Udalak bakoitzaren jabeari aginduko dio eraisteari ekin diezaion; eta, hala egingo ez balu, ahalmena du subsidiarioki etxea botatzeko.  

Azkenik, Iraolak adierazi du “eraikin horiek botatzea premia dela gaur egun, ikusita zer egoeratan dauden.  Gainera, Arragueta kaleko 11 eta 13 zenbakiak botatzeak aukera ematen du inguruan esku-hartzeko eta, hortaz, gure herriaren kale esanguratsuenetako bat biziberritzeko posibilitatea ikertzeko.