Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arragueta kaleko 11, 13 eta 15 zenbakiak berehala botatzeko agindu du Alkateak

Arragueta kaleko 11, 13 eta 15 zenbakiak berehala botatzeko agindu du Alkateak

Arragueta kaleko 15. zenbakia.

2019/11/14

Eibarko Udalak 11 eta 13 zenbakietako aurri-espedientea hasi zuen duela aste batzuk eta, aspalditik ari zen Hirigintza Saila 15. zenbakiaren egoeraren jarraipena egiten, hormetan arrakalak zeudelako. Miguel de los Toyos alkateak bertatik bertara koordinatu du operatiboa, non Udal-teknikariek, Udaltzaingoak, Babes Zibilak, Gurutze Gorriak eta Suhiltzaileek parte hartu duten; lehentasuna eman diote kaltetutako bizilagunen ongizateari eta segurtasunari, eta dagoeneko ordezko bizitokia eskaini diete.

Urriaren hasieran, Arragueta kaleko 15. zenbakiko bizilagunek Udalari jakinarazi zioten eraikinaren hormetan arrakalak zeudela, eta udal arkitekto andrea bertara joan zen hori egiaztatzera.

Arazo horrekin kezkatuta eta baita 11 eta 13 zenbakietako eraispenek higiezin horretan izan lezaketen eraginarekin ere (Udalaren aurri-espedientea duela aste batzuk hasi zen), Udaleko Hirigintza Arloak oso gertuko jarraipena egin du higiezinaren egoerari buruz, bizilagunen segurtasuna bermatze aldera.

Hori horrela, asteartean, azaroak 12, 15. zenbakiko bizilagunek Eibarko Udalari jakinarazi zioten arrakalak nabarmen handitu zirela egun gutxiren buruan.

Hori dela eta, udal arkitekto andrea berehala joan zen eraikinera arazo hori berriro aztertzera. Ikuskapenean, arkitektoak antzeman zuen eraikinaren hormetako bat —partzelaren barrualdera ematen duena— partzialki erori zela, auzotarrek diotenez aurreko gauean, eta horrek arrakalen arazoa areagotu zuela. Horregatik, udal arkitektoak eraikina berehala husteko agindu zuen, erortzeko arriskua zegoela iritzita.

Egoera horren aurrean, eta inplikatutako udal sail guztiak behar bezala koordinatuz, Udalak alojamendua eman zien eraikineko bizilagunei.

Azaroaren 13ko goizean (asteazkena) eta eraikina gero eta hondatuago zegoenez, Udaleko teknikariak eraikinera joan ziren haren egoera egiaztatzera, neurriak hartze aldera.

13:30ak aldera, eraikinaren zati bat erori egin zen. Ez zen kalte pertsonalik izan, eraikina hutsik zegoelako.

Oraingoz, ez dakigu eraikinaren zati bat jausi izanaren arrazoi zehatzak zeintzuk izan diren, nahiz eta ziur aski eraikinaren antzinatasuna eta jabetzak behar bezala mantendu eta kontserbatu ez izana izan daitezkeen horietako batzuk.

Udalak Arragueta kaleko 15. zenbakiaren berehalako aurri-egoera  deklaratu du; Miguel de los Toyos alkateak, bertara joan eta eraisteko agindu zuen, eta gaur, azaroak 14, hasiko dira lanak.

Segurtasun-arrazoiak direla medio, Udalak Arragueta kaleko 17. zenbakia husteko agindua eman du, harik eta 15. zenbakia eraisteko lanak amaitu eta eraikina ez dagoela kaltetuta zalantza barik egiaztatu ahal izan arte eta, beraz, bizilagunak lasaitasun osoz itzul daitezkeela beren etxeetara. Ordura arte, eraikin horretan bizi diren 20 pertsonak Arrateko kolonian egongo dira aldi baterako.

15. zenbakiarekin batera, alkateak bertatik bertara koordinatu du operatiboa, non udal-teknikariek, udaltzainek eta suhiltzaileek hartu duten parte, une oro, lehentasuna emanez kaltetutako bizilagunen ongizateari eta segurtasunari. Halaber, Arragueta kaleko 11 eta 13 zenbakiak eraisteko agindu du —Udalak duela aste batzuk hasi zituen horien aurri-deklarazioaren espedienteak—.

Arragueta 16 zenbakiaren egoera

Bestalde, joan den asteazken arratsaldean, hilak 6, Arragueta kaleko 16. zenbakiko lehen solairuko sabai faltsuaren zati bat erori zen. Eraikinak bi etxebizitza ditu, solairu bakoitzeko bat. Gaur egun, lehen solairukoa baino ez dago okupatuta.

Eraikinera joan ondoren, lehen solairuko sabaiko egurrezko forjatua erabat bustita zegoela egiaztatu zuen udal arkitekto andreak. Halaber, egiaztatu zuen ura eraikinaren teilatutik —oso egoera txarrean— sartzen zela, eta bigarren solairuko lurrera jausi, eta lehenengoraino pasatzen zela, higiezinari kalteak eraginez. Jabetzak eraikina behar bezala mantendu eta kontserbatu ez izana izan liteke estalkia hondatzearen eta izandako kalteen arrazoia.

Horregatik guztiagatik eta segurtasun-arrazoiengatik, udal arkitektoak eraikina husteko agindu zuen, Udalak jendeari aldi baterako bizitokia eskainiz, beren kabuz beste bat aurkitu arte. Edonola ere, arkitektoaren arabera, oraingoz ez dago erortzeko arriskurik.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera finkatuta dagoen eraikina denez, jabetzak birgaitzeko aukera du; beraz, Udalak aste honetan jabetzarekin biltzeko asmoa du, bide hori aukeratuko duten edo, aitzitik, eraitsiko duten jakiteko.

etiketak: Arragueta, Eibar