Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arragueta kalea Arikitzanetik Urkizuraino konpontzeko proiektua aurkeztu du Udalak

Arragueta kalea Arikitzanetik Urkizuraino konpontzeko proiektuaren aurkezpenaren irudia. Argazkian, Jon Iraola alkatea eta Alberto Albistegui, Obraak Arloko zinegotzia.

Arragueta kalea Arikitzanetik Urkizuraino konpontzeko proiektuaren aurkezpenaren irudia. Argazkian, Jon Iraola alkatea eta Alberto Albistegui, Obrak Arloko zinegotzia.

2023/04/18

Espaloiak zabaldu eta galtzadaren mailan geratuko dira, kalea inprimatutako asfaltatuz eraberrituko da, eta argiak eta hornidura-sareak hobetu egingo dira. Halaber, Arragueta eta Bidebarrieta kaleak lotzea aurreikusten da, Arraguetako 16 zenbakiko eraikina bota ondoren.

Eibarko Udalak eskura du dagoeneko Arragueta kaleko birgaitze-proiektua; izaera estrategikoa duen jarduketa bat da, espazio hori berrurbanizatzea ahalbidetuko duena, irisgarritasuna eta komunikazioa hobetuz, oinezkoentzako tokia irabaziz, eta, gainera, espaloiak eta galtzada eraberrituz.

Proiektua gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obra Saileko zinegotziak, gaur goizean bertan dokumentua Obra Batzordean aurkeztu eta gero.

Iraolak azaldu duenez, egitasmoak Arraguetaren eta Arikitzaneko zubia kalearen arteko bidegurutzetik Urkizuko parkeraino eta Bittor Sarasketa kalerainoko tartean egingo diren lanak jasotzen ditu.

Hala, alkateak azpimarratu du “berrurbanizazio proiektu honek aukera emango digula eibartarrok asko erabiltzen dugun kale horren irisgarritasuna nabarmen hobetzeko, eta, aldi berean, seguruagoa eta erosoagoa egiteko. Hori dela eta, herritarrek asko eskatzen duten proiektua da eta, 17, 19 eta 16 zenbakidun eraikinak eraisteari esker, gauzatu ahal izango dugu.”.

Egitasmoaren lan nabarmenenetako bat Arraguetako espaloiak handitzea da. Haien zabalera, bi aldeetan, gutxienez bi metrokoa izango da, eta, tarte batzuetan, hiru metroraino iritsiko da. Galtzadak hiru metro eta erditik lau metrora bitarteko zabalerak izango ditu kale osoan.

Kalearen diseinua Arikitzaneko bidegurutzetik Errebaleraino doan zatian egin denaren jarraipena izango da; alegia, galtzada inprimatutako asfaltoz egingo da (adokinen imitazioa), eta espaloiak eta galtzada maila berean egongo dira oinezkoen mugikortasuna errazteko. Argiteria publikoa ere hobetuko da, eta beste hiri-altzari batzuk ere jarriko dira.

Bestalde, obrari esker, uraren hornidura- eta saneamendu-sareak berriztuko dira. Lan horiek Gipuzkoako Urak entitatearen eskumenekoak dira eta proiektuaren barruan egingo dira.

Obraren kostua 1.030.000 eurokoa da (BEZa barne) eta Eibarko Udalak ordainduko du.

Gainera, Arragueta eta Bidebarrieta arteko konexio bat egitea aurreikusten da, 16 zenbakiko eraikina bota ondoren —Udalak erosiko du aurki— espazioa irabaziko baita bertan.

Proiektua aurkeztu ondoren, Udalak laster aterako du lanen exekuzioa, hala, datozen hilabeteetan,  17, 19 eta 16 zenbakidun eraikinak eraitsi bezain laster, Arragueta kaleko berrurbanizazio-lanei ekiteko.

PDFArraguetakalea_page00011.jpg
Arragueta kalea Arikitzanetik Urkizuraino konpontzeko proiektuaren planoa.