Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Argi berdea Errekatxu ingurua berroneratzeko proiektuari

Argi berdea Errekatxu ingurua berroneratzeko proiektuari

Errekatxu inguruko hiri-berroneratze proiektuan hainbat eraikin eraistea jasotzen da, etxebizitza berriak sortzeko.

2018/07/12

Eraikuntza-enpresa batek berriz ere heldu dio ingurua berroneratzeko planari; krisi ekonomikoaren eta inmobiliarioaren eraginez, plana etenda geratu zen 2010ean. Alkateak bere poza adierazi du egindako lanak fruituak eman dituelako eta oso albiste ona delako Errekatxu ingururako eta Eibarrerako, nahiz eta konplexutasun handiko eragiketa izan.

Errekatxu inguruko hiri-berroneratze eragiketa konplexu eta anbiziotsua —2010ean bertan behera geratu zena krisi ekonomiko eta inmobiliarioaren eraginez— desblokeatu egin da eta berriz ere aktibatu, enpresa sustatzaile bat sartu baita jokoan; enpresa prest dago eraikuntza zaharren zati handi bat eraisteko planak aurrera eramateko eta etxebizitzen urbanizazio berri bat egiteko, plaza bat eta irisgarritasunaren hobekuntza nabarmen bat, bai oinezkoentzat bai ibilgailuentzat.

Altuna y Uría da proiektuari berriz ere heltzeko konpromisoa hartu duena. Konpainia horren ordezkaritza bat, Udaleko ordezkariekin batera, auzotarren komunitatetako arduradunekin bildu zen, baita lokal eta enpresetako jabeekin ere, plan berriei buruzko informazioa emateko.  

Urte honen hasieran, Miguel de los Toyos alkateak bilera bat izan zuen auzotarren komunitateetako kideekin proiektuari berriz ere ekiteko, bazirelako talde batzuk hartan interesatuak; eta hilabete hauetan, zehazten joan da asmoa.  

Izan ere, 2010. urteaz geroztik onartuta zegoen proiektua: auzotarrek sinatutako akordioak zeuden eta ordezko bizitokia emateko baldintzak onartuta; hala ere, krisiak izoztu egin zituen plan guztiak. Orain asmoa da berriz ere proiektuari ekitea 2010eko ezaugarri berberekin. Alegia, asmoa da hainbat eraikin eraistea, bai etxebizitza bai eraikin industrialak Bista Ederren eta Errekatxuko behe aldearen artean, ondoren urbanizazio bat sortzeko, 160 bat etxebizitzarekin; horietatik 121 libreak izango lirateke eta gainerakoa ordezko bizitokirako bideratuko litzateke.

Erdigunean plazatxo bat eraikitzeaz gain, oraingo kalearen trazatua aldatu, eta Eulogio Garatetik bide berri bat irekiko da (Portale ostea), zeina urbanizazio berriraino iritsiko den, Urtzailerako jaitsierarekin bat eginez. Bide berri horrek aukera emango du jarraipena emateko Eibarko kanpoaldetik, hegoaldeko hegaletik, ibilbidea osatzen duten kaleen zirkuituari, eta erraztu egingo du ibilgailuen mugimendua. Irisgarritasunaren hobekuntza ez da izango bakarrik trafikorako, bi igogailu publiko eraikitzea planteatzen baita Bidebarrietatik (San Agustin pareko zuloa) Errekatxura joango direnak.

Beste bilera bat egingo da uda ostean, eta hango bizilagun guztiak daude gonbidatuta. Lehen topaketaren ondoren, Miguel de los Toyos alkateak nabarmendu du proiektu honi berriz ekiteak esan nahi duela “orain arte egindako lanak fruituak eman dituela” eta "oso albiste ona dela bai Errekatxuko inguruarentzat bai Eibarko herrriarentzat"; izan ere, pauso berri eta garrantzitsu bat da hiria berroneratzeko asmoetan".

De los Toyosek gogoratu du, azken urte hauetan, gobernu-taldeak lanean jarraitu duela proiektu hau ateratzeko, bereziki sustatzaileak bilatzen; "aurretiko lanak motelak eta neketsuak izan dira". Eta, horren harira, azpimarratu du konplexutasun handiko eragiketa bat dela. “Proiektu konplexu bat da ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta juridikotik, baina martxan da dagoeneko”.

Eragiketari aurre egiteko eraitsiko diren etxebizitzak Hirurok tabernaren —Lehen, Montecasino— izkinaren eta Urtzailerantz doan bidearen bidegurutzearen artean, bai eta parean dauden eraikin zaharrak, Portaleko albo batera ematen dutenak.  Halaber, oraingo bidea desagertu eta Urtzaileko bidearekin lotzeko desbideratuko da; etxebizitza-blokeen atzean geratuko da. Libre geratuko den orubean hiru blokeko urbanizazio bat eraikiko da “U” forman, eta erdian erabilera publikoko plazatxo bat izango du, eta lokal komertzialak.

etiketak: proiektua, Errekatxu, Eibar