Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak udal zergak 2022an ez igotzea proposatu dio oposizioari

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2021/07/30

Gainera, Iraolak OHZren % 50eko errekargua kentzea proposatu du, etxebizitzak justifikaziorik gabe hutsik mantentzen dituzten jabeak bi aldiz ez zigortzeko hartutako konpromisoarekin bat etorriz.

Jon Iraola alkateak 2022an udal zergak izoztearen aldeko apustua egiten du, eta hala adierazi die oposizioaren talde politikoei. Jon Iraolaren hitzetan, “bizi dugun egoera ekonomikoaren aurrean erantzukizunez jokatzea proposatzen dut eta zergak ez igotzea; horrela, presio fiskala bere horretan utziz, aipatutako egoera ekonomikoak herritarrengan eta Eibarko sektore ekonomikoengan izan dezakeen eragina murrizten lagunduz.  

Bestalde, 2021eko ekainaren 18an, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean ekainaren 8ko 49/2021 Dekretua kaleratu zen, “jenderik gabeko etxebizitzei eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzkoa”. Dekretu horrek ezartzen du kanon bat ordaintzea dela etxebizitza hutsak deklaratzearen ondorioetako bat. Beraz, “bikoiztasunik gerta ez dadin,  Eibarko Udalak zergadunei eskatzen dien Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kuota likidoaren 100eko 50eko errekargua kentzea proposatzen da. Errekargu hori, aipatu zergaren subjektu pasiboaren ohiko etxebizitza  ez diren bizitegi-erabilerako ondasun higiezinei, edo errentan edo erabilera-lagapen bidez beste hirugarren baten eskuetan utzi ez direnei eskatzen zitzaien".

Euskaltegiko tasen aldaketak

Covid-19aren egoerak gogoeta egitea ekarri du, Udal Euskaltegiak ematen dituen ikastaro moten arabera kobratzen dituen tasei buruz. Pandemiaren aurretik, Euskaltegian oso bereiztuta zeuden klase presentzialak eta autoikaskuntzakoak.

Matrikulatu nahi zuen pertsonak erabaki beharra zeukan hainbat moduluren aurrean, alegia, edo klase presentzialak jaso, edo autoikaskuntza edo ordenagailu bidez ikasi.

Covid-19aren ondorioz, nahiz eta klase presentzialetara joan, ikasle guztiei eman zaie aukera online-jarraipen bat edo autoikaskuntza-sistema bat egiteko. Ikasleek oso ondo baloratu dute aukera hori eta aprobetxamendua oso ona izan da.

Jon Iraola alkateak zera esan du: "jakin dut, Euskaltegiko arduradunekin hitz eginda, autoikaskuntza bakarrik eskaini denean, ikasleen balorazioa ez dela hain ona izan.  Horregatik, hemendik aurrera, ikasle guztiei emango zaie aukera klase presentzialak jasotzeko, eta, hori ezinezkoa denean, sistema hori online eta autoikaskuntzarekin bateratzeko. Hala, zerbitzu osoago bat eskainiko da”.

Zine komertzialaren sarrerak eta Antzerki Jardunaldietakoak

Udal zerbitzuak emateagatik edo udal jarduerak egiteagatik kobratzen diren prezio publikoak arautzen duen egungo Ordenantzak hainbat prezio jasotzen ditu Coliseo antzokian emandako zerbitzuengatik. Atal bat ireki behar izan da Ordenantzan zinema komertzialaren sarreren prezioak islatzeko; izan ere, COVID-19k eragindako osasun-krisiaren eta streaming-plataformen (Netflix, Disney, etab.) ezarpenaren aurrean, zinemaz arduratzen zen enpresa adjudikaziodunak jakinarazi zuen ez zela berriz aurkeztuko, emaitzak ez zirelako errentagarriak.  

Horregatik, Eibarko Udalak bere gain hartu du gestio osoa; filmak hainbat enpresari alokatuko dizkie eta prezio berberak kobratuko ditu; prezio horiek dira Alkatetzaren proposamenean sartu direnak.  “Gestioa geure gain hartzea erabaki dugu, Eibarko Udalak Coliseo antzokian sustatzen duen zine komertzialaren proiekzioarekin, kultur eskaintza iraunkor bat sortzen delako, herrirako interes orokorrekoa. Hala, herritarrei aisialdirako aukera bat ematen zaie, zinema komertzialean, Europako zineman eta egile-zineman oinarrituta”, adierazi du alkateak.

Halaber, beharrezkotzat jo da prezioak aldatzea arte eszenikoen alorrean herriko gertakari kultural garrantzitsuenetakoa den Antzerki Jardunaldietako sarreretan. Jardunaldien berrogeita bost edizio egin dira dagoeneko, eta hogeita hamazazpigarrenetik, 2013. urtetik, Udalak antolatzen du modu zuzenean. Aldaketa hori justifikatzeko, azterketa bat egin da kontuan hartuta ikuskizunek zer katxet duen edota zer sekziotan parte hartzen duten, hala sarreren prezioak doitu ahal izateko.

Proposamen hauek, bai eta garrantzi txikiagoko beste batzuk ere, hala nola Kirol Patronatuaren jarduera batzuen edo Hirigintza Saileko zerbitzu batzuen izenak aldatzea (marketin-arrazoiengatik eguneratu behar direlako, edo terminologia zaharkitua dagoelako, besterik gabe), oposizioak edota herritarrek egiten dituzten proposamenak, bai eta behin betiko onartzen den araudia ere, Eibarko Udalaren web-orrian argitaratuko dira, alde batetik, herritarrek indarreko araudira eta harekin lotutako dokumentuetara sarbide erraz, unibertsal eta eguneratua izateko, eta, bestetik, balizko erabiltzaileek parte-hartze aktibo bat izan dezaten arauen lanketan; hori guztia gardentasun-printzipioan oinarrituz.