Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak gutun bat bidali dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, Eibarren segurtasuna indartzeko premiazko neurriak hartzeko eskatuz

Irudia: Scott Rodgerson (www.unsplah.com).

Irudia: Scott Rodgerson (www.unsplah.com).

2023/03/03

Azken hilabeteetan herriko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetan izan diren lapurreten aurrean, Iraolak neurri eta baliabide gehiago eskatu dizkio Erkorekari, delinkuentzia-ekintza hauei aurre egiteko. Ertzaintzak lapurreta-kopurua ez dela gehitu jakinarazi arren, azken asteetan egiaztatu da gero eta ohikoagoak direla.

Jon Iraola alkateak gutun bat bidali dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, zeinean eskatzen dion “premiazko neurriak hartzeko Eibarko segurtasuna indartzeko” eta “gure herrian ertzainen presentzia handitzeko”.

Bere idatzian zera dio Jon Iraolak: “Lapurretak gertatzen ari dira merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetan, bai eta ibilgailu partikular eta etxebizitzetan ere; kasu batzuetan, diru-kopuru handiak edota balio handiko objektuak lapurtu dituzte, eta, gainera, kalte material handiak eragin dituzte. Egoera horren ondorioz, “kezka handia sortzen ari da bai Alkatetzan bai herritarrengan, oro har”.

Erkorekari idatzitako gutunean hauxe gehitu du alkateak: “Halakoak egunero gertatu ez arren, azken asteetan gero eta ohikoagoak bihurtu dira, eta, horren ondorioz, segurtasun ezaren eta haserrearen sentsazioa areagotu egin dira herritarren artean, oro har, eta, bereziki, sektore kaltetuenetan, ostalaritzan eta merkataritzan, hain zuzen”.

Jon Irola Eibar herriko arduradun nagusia den aldetik, “ezinbestekotzat jotzen du Erkorekak zuzentzen duen Segurtasun Sailak “premiazko neurriak hartzea, haren eskumeneko esparruan, Eibarko segurtasuna indartzeko; izan ere, gertatutakoak ikusita, orain arte egin dena ez baita nahikoa izan”.

Egoera hau ikusita, alkateak hauxe eskatu dio Segurtasun sailburuari: “Gure herrian dagoen ertzain-kopurua handitzea, eta, ondorioz, eibartar guztien segurtasuna bermatzea”. Horretarako, dio Iraolak, “gure Udaltzaingoak eman dezakeen laguntza guztia izango du”.

Alkateak hala amaitu du gutuna: “Zalantzarik gabe, gure etxebizitzetan, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetan eta kaleetan segurtasuna bermatzea nahitaezko baldintza da, herritarren ongizatearen alde lan egin nahi badugu”.