Alkateak eta Guardia Zibilaren arduradunek bilera bat egin dute Eibarko kuarteleko espazioaren konfigurazio berriaz hitz egiteko

Guardia Zibilaren kuarteleko artxiboko irudia.

Guardia Zibilaren kuarteleko artxiboko irudia.

2022/03/17

Udalak hirigunea berritu eta herritarren premietara egokitu nahi du, berdeguneak eta aisialdirako eremuak eginez. Aldi berean, azterketa-prozesu bati ekin zaio Zezen Plazaren oraingo espazioa berrurbanizatzeko aukerak ikusteko.

Jon Iraola Eibarko alkatea Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin bildu zen atzo, asteartea, Madrilen, duela zenbait urte hasitako elkarrizketei berriro ekiteko. Elkarrizketa horien helburua da Eibarko kuartelaren instalazioen egoera eta inguruak eskaintzen dituen hirigintza-aukerak aztertzea.   Elkarrizketan Gobernu Zentralak Euskadin duen ordezkari Denis Itxasok ere parte hartu zuen.

Bileraren helburua zera izan zen: batetik, eta beste hainbat aldiz egin den bezala, Eibarko Alkatetzaren asmoa adieraztea, hau da, Guardia Zibilaren kuartelean espazioak libre uztea, eta, bestetik,  Guardia Zibilak kuartelerako dituen planak ezagutzea. 

Horrela, alkateak ezagutu ahal izan zuen Guardia Zibilak herrirako duen egungo premien programa; behar horiek partzelaren gune batean bildu eta egun okupatuta dagoen espazio gehiena libre lagatzeko aukera aztertu zen, hala, bermatu ahal izateko armen esku-hartze zerbitzuak toki berean jarraituko duela.  Planifikazio horren arabera, aukera egongo litzateke espazio hori beste erabilera batzuetarako erabiltzeko eta herritarrei beren premietara egokitutako ingurune berritu bat eskaintzeko.

Bileraren ostean, Jon Iraola alkateak zera azpimarratu du: “Guardia Zibilaren ordezkariek akordio batera iristeko jarrera ona erakutsi dute, Udalean esku artean dugun proiektua hiriarentzat oso erakargarria dela ulertu baitute. Hori dela eta, zalantzarik gabe, bilera honetatik ateratako ondorioak bi aldeok ditugun beharretara eta planetara egokitzen den proiektu batean islatuko dira.

Hasieratik, garbi izan dugu ezinbestekoa dela bai Udalak bai Guardia Zibilak elkarrekin lan egitea, uneoro alde bakoitzaren interesak eta asmoak bateratuz. Horregatik, uste dut atzo bileran egin zidaten planteamendua erabat bateragarria dela eibartarrentzako aisialdirako gune bat egitearekin.”

Bi aldeen egoera eta errekerimenduak behar bezala aztertu ondoren, Eibarko Udalak eta Barne Ministerioak hitzarmen bat sinatuko dute, alde bakoitzak hartuko lituzkeen konpromisoak jasoko dituena. Konpromiso horiek, Udalari dagokionez, Guardia Zibilak beharko lituzkeen instalazio berrien proiektua idaztean eta gauzatzean zehaztuko lirateke, eta, azken horri dagokionez, herritarren erabilerarako libre utzitako espazioa Udalari lagatzean.  Eibarko Udalak espero du kontu honetan aurrera egiten joatea aurtengo ekitaldian.  

Urte batzuetatik hona, Udalak lan egiten dihardu erdiko gune hau berreskuratzeko, eta hala adierazi du hainbat aldiz.  Duela hiru urte, Miguel de los Toyos aurreko alkatea Madrilen bildu zen Barne Ministerioko ordezkariekin.  Orduan jarrerak hurbildu ziren aldeen artean, eta funtsezkotzat jo zen gaian sakontzen joatea behin betiko soluzio bat eman aurretik.

Zezen Plaza

Bestalde, eta Guardia Zibilaren kuartela kokatzen den eremuaren etorkizun urbanistikoari dagokionez, Eibarko Udalak gogoeta-prozesu bat hasi du aldameneko beste eremu bat berrurbanizatzeko, Zezen Plaza alegia.

Azalera laua eta oso zabala da, 5.000 metro karratu ingurukoa, eta, beraz, aukera zabala eskaintzen duena hiria hobetu eta behar dituen zerbitzu eta azpiegiturez hornitzeko.  

Hala, hasi da dagoeneko gaiari buruzko gogoeta.  Jarduketa hori eta ingurune horren etorkizuna zehazten joateko, Udala ideia-lehiaketa bat abian jartzeko aukera aztertzen ari da, ideia desberdinak izan ahal izateko, azpiegitura eta hiri-espazio berari buruzko ikuspuntu desberdinak, gure hiria hainbeste urtetan hain adierazgarria izan den espazio bati irtenbidea emango diotenak.

Jarduera honekin, eta etorkizunean Guardia Zibilaren kuarteleko lurrak eskuragarri izateko aukerarekin, aisialdirako espazio zabalak sortu nahi dira arkitektura-oztoporik gabeko lursail lau batean.