Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak bilera eskatu dio Osakidetzari Eibarko gaixo azpiakutuen ospitalearen berri jakiteko

2017/02/28

Osasun zentro berriak emango dituen zerbitzuak eta proiektua burutzeko epeak lotu nahi ditu Miguel de los Toyos alkateak Osakidetzaren zuzendari nagusi berriarekin. Eibartarrek berek ospitalerako egindako eskaerak helaraziko dizkio Alkateak zuzendariari: erresonantzia magnetikoa, psikogeriatria, haurren psikologia, mamografia, densitometria eta hemodinamika.

Miguel de los Toyos alkateak bilera eskatu dio Osakidetzari, gure hirian eraikitzen ari diren gaixo azpiakutuen ospitalearen lanen berri jasotzeko: lanak noiz bukatuko diren eta ospitaleak zer zerbitzu edukiko dituen dira galdera nagusiak. Zuzendari nagusi berria izendatu dute Osakidetzan, María Jesús Gemma Múgica, eta horren harira, Alkateak gutuna bidali zion otsailaren 16an, kargu berriagatik zoriondu eta bilera baterako hitzordua eskatzeko: Euskal Osasun Zerbitzuak Eibarren abian dituen proiektuak jorratzeko asmoz.

Alkatearen hitzetan, proiektu guztien artean garrantzitsuena eta gure hiria eskualdeko osasun zerbitzuen eredugarri bihurtuko duena, azpiakutuen ospitalea da, zalantzarik gabe. Miguel de los Toyosek gutun horretan adierazi zionez, funtsezkoa da berarentzat lehen eskutik jakitea osasun-azpiegitura berriek ekarriko dituzten zerbitzuen berri edukitzea, eta horretarako Jarraipen Batzorde Mistoa baliatzea. Batzorde horren bitartez bideratzen ditu Eibarko Udalak proposamenak eta galderak.

Duela urtebete bildu ziren azkenekoz Eibarko Udala eta Eusko Jaurlaritza ospitalearen proiektuaren azken berriak eguneratzeko, eta tarte horretan hainbat galdera eta proposamen sortu dira; horregatik, Alkateak zuzendari nagusi berriarekin hitz egin nahi du.

Lehenik, eraikuntza-lanak noiz bukatuko diren argitu nahi du Udalak. Argindarraren kableekin arazoak zeudela eta, lanak gelditu behar izan zituzten, eta orain, Alkateak herritarrei jakinarazi nahi die horrek bukaera-epea luzatuko duen edo lehen bezala geratuko den.

Era berean, Alkateak argitu nahi du ospitaleak zer zerbitzu eskainiko dituen. Aurrez jakina da Torrekuako osasun-zentroa eta buruko osasunaren zentroa ospitale berrira pasako direla, eta halako zentro batek ematen dituen ohiko zerbitzuak edukiko dituela. Baina, horiez gain, zer beste zerbitzu egongo diren jakin nahi du alkateak.

Alkateak eibartarrek berek egindako eskaerak eraman nahi dizkio zuzendariari. Herritarrek hainbat premia nabarmendu dituzte, eta ospitale berrian horiek asetzea nahiko lukete: punta-puntako erresonantzia magnetikoa lehenik eta behin. Bigarrena, psikogeriatria eta haur psikologia unitatea. Hirugarrena, mamografia atala; izan ere, halako zerbitzu batek Donostiara joan-etorrian ibiltzea saihestuko lieke Eibarko zein eskualdeko emakume guztiei.

Horiez gain, beste bi zerbitzu eskatuko ditu Alkateak ospitale berrirako: densitometria (hezurren dentsitatea neurtzea eta osteoporosia diagnostikatzea) eta hemodinamika (kateterrak sartzea).

Bestalde, ospitaleak sortuko duen lan-eskaintzaren berri jakin nahi du Alkateak, eta bileran eskatuko die Osakidetzako arduradunei osasun-zerbitzu diren prestazio guztiak publikoak izatea eta ez azpikontratatuak.