Eibarko Udala
Orbeako Kiroldegia

Orbeako Kiroldegiaren birmoldatze sakona sustatuko du Udalak, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko

2025/05/12
Orbeako Kiroldegia.
Orbeako Kiroldegia.

Dagoeneko sarbideak, aldagelak, spa eta kirol-ekipamendua hobetu dira. Datozen hilabeteetan beste jarduketa estruktural eta estetiko batzuk egingo dira.

Eibarko Udalak jarraitzen du bere kirol-instalazioak hobetzearen aldeko apustua egiten, Orbeako Kiroldegia eraberritzeko asmo handiko proiektuarekin. Dagoeneko aurrerapen nabarmenak egin dira, eta datozen hilabeteetan ere lan berriak egingo dira zentroa modernizatzeko eta erabiltzaileen egungo beharretara egokitzeko.

Aspaldi honetan, hobekuntza-jarduketa garrantzitsuak egin dira: hezetasunak konpondu dira gimnasioaren eta sparen sarbideetan, bai eta gizonezkoen aldageletan eta spako aldageletan ere. Halaber, argiztapen-sistema berritu da sarreretan eta aldageletan, ateetan helduleku berriak jarri dira, eta egunero erabiltzen diren elementuak berriztu dira, esaterako, ispiluak, txorrotak, xaboi-ontziak eta lehorgailuak.

Gainera, igeltserotza-lan txiki baina beharrezkoak egin dira pasilloetan, eta amaitzear dago spa-eremuaren berrikuntza integrala, erabiltzaileek gehien baloratzen duten espazioetako bat.

Kirol-ekipamendua ere eguneratu da: kardioko makina berriak erosi dira (hiru bizikleta eta makina eliptiko bat, eta duela gutxi eskuratutako beste eliptiko bat), haltera-euskarri bat, haltera berriak eta esteratxoak, eta baita egoera txarrean zeuden gimnasioko beste osagarri batzuk ere.

Jon Iraola alkateak positiboki baloratu ditu lanak:  “Etengabeko ahalegina egiten dihardugu gure kirol-instalazioak eibartarrek merezi duten mailan egon daitezen. Orbea Kiroldegian egindako hobekuntza hauek kirolarekin, osasunarekin eta herritarren ongizatearekin dugun konpromisoaren isla dira". Dena den, lanak ez dira kiroldegi honetara bakarrik mugatuko”.

Ildo beretik, Andoni Ameztoy Kiroletako zinegotziak lanek erabiltzaileen egunerokoan duten inpaktu positiboa azpimarratu du: “Gure helburua da instalazioak erabiltzen dituzten pertsonek ingurune berriztua, garbia, funtzionala eta ondo ekipatua edukitzea. Erabiltzaileen iradokizunak entzun ditugu eta arduraz jokatzen ari gara haien premiei erantzuteko. Oraingo hau datozen hilabeteetan jarraituko duen eraldaketa baten lehen fasea da”.

Ekainerako eta uztailerako aurreikusita dauden jarduketetan funtsezko lanak egingo dira: eraikinaren kanpoko egitura sendotu, igerilekuaren sabaia berritu, waterpoloko entrenamenduetarako kolpeen aurkako sare bat jarriz, igerilekura sartzeko eskailerak eta emakumezkoen aldagelaren sabaia konpondu eta Orbeako igogailua martxan jarri.

Hobekuntza estetiko bat ere egingo da: uztailean hormirudiak, bitrinak eta landareak jarriko dira.

2026ko urteari begira, gimnasioko makinen eraberritze integrala planifikatzen ari da Udala, eta gune berri bat jarriko du TRX entrenamendurako. Era berean, kirol-espazioaren erosotasuna hobetzeko irtenbideak aztertzen ari dira, besteak beste, geletan eta gimnasioan hozte-sistema bat jarri edo gimnasioko zorua berritzea.