“Altxa burua Eibar” Eibarko guraso-taldeak “Guria erabili zeinke” ekimena aurkeztu du

Ekimenean parte hartu nahi duten dendek mezu bat bidali beharko dute eibar@altxaburua.eus-era.
Eibarko guraso talde batek osatutako "Altxau burua Eibar" talde aktiboak, Udalaren laguntzarekin, "Guria erabili zeinke" ekimena aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan. Ekitaldian, Eva Juez zinegotzia eta ekimenean parte hartzen duten merkatari eibartarrak izan dira.
Besteak beste, talde honek duen helburu nagusia da adin txikikoei smartphona emateko adina atzeratzea, harik eta haurrak eta nerabeak gailua erabiltzeko prestatuta egon arte.
Eva Juez zinegotziak ondorengoa adierazi du: “Ekimen hau eibartar gazteen onurarako izango da, eta Udalak beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko ditu gure haurren eta gazteen ongizatea eta babesa bermatzeko, alegia, adin txikikoak auzoetan eta kaleetan seguruago egon daitezen. Horretarako, komunitateko laguntza eta elkarlana sustatuko da, eta haurrei heldu-erreferentzia bat emango zaie, mugikorrak alde batera utzita eta gizarte-sarea indartuta”.
Jon Iraola, Eibarko alkateak, “Altxa burua Eibar, inplikazio handia erakutsi dute gure umeen eta nerabeen ongizatean. Proiektu honek gure herriaren konpromisoa islatzen du belaunaldi berriei ingurune osasungarriagoa, seguruagoa eta orekatuagoa eskaintzeko, teknologiaren erabilerari dagokionez” komentatu du.
Izena ematen duten saltokietan eta zerbitzu guneetan izango da kanpaina, beraz, telefonoa behar izanez gero, saltoki horiek eskuragarri jarriko diete haur-nerabeei. Ekimeneko partaideek “Guria erabili zeinke” jartzen duen pegatina identifikagarri bat izango dute, gazteek identifika dezaten.
Ideia, 2025eko apirilean jarri da martxan, eta urtebeteko iraupena izango du. Parte hartzeko, eibar@altxaburua.eus helbidean komertzioaren izena, arduradunaren izena eta telefonoa bidali behar dira; behin izena emanda establezimenduan jarri beharreko pegatina jasoko da.