Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak berriro eskatu die banketxeei beharrezkoak diren bitartekoak jar ditzatela eibartar guztiek finantza-arreta kalitatezko eta integral bat izateko

Toribio Etxebarria kalean kokatuta dagoen banketxe baten artxiboko irudia.

Toribio Etxebarria kalean kokatuta dagoen banketxe baten artxiboko irudia.

2023/04/20

Jon Iraola: “Banketxeen bulego asko pixkanaka ixten ari dira, arreta presentzialean eta ordutegietan murrizketak gertatzen ari dira, eta kutxazain automatikoak gero eta modernoagoak dira eta guztiz desegokiak edadeko jendearentzat. Horrek guztiak kezkatu egiten nau”. Banketxeei bidalitako gutunean, gogorarazi du adinekoen kolektiboa, Eibarren biztanleriaren % 25 dena, ez dagoela prestatuta aurrerapen teknologikora egokitzeko.

Jon Iraola Eibarko alkateak gutun bat bidali die hirian sukurtsala duten edo zerbitzua ematen duten banketxe guztiei. Bertan, “kexa eta kezka” helarazi die, azken hilabeteetan eta pixkanaka-pixkanaka egiaztatu delako “banku-sukurtsalak zituzten bulego asko itxi egin direla”.

Ildo horretan, Iraolak azpimarratu duenez, “arreta presentzialeko eta pertsonalizatuko guneak eta baita horien ordutegia ere nabarmen murriztu dira, kutxazain automatikoen erabilera sustatuz; makina horiek gero eta modernoagoak dira, eta ez dira egokiak edadeko biztanleentzat, ez baitute txartel-irakurgailurik”.

Alkateak banketxeei zuzendutako idazkian zera gogorarazi du: “Nahiz eta zalantzarik gabe, garai hauetan, digitalizazioa eta izapide elektronikoak hitzetik hortzera entzuten diren, edadeko pertsonen taldea, Eibarren biztanleen % 25 dena, ez dago prestatuta horrelako aurrerapen teknologikoetara egokitzeko".

Jon Iraolak gehitu duenez, “finantzen kontua erabiltzaileok zuzenean eta etengabe kontrolatu nahi dugun zerbait da. Horregatik, uste dut biztanlerian sortzen saiatzen ari diren ohiturak ez datozela bat errealitate sozialarekin".  Kontuan hartu behar da "oraindik pertsona askok ez dutela ezta kreditu-txartelik ere, eta, beraz, beren kartillekin jarduten dutela". Eta libreta horiek ez dute ahalbidetzen eragiketa asko egitea.

Argudio horretan oinarrituta, alkateak hauxe eskatzen die banketxeei: “Eibarko gizarte-profila kontuan hartuta, hiriko auzoetan behar adina baliabide jartzeko, bai bulegoei dagokienez, bai kutxazain automatikoei dagokienez, eibartarrek, adina edozein izanda ere, finantza-laguntza integrala eta kalitatezkoa izan dezaten”.

Hala, eskatzen du Eibarko herrigune bakoitzean gutxienez bitarteko integral bat jartzeko, eibartar guztiek, beren adina gorabehera, gertuko puntu bat izan dezaten etxetik hurbil edozein izapide egiteko.

Ez da lehen aldia alkateak banketxeei kezka eta eskabide hauek helarazten dizkiena. Joan den martxoan antzeko gutun bat idatzi zien Eibarko banketxeei, pertsona guztiei egokitutako zerbitzu bat eman zezaten eskatuz, bai eta ordutegiak zabaltzeko ere. Eskakizun bat, Udaleko alderdi politiko guztiek babestu zutena. Orain, eta eskabide berri honen aurrean, Iraolak konfiantza du eskaerek erantzuna izango dutela.