Alfa Style Joskintzako Lehiaketa Nazionala

Alfak, Eibarko enpresa historikoa eta erreferentea joskintzaren munduan, Alfa Style Joskintzako Lehiaketa Nazionalaren lehen edizioaren berri eman du. Ekimenak Espainia osoko jostunen eta diseinatzaileen sormen-talentua saritu nahi du.
Alfa Eibarko enpresak lehiaketa bat antolatu du lehen aldiz, bi fase izango dituena, eta 2025eko urtarrilean Getariako Balenciaga Museo ospetsuan egingo den amaiera-ekitaldiarekin itxiko dena.
Ekitaldiak bi fase izango ditu. Lehenengoa herrialdeko hainbat hiritan egingo da, aurrez aurre, 2024ko urrian eta azaroan. Urriaren 5ean lehenengo lehiaketa egingo da Eibarko Alfa Museoan, industria nazionalean aitzindaria izan den hirian. Urriaren 19an Gueñesen dagoen Basque Bio Design Center Biodiseinu eta Teknologia Zentroan jarraituko du. Ondoren, urriaren 26an, Malagan egingo da, Modaren eta Automobilaren Museoan. Alcoyn, azaroaren 9an, AITEX Ehungintzako Ikerketa Institutuan. Eta, azkenik, Madrilen, azaroaren 23an, IADE Diseinu-Eskolan.
Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi du harro dagoela “Eibarrerako hain enblematikoa den enpresak, mende bat baino gehiagoko historiarekin, bere sektorean berritzen eta erreferente izaten jarraitzen duelako. Joskintzako lehen Lehiaketa Nazionalaren iragarpena garai berrietara egokitzeko enpresak duen gaitasunaren adibide garbia da, betiere sustraiak galdu gabe.”
Bestalde, Erlea Holgado Alfako Marketin zuzendariak adierazi duenez, “Alfa Style Joskintza Lehiaketa aukera bat da sormena, trebetasun teknikoa eta talde-lana saritzeko, horiek baitira Espainiako joskintza-komunitatearen ezaugarri. Ehun urtetik gorako enpresa garen aldetik, lanean jarraitzen dugu gure industrian talentua eta berrikuntza sustatzeko. Gainera, jasangarritasuna da markaren balioetako bat da, eta, horregatik ari gara elkarlanean Kooperarekin, zeinak bigarren eskuko arropa emango baitigu lehiakideek beren sorkuntza-lanak egin ditzaten.”
Hiri bakoitzean, hiru pertsonaz osatutako bost taldek beren sormena eta talentua erakusteko aukera izango dute, eta hiri bakoitzeko talde bakarra hautatuko da final handirako.
Azken fasea 2025eko urtarrilean izango da, Getariako Balenciaga Museoan. Bertan, hiri bakoitzeko talde irabazleetako kideek beren sorkuntzak banaka garatuko dituzte. Azken etapa horretan, epaimahai espezializatu batek ebaluatuko ditu sormen-lanak eta irabazle bakar bat hautatuko da.
Sariak
Lehen edizio honen irabazleak 1.500 euroko saria eta prestazio handiko Alfa josteko makina bat jasoko ditu. Gainera, finalista guztiek modaren eta joskintzaren industriako aditu ezagunen aurrean euren lana aurkezteko aukera izango dute; alde horretatik, plataforma paregabea eskaintzen zaie haien talentua nabarmentzeko.