Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Agintaldi honen hasieratik 900.000 euro inguru inbertitu ditu Udalak Eibarko ikastetxeen instalazioak hobetzen

Amañako eskolako artxiboko irudia.

Amañako eskolako artxiboko irudia.

2023/04/24

Aurten 170.000 euro inbertituko dira, beste obra batzuen artean, San Andres eta Amaña ikastetxeak hobetzeko lanetan. Urte hauetan egindako jarduketa batzuek Eusko Jaurlaritzak ‘Udalaguntza’ programaren esparruan emandako dirulaguntza jaso dute.

Eibarko Udalak 900.000 euro inguru inbertitu ditu herriko ikastetxe publikoetako instalazioen hobekuntzan, 2019an oraingo agintaldia hasi zenetik. Kopuru horri gehitu behar zaizkio aurten xede horretarako aurreikusitako 170.000 euroak.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibarko Udalean herriko ikastetxeek helarazten dizkiguten premiak eta eskaerak kontuan hartu eta erantzuten saiatzen gara, betiere hezkuntza-alorrean ditugun baliabideak eta eskumenak aintzat hartuta. Kasu batzuetan, unean bertan egin daitezkeen lanak izaten dira; beste batzuetan, aldiz, duten garrantziaren edota zailtasunaren arabera, aurrekontu handiagoa behar izaten dute.”

Hala, “urtero egiten dugun inbertsioa ikastetxeek instalazio hobeak izan ditzaten dugun konpromisoaren erakusgarri da".

Zehazki, urte honetarako hainbat hobekuntza-lan sartu dira aurrekontuan titulartasun publikoko ikastetxeetako instalazioetan. Hala, San Andres ikastetxean hezetasunak konpontzeko obrak egingo dira, bai eta ikasgelen arteko konexioaren hobekuntza ere. Amañako eskolan, berriz, hezetasunak konpontzeko lan bat egingo da.

Jarduketa horiek Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen ditu ehuneko berrogeita hamarrean kasik, Udalaguntza 2022 programari esker.

Aurreko urteetan egindako lanak

Iazko urtean egin ziren inbertsio gehien ikastetxeetan, 480.000 euro inguruko jarduketak egin baitziren.  Horren harira esan behar da ezen pandemiaren ondoren eta inbertsio-aurreikuspenak 2020 eta 2021 urteetan birmoldatu eta gero, iazko urtea izan zela Udalak obra-alorrean bere inbertsio-gaitasuna berreskuratu zuen urtea.

Hala, 2022. urtean, besteak beste, honako obrak egin ziren: Urkizu ikastetxeko fatxada pintatu eta aldagelak eta gimnasioa eraberritzea; San Andres eskolako patioa eraberritzea; Amaña ikastetxeko patioa eta jolasak eraberritzea eta berokuntzaren instalazioan egindako jarduketak; Arrateko Andra Mari ikastetxeko komunetan egindako eraberritzea; eta Orbea Haurreskolan larrialdietarako eskailera jartzea.

Halaber, eskola-baratzeak sortu ziren Sansaburuko Haurreskolan eta Jardiñetako Eibar BHI institutuan, eta Iturburuko patioan landareak sartu eta hobekuntzak egin ziren.

Aurreko urtean, 2021ean udal-inbertsioa 190.000 euro ingurukoa izan zen, eta honakoak egin ziren: Urkizu ikastetxearen terrazako eta lehen solairuko komunak eraberritzea, bai eta eskolara sartzeko pasarela konpontzea ere; Iturburuko estalkia konpontzea; Amaña ikastetxeko ur beroko sistemaren instalazioa; eta Arrateko Andra Mari ikastetxeko patioko harmailen artean eskailerak egitea.  Gainera, eskola-baratze bat egin zen Iturburun.

2020. urtean, pandemiaren eraginez eta COVID-19aren ondorio sozialak arintzeko obra-alorreko inbertsioak murriztu zirenez, eskoletako inbertsioetan ere murrizketak egon ziren.  Guztiarekin ere, 90.000 eurotik gora inbertitu ziren, beste lan batzuen artean, Arrateko Andra Mari ikastetxean baranda berriak jartzen, Amaña eskolako egokitzapen akustikoan, eta Helduen Hezkuntzako Ikastetxean ur-isurien konponketan.

Azkenik, 2019an, oraingo agintaldia hasi zen urtean ere hainbat hobekuntza-lan egin ziren Eibarko eskoletan, 140.000 euroko inbertsioarekin. Urte hartan egin ziren jarduketa hauek: Urkizu ikastetxeko patioa eta hesiak pintatzea eta argiak aldatzea; Arrateko Andra Mari ikastetxea pintatzea; San Andres ikastetxeko hirugarren eta laugarren solairuko komunen altuera goratzea eta argiak aldatzea; Amañako ikastetxean polikarbonatozko plakak ordeztea; Iturburuko estalkiko hezetasunak konpontzea; konponketa-lanak egitea HHI helduentzako zentroan.