Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gizartekintzako arreta-zerbitzuak 26.000 zita baino gehiago eman zituen 2023an, aurrez aurre eta telefonoz

Artxiboko argazkia. Gizartekintza sailera sartzeko atea.

Artxiboko argazkia. Gizartekintza sailera sartzeko atea.

2024/04/18

Zaurgarritasun ekonomikoa handiagoa da emakumeetan: baietza jasotako 761 eskabidetatik 501 emakumeek egin dituzte eta 260 gizonek.

Eibar kultura anitzeko herri bat da, non 73 herrialdetako pertsonak dauden (herriko populazioaren % 11), eta hori erronka handia da hiri plural gisa eta baita pertsona migratuentzako harrera herri gisa ere.  

Udal-teknikariek informazioari, balorazioari, orientazioari eta jarraipenari buruz emandako arreta-zerbitzuei dagokienez, 2023ko datuak aurreko urtekoen antzekoak dira: aurrez aurreko bisitak, etxeko bisitak eta telefono bidezko asistentziak kontuan hartuta, 5.000 asistentzia inguru egin dira guztira.  

Administrazioaren arreta-zerbitzuak 26.279 zita egin ditu guztira, bai arrez aurrekoak bai telefonikoak. Kontuan hartu behar da zerbitzu hau dela kasuak sail desberdinetara bideratzen dituena, eta zerbitzuko langileak direla zitak ematen dituztenak eta lehen orientazioa ematen dietenak sailera hurbiltzen diren pertsonei.  

Etxez etxeko laguntza-zerbitzuari dagokionez, 165 erabiltzaileetatik beren etxean bakarrik bizi direnak % 64  dira, eta % 63k mendekotasun-graduren bat dute aitortuta. Etxeko zerbitzua asistentzia-zerbitzu bat da, eta haren helburua da erabiltzaileak etxean bizitzen jarraitu ahal izatea, laguntza bat eskainiz etxean bertan egon eta moldatzeko; zerbitzuak, halaber, pertsonak komunitatean parte hartzea eta isolamendua eta bakardade-egoerak prebenitzea sustatzen du.

2023an, mendekotasuna baloratzeko 402 eskabide egin dira; kopurua pixka bat baxuagoa da iazko urtearekin alderatuta. Etxean mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko dirulaguntzei dagokienez, 277 arreta-zerbitzu egin dira, haietatik 162 emakumeentzat eta 115 gizonentzat.

Mendekotasuna duten pertsonak zaintzeari dagokionez, aipatu behar da zaintzaileen % 67 emakumeak direla eta % 33 gizonak.  

Sailean mendekotasunarekin lotutako beste zerbitzu eta prestazio batzuk izapidetu dira, hala nola egonaldi iraunkorrak edo aldi baterakoak egoitza-zentroetan eta eguneko zentroetan, Sendian programa, telelaguntza, Udaleko nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntza teknikoak, arreta goiztiarra, Sendian prestakuntza, aparkaleku-txartelen tramitazioa, eta mendekotasuna duten pertsonentzako prestazio ekonomikoak.

Zaurgarritasun ekonomikoari dagokionez, nabarmendu beharreko datu bat zera da: baietza jasotako 761 eskaeretatik, 501 emakumeek egin dituztela eta 260 gizonek, eta horrek argi erakusten du oraindik ere emakumeak ahulagoak direla ekonomikoki.

Horrekin batera, Udalaren dirulaguntza-lerroak azpimarratu behar ditugu, laguntzak baitaude bai familientzat, bai pentsionistentzat, bai baliabide ekonomiko urriak dituztenentzat.

Udalak Gurutze Gorriarekin duen lankidetza-hitzarmenaren bidez, muturreko zaurgarritasun-egoeran dauden herritarren oinarrizko premiak asetzen dira.

Hauexek dira diruz lagundutako programak:  

  • Haurtxoentzako loteak (esnea, zerealak, pixoihalak eta higieneko produktuak). 300 neska-mutiko.
  • Jostailu hezigarriak, 196 neska-mutiko
  • Eskola-materiala, 95 neska-mutiko.
  • Premia handiko produktuak erosteko txartela:  141 txartel (91 familia)

Larrialdiko eta gizarte-larrialdiko egoerei premiaz erantzuteko baliabideak ere badaude, hala nola gizarte-larrialdiko harrera-pisuak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako harrera-pisuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte-larrialdietako zerbitzua, larrialdiko ostatua eta arreta.  

Gizarteratze-datuei dagokienez, 4 pertsona daude udal-tutoretzapeko etxebizitzetan eta beste 4 Gipuzkoako Foru Aldundiko tutoretzapeko etxebizitzetan, 24 pertsona Udalaren programa sozioedukatiboan, 9 pertsona bazterketan espezializatutako balorazioan eta akonpainamenduan, eta 14 pertsona GFAko programa sozioedukatiboan.

Bazterketa-arriskuan edo -egoeran artatutako pertsonen datu demografikoei dagokienez, artatutako gizonen ehunekoa emakumeena baino handiagoa da, gehienak 40 eta 60 urte bitartekoak dira eta pertsona horietako gehienak ez daude erroldatuta.

Halaber, pertsona nagusiekin egindako lana herrian dauden adineko lau zentroen bidez egiten da. Erronka askori egin behar zaio aurre: nahi gabeko bakardadea, mendekotasuna, babesgabetasuna, bai eta adinekoen aktibazioa ere, zahartze aktibo eta osasungarrirako espazio egokiak sortuz.

Urtean zehar, hainbat tailer eta jarduera egin dira adinekoen zentroetan. Nabarmentzekoa da 2023ko urrian abian jarritako akonpainamendu psikosozialeko programa, oso harrera ona izan duena adinekoen lau zentroetan. 74 bat pertsona inguruk parte hartzen dute programan.  

Pertsona Nagusien Mahaia sortu da, non adinekoekin eta adinekoentzat lan egiten duten erakundeek beren kezkak, arazoak eta proposamenak helarazi ditzaketen. Mahai hori  gune parte-hartzailea da, baina  ez loteslea.

Haurreria eta gazteria

Arreta-zerbitzuaren datuak aurreko urteetakoen antzekoak dira: informazioa eta balorazioa, 309 eskabide.

Beste agente batzuen jakinarazpenak axolagabekeria-egoera posibleengatik, 108 izan dira. Familian egindako esku-hartzeak, 42; familia-eremuan adingabeekin egindako esku-hartzeak 63; mutilak neskak baino gehiago dira eta adina 9-12 urte ingurukoa da. Ingurune irekian artatutako adingabeak 55 dira.

Adikzioen Planean prebentzioan eta osasunaren sustapenean jartzen da arreta; aisialdiko tokiak erabiltzen dira ohitura osasungarriak sustatzeko, eta jarduerak herriko jaiegunetan egiten dira. Bestalde, hitzaldiak ematen dira eskoletan eta prebentzio-tailerrak eta prestakuntza-saioak egiten dira gurasoei zuzenduak.  

Kultur aniztasunari eta Migrazioari dagokionez,  atzerritarrak artatzeko eta orientatzeko zerbitzuko datuak baxuagoak izan dira aurreko urteekin alderatuta; guztira 225 arreta eskaini dira. Gaztelania ikasteko programan, 54 pertsonak hartu dute parte eta 55 lagunek arreta psikosozialeko zerbitzua jaso dute, haietatik % 71 emakumeak. Sail honetan sustatzen da pertsona migratuek herriko bizitzan parte hartzea eta, horretarako, elkar ezagutzeko guneak bultzatzen dira, hala nola Eibarren Bizi ekimena, hitzaldiak, tailerrak…

Gizarte Zerbitzuen Sailak nazioarteko lankidetza ere bultzatzen du, bi ildo oso argirekin: bata, beste herrialde batzuetan proiektuak garatzen dituzten erakundeentzat dirulaguntzak emateko, eta, bestea, eibartarrak sentsibilizatzeko. Sentsibilizazio-proiektuan 25.000 euro bideratu dira dirulaguntzetan, eta nazioarteko lankidetzan 330.585,17 euro.