Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Adierazpena, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

2022/06/20

Eibarko PSE-EE, Eibarko EH-Bildu eta Elkarrekin-Podemos udal taldeek honako adierazpen hau egiten dute ekainaren 20an ospatzen den Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta:

Erbestea etengabeko konstantea izan da gizateriaren historian, baita gurean ere: gu ere erbeste izan ginen. Eta gaur babes izatea dagokigu. Irmoki sinesten dugu errefuxiatuen eskubideetan, eta harrera integrala eta duina emateko konpromisoa hartzen dugu.

Orain, erbestealdiaren eta aterpearen bideak irauli egin dira. Gure erbestearen memoriak laguntzen digu gaur egun gerratik, indarkeria politikotik, genero-jazarpenetik, ingurumenaren degradaziotik eta bizitzaren prekarizaziotik ihesi doazen pertsonekin enpatia sentitzen.

Azken urteotan, gora egin du Euskadira nazioarteko babes bila datozen pertsonen kopuruak, bai eta Europako beste herrialde batzuetara bidean gure lurraldetik igarotzen direnen kopuruak ere.

Pandemia gorabehera, 2020an eta 2021ean Euskadik 4.809 asilo-eskatzaile jaso zituen (% 42 emakumeak ziren eta % 17 adingabeak). 2022an, nazioarteko babesa behar duten pertsonen fluxuak berraktibatzen ari dira: aurtengo urtarriletik apirilera bitartean, ia 1.287 eskaera erregistratu ziren, hau da, 2021 osoan aurkeztutakoen % 75.

Kopuru horri gehitu behar zaizkio Ukrainako gerratik ihesi iritsi direnak eta, 2001/55 Zuzentaraua lehen aldiz aktibatzeari esker, aldi baterako babeserako mekanismo espezifiko bat eskura dutenak.

Euskadi, beraz, iheslarientzako igarotze eta iriste leku garrantzitsua bihurtu da. Euskadin geratzen direnen kasuan, duten onarpen eta aintzatespen urriak baldintzatu egiten du haien gizarte-inklusioa ahalbidetuko duen eskubide eta zerbitzuetarako sarbidea, eta horrek pertsona asko zaurgarritasun handiko egoeretara bultzatzen ditu. 2020tik 2021era bitartean, Espainiako estatuan nazioarteko babesa aitortu zitzaien pertsonak % 7 baino gutxiago izan ziren, eta EBn, berriz, % 30 baino gehiago. Arrazoi humanitarioengatik bizilekua baimentzeko bidea Venezuelatik datozenenei ematen zaie ia modu esklusiboan. Bide honek dokumentazioa eta gizarteratzea errazten ditu, nahiz eta eskatzaileak ez diren errefuxiatutzat hartzen.

Ondorioz, nazioarteko babes-eskaera ukatzen zaien pertsonak (gehienak) zuzenean irregulartasun-egoerara igarotzen dira. Lana izatekotan, berehala galtzen dute. Harrera-sistemaren parte baziren, azkar ateratzen dituzte bertatik (15 egunetan), alternatiba juridiko eta sozialik gabe. Egoera horrek eragin handia du udaletako gizarte-zerbitzuetan eta migratzaileen kolektiboari eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonei lotutako beste gizarte-erakunde batzuetan.

Mugei, nazioarteko babesari edo atzerritartasunari dagozkien politikak Estatuaren eskumenekoak badira ere, berehalako premiak tokiko erakundeetan kudeatzen dira, hala nola benetako harrera ematea eta integrazioa eta elkarbizitza aniztasunean gauzatzeko aukera. Autonomia Erkidegoak gizarte-zerbitzuen arloko eskumena du, eta euskal aginte publikoak dira pertsonen eta horiek osatzen dituzten taldeen askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen baldintzak sustatzeko eta oztopoak kentzeko neurriak hartu behar dituztenak.

Xede honetan, hiriek eta udalerriek funtsezko zeregina dute. Horregatik guztiagatik, Eibarko PSE-EE, Eibarko EH-Bildu eta Elkarrekin-Podemos udal taldeek, Eibarko EAJ-PNVren abstentzioarekin, honako hau eskatzen diote Espainiako Gobernuari:

  1. Nazioarteko babesa aitortzeko estandarrak berma ditzala, Europako gainerako demokrazienekin bat etorriz.
  2. Pertsona guztien asilo-eskubidea ziurta dezala, hauen jatorrizko herrialdea edozein dela ere. Ukrainako krisiak agerian utzi du, borondate politikoa dagoenean, nazioarteko babesa behar dutenak hartzeko mekanismoak egon badaudela.
  3. Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako harrera-sistemaren malgutasuna eta iraunkortasuna ziurta dezala, pertsonak ardatz dituzten gizarteratze-prozesu eraginkorrak bermatu ahal izateko. Gure herrialdeko gizarte- eta lan-eremuko aldaketetara egokituko den sistema bat, behar bereziak dituzten pertsonei arreta emateko bitarteko egokiak izango dituena, eta, aldi berean, pertsonen aniztasuna kontuan hartuko duena (besteak beste, generoari eta sexu-joerari dagokionez, erlijioari eta kulturari dagokionez, adinari dagokionez…).
  4. Tratu-berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko Lege Integrala onar dezala, eta Tratu-berdintasunerako eta Diskriminaziorik Ezerako organo independente bat sor dezala, diskriminazioaren biktimei arreta, laguntza eta erreparazioa emateko baliabide nahikoekin eta izaera eta eremu desberdinetako politika eta eragile diskriminatzaileak behatzeko eta haietan eragiteko ere.
  5. Gizaki-salerosketaren Biktimak Babesteko eta Laguntzeko Lege Integrala onar dezala.

Halaber, Eibarko Udalak honako hau eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari:

  1. Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzako harrera-sistemaren malgutasuna eta iraunkortasuna ziurta dezala, pertsonak ardatz dituzten gizarteratze-prozesu eraginkorrak bermatu ahal izateko. Gure herrialdeko gizarte- eta lan-eremuko aldaketetara egokituko den sistema bat, behar bereziak dituzten pertsonei arreta emateko bitarteko egokiak izango dituena, eta, aldi berean, pertsonen aniztasuna kontuan hartuko duena (besteak beste, generoari eta sexu-joerari dagokionez, erlijioari eta kulturari dagokionez, adinari dagokionez…).
  2. Enplegu-bilaketa aktiborako sarbidea erraztea, prestakuntza egoki, publiko eta doakoaren bidez, bai tokiko hizkuntzak ikasteko zein etorkizunean enplegua lortzeko aukerak hobetuko dituen prestakuntza jasotzen jarraitu ahal izateko.
  3. Osasun mentaleko arreta-sarerako edo lan psikologikora zuzendutako taldeetan parte hartzeko sarbidea erraztea, bizi izandako egoera traumatikoetatik errekuperatzen laguntzeko.

Eta, era berean, Eusko Jaurlaritza zein Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuta eta bere eremutik, Eibarko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

  1. Etxebizitza soziala eta gizarte-, hezkuntza-, osasun- eta kultura-arloko baliabideak eta dirulaguntzak eskuratzeko erraztasunak ematea, nazioarteko babes-premiak dituzten pertsonen eta aberrigabeen zailtasunak aintzat hartzen dituzten irizpideak ezarriz, egoera bereziki ahulean dauden pertsonak kontuan hartuta, hala nola genero-arrazoiengatik jazarpena jasan duten edo indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeena.
  2. Gizarte-prestazioak eskuratzeko irizpideak ezartzea horien lorpena erraztera begira, eta ez prestazioak etetera bideratuta; esate baterako, jatorrizko herrialdean lortu ezin diren agiriak edo Espainiako estatuan ez dauden senideak salbuestea, izapideak arintzea eta komunikazioa hobetzea.
  3. Diskurtso diskriminatzaile eta xenofoboei aurre egitea, prebentzio- eta monitorizazio-neurriak hartuz, eta integrazio-, bizikidetza-, berdintasun- eta diskriminaziorik gabeko planak eraginkortasunez diseinatu eta inplementatzen direla bermatzea administrazioaren maila guztietan, ikuspegi komunitariotik eta beharrezko aurrekontu-esleipenarekin.
  4. Tokiko biztanleei zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak gauzatzea, errefuxiatuekin eta migratzaileekin batera gizarteratzean eta elkarbizitzan eragiteko, hala nola zurrumurruen aurkako estrategien bitartez.
  5. Diskurtso arrazista eta xenofoboen aurkako jarrera irmoa izatea, diskurtso politikoek immigrazioa instrumentalizatzen ez dutela eta gorrotoaren bidez gizarte-haustura sustatzen ez dutela zainduz.
  6. Zerbitzu publikoetan diskriminazioaren eta tratu-desberdintasunaren biktimei arreta ematea.
  7. Memoria historikoaren balioa azpimarratzea, duela ez hainbeste, gu ere erbeste izan ginelako. Orain babesa izatea dagokigu.

EIBARKO PSE-EE           EIBARKO EH-BILDU        ELKARREKIN-PODEMOS EIBAR