Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Adierazpen instituzionala, errefuxiatuak hartu eta integratzeko etapa berri bat hasteko

2018/07/02

Biolentziak, gerrak, diktadurak eta askatasun falta direla-eta, milaka familiak ihes egin behar izaten dute eta muga bat gurutzatu gertuko herrietan segurtasuna bilatzeko. Pertsona horiek teorikoki errefuxiatu bihurtzen dira: teorikoki, nazioarteko onarpena dute eta bizi diren Estatuen laguntza eskuratzeko eskubidea. Nolanahi ere, CEAR elkarteko datuen arabera, eskubide edo babes hori ez da harrera-herrietan ematen ari.

Egunero, pertsona askok beren bizitzako erabakirik zailena hartu behar dute: beren herria uztea.

Beren etxea utzi eta babes bila irten behar izan duten pertsonen kopurua gero eta handiagoa da. NBEren arabera, 65 milioi desplazatu eta errefuxiatu baino gehiago daude munduan. Batez beste, minutuero 24 pertsonak utzi behar dute beren herria, hain zuzen ere 34.000 egunean.

Zifra izugarri horien aurrean, herri garatuenek Giza Eskubideak bermatzeko hartu behar duten konpromisoa ezin da bereizi pertsona horiei eman beharreko harrera-politikatik, 60 milioi pertsona desplazatu baino gehiago baitaude mundu osoan. Pertsona horiek ez dute ihes egiten aukera ekonomiko berrien bila bakarrik, gerren eta diktaduren askatasun faltaren ondorioetatik ere ihes egiten dute.

Egoera horiek ez dituzte bakarrik desplazatuak sortzen, baita errealitate tragiko batzuk ere halako gatazkekin lotuta joan ohi direnak, hala nola emakumeen sexu-esplotazioa, mutilazioak eta intrantsigentzia erlijio edo pentsamendu arrazoiengatik; egoera horiek guztiek behartu egiten dute pertsona asko beren herrietatik alde egitera.

Nahiz eta migrazio-politiken eskumenak estatuarenak izan, uste dugu Eusko Jaurlaritzak, tokiko erakundeok eta herritarrok oro har, konpromisoa hartu behar dugula eta erantzun irmo bat eman harrera-politika eta ekintza erreal eta arduratsuak garatuz eta giza eskubideen eta pertsonen duintasunaren defentsa geure eginez.

Elkartasunez jokatu behar dugu; onarpen osoa eman behar diegu pertsona guztiei, eta erakunde sozialekin lan egin, gure auzo eta herrietan dagoen xenofobia eta arrazakeriari aurre egiteko.

Horregatik guztiagatik, Amnistia Internazionala erakundeak eta “Ongi etorri, errefuxiatuak” plataformak eskatutakoarekin bat etorriz, eta joan den ekainaren 20an Errefuxiatuen Mundu Eguna izan denez, Eibarko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak Adierazpen Instituzional hau egitea erabaki du, Eibarko Irabazi-Ganemos udal taldek proposatuta:

1. Eibarko Udalak berretsi egiten du Eibar “harrera-herri" bat dela, eta elkartasuna adierazten die beren herritik irtetera behartuta dauden pertsonei.

2. Eibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, harrera-planarai eutsiko dio, zehaztuko dituena zer estrategia eta programa espezifiko hartu behar dien errefuxiatuak hartu eta integratzeko, eta baita zein diren instituzioen eta erakunde sozialeko arteko lankidetza-esparruak ere.

3. Eibarko Udalak borondate irmoa adierazi nahi du, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, bidezko neurri ekonomikoak eta behar den pertsonala aplikatzen jarraitzeko ematen den laguntza administrazioei dagozkien eskumenen bidez bideratu dadin, hala, beren herria utzi behar duten pertsonak egoki hartu eta integratuko direla bermatu ahal izateko.

4. Eibarko Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die elkartasunean eta gizabidean oinarrituriko urgentziazko neurriak har daitezela giza krisi honi erantzun aktibo bat emateko, eta migrazio eta asilo politika bateratu bat gara dadila, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideak errespetatzea bermatuz.

etiketak: Udala, Eibar, adierazpena