Abian dira Egogain ingurua berrurbanizatzeko obrak, autobus-geltokiko hobekuntzak barne
Aurreko astean hasi ziren Egogain inguru osoa berrantolatzeko eta berrurbanizatzeko lanak. Proiektuak, halaber, hainbat hobekuntza jasotzen ditu egungo autobus-geltokirako. Obren kostua 48.398 eurokoa da (BEZa barne), eta bost bat aste iraungo dute lanek. Obrak egingo dituen enpresa Egogain San Andrés SL da.
Jon Iraola alkateak azaldu zituen prentsaurrekoan proiektuaren nondik norakoak, baita obrek inguru horretako jardueran izango duten eragina eta autobus lineen mugimenduan izango diren aldaketak ere.
“Jarduera honek -adierazi du Iraolak- aukera emango digu hilabete pasatxoan ingurune hobetu bat eta autobus-geltoki irisgarriagoa, erosoagoa eta modernoagoa izateko; eta errealitate egingo da, gobernu-taldearen apustuetako bat, alegia, zerbitzu hori hiriaren erdigunean mantentzea eta intermodalitatea bermatzea, beste garraio-konexio batzuetatik gertu egonik”.
Gainera, alkateak azaldu duenez, autobus-geltokitik hurbil dagoen merkataritza- eta ostalaritza-jarduera erakarpen-foku bat da gure hiriarentzat, eta horrek sinergiak sortzea ahalbidetzen du. Izan ere, Iraolak gogorarazi duenez, autobus-geltokia Egogainen mantentzeko proiektua, zerbitzua hobetuz, “aholkularitza espezializatu batek egindako azterlan baten bermea du”. Irizpide hori bat dator herritarren iritziarekin; izan ere, inkesta batean, “herritarrek, gehiengo handiz, autobus-geltokia hemen mantentzearen alde egin zuten, beste aukera batzuen aurrean”.
Obra hauen hasierari begira, Hirigintza Sailak eta Alkatetzak bilerak egin dituzte inguruko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduekin, lanen garapenari eta izan ditzaketen eraginei buruzko informazioa emateko. Era berean, udal-arduradun teknikoek terminalean lan egiten duten autobus-enpresetako arduradunekin hitz egin dute, obrak egin bitartean egin beharko diren aldaketak ezartzeko.
Hala, gaurtik, apirilak 17, eta bost astez, hauxek izango dira aldaketak: Eibar-Arrasate-Vitoria-Gasteiz, Eibar — Vitoria-Gasteiz (urtegitik), Eibar-Arrasate eta Eibar-Bergara-Arrasate-Eskoriatza lineak Untzaga plazako geltokitik irtengo dira, eta ez Egogainetik. Eta linea horien amaiera, Eibarrera iristen direnean, San Juan geltokian izango da, eta ez Egogainen.
Nolanahi ere, linea horien ordutegiek ez dute aldaketarik izango.
Obrak egungo autobus-geltokiaren eta pareko aldearen artean egingo dira, etxebizitzen urbanizazio berria eraiki den lekuaren aurrean. Eraikin berri horren fatxada lerroa kaleko gainerako fatxaden mailara atzeratu denez, espazio publikoa irabaztea lortu da.
Horrela, eraikinaren espazio osagarrian, espaloia handitu da eta horrek aukera ematen du zuhaitz-lerro bat sartu eta egoteko eremu zabal bat izateko, eta autobusen maniobra-eremuan toki gehiago sortu da, egungo autobus-geltokia birdimentsionatu eta hobetu ahal izateko.
Oinezkoentzako espazioa, oro har, hobetu egingo da, egungo dartsenak bi metro atzeratuko baitira eta sei dartsenetako bat lekuz aldatuko baita. Era berean, bi espaloiak zebra-bide berri batekin lotuko dira autobusen maniobra-eremutik kanpo geratzen den espazioan. Horrela, seigarren dartsena espaloiaren ondoan kokatuko da, kalean bertan.
Horrekin batera, Udalak geltoki berritua haren zerbitzurako lokal batekin osatuko du. Lokal hori etxebizitza-eraikin berriaren beheko solairuan kokatuko da. Egogainetik zein San Andres kaletik (eraikinaren atzealdetik) sartu ahal izango da lokal horretara, eta, horrela, Ardantzako tren-geltokiarekiko lotura erraztuko da. Bertan itxarongune bat egongo da erabiltzaileentzat eta hainbat zerbitzu jarriko dira, hala nola takillak eta komunak.
Egogaineko eremua berrurbanizatzeko proiektuaren barruan, halaber, komun publiko batzuk jartzea planteatu zen. Komun horiek duela aste batzuk jarri ziren Kontent tabernaren aurrean dagoen haur-parkearen ondoan, eta dagoeneko martxan daude.