Abian da "aurrekontu parte-hartzaile" prozesua; herritarrek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte uztailaren 13ra arte

2018/06/11
Udalak prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian: herritarrek proposamenak egin ahal izango dituzte ekainaren 11tik uztailaren 13ra arte, bileretan egokienak aukeratu eta bozketaren bidez zeintzuk gauzatuko diren erabaki. Inbertituko den dirua modu ekitatiboan banatuko da zortzi herriguneetan.

Eibarko Udalak “aurrekontu parte-hartzailea” jarri du martxan 2018 urte honetako udal kontuetarako; herritarrek erabaki ahal izango dute zer inbertsio egingo diren udalerriko herriguneetan, Udalak berak zehaztutako muga ekonomiko baten barruan. Proposamenak aurkezteko epea gaur astelehena, hilak 11, zabaldu da eta uztailaren 13 ra arte luzatuko da.

Prozesu honekin, eibartarrek erabakiko dute 2018ko udal aurrekontuetako 800.000 euro nola inbertitu. Kopuru hori biztanle-kopuruaren arabera banatu da herriaren zortzi populazio-guneen artean: ekialdea (119.571 €), erdigune-ekialdea (106.695 €), erdigunea (134.114 €), Legarre (76.071 €), Ipurua (102.055 €), Urki (103.461 €), Amaña (100.822 €) eta baserri-auzoak (55.524 €).

Prozesu honetan parte har dezakete 2017ko azaroaren 1etik aurrera 16 urte beteta izan eta Eibarren erroldatuta baldin badaude. Erroldatuta dauden auzo horretan bakarrik parte hartu ahal izango dute; ezingo dute beste auzo batzuetarako proposamenik egin. Proposamenak aurkeztu ahalko dira eta horietatik aukeratutakoak bozkatu. Beraz, parte hartu nahi badute —NANaren fotokopiarekin batera— inprimaki bat laga beharko dute —non proposamena zehaztuko duten— ondorengo leku hauetan jarriko diren buzoietan: Orbeako kiroldegia; San Andrés ikastetxea; Pegora, Herritarrentzako Zerbitzurako Bulegoa; Legarreko San Andres egoitza; Ipuruako kiroldegia; Urkiko jubilatuen egoitza eta Amañako anbulatorioa. 

Proposamenak egiteko inprimakia PEGORAN izango dute interesatuek, Herritarrentzako Zerbitzurako Bulegoan, eta baita www.eibar.eus udal webgunean ere. Auzo bakoitzean jarriko diren ontzietan ere egongo dira.

Pertsona bakoitzak egokien deritzen proposamenak aurkeztu ahal izango ditu eta webgunera igoko dira denak, herritar guztiek haien berri izan dezaten; erretiratu egingo dira honelako proposamenak: udal eskumenekoak ez direnak, proposamena egiten duen pertsonaren herrigunekoa ez direnak, edo —herri-proiektu zabalago bati erantzuteagatik— herrigunearen mugaz kanpokoak direnak.

Herritarrek egindako proposamenek prozesuaren lehen fasea gainditzen badute, proposamena egin duen pertsonak, bigarren fase batean, zergatik aurkeztu duen azalduko du jendaurrean. Azkenik, botazioa egingo da, Pegoran, Herritarrentzako Zerbitzurako Bulegoan, horretarako propio jarritako hautestontzietan.

Prozesuaren lidergoa

Prozesuaren lidergoak hiru zutabe izango ditu. Lehenik, lidergo politikoa, Alkatetzari eta Ogasun zinegotziari dagokiena. Bigarrenik, “Talde Eragilea” izenekoa, Bozeramaleen Batzarreko kideek eta Ogasun zinegotzi andreak osatua, kide iraunkor gisa. “Talde Eragile” honen zeregina izango da prozesuaren bilakaera aztertzen joatea eta metodologiari dagozkion erabaki egokienak hartzea.

Balorazio Teknikoaren lantalde bat ere egongo da, herritarrek egindako proposamenak baloratzeko ardura izango duena, juridikoki, teknikoki eta ekonomikoki, haien bideragarritasuna zehazteko. Alkateak izango du lidergoa eta bertan egongo dira proposamenak gauzatzeko ardura duten sailetako ordezkariak, udal idazkariarekin eta kontu-hartzailearekin batera.