Eibarko Udala
Jardunaldia

Abenduaren 14an, artisau erako ogi-ekologikoa-Hobbea Proiektuaren inguruko jardunaldia egingo da Eibarren

2024/12/03
Kartela.
Kartela.
HoBBea proiektua ekoizpen ekologikoan diharduten Euskadiko eta Nafarroako hainbat elkartek bultzatzen dute.

Gipuzkoako Biolur, Iparraldeko BLE eta Nafarroako Hazialdeko ekoizpen ekologikoko elkarteek, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen eta Eibarko Udalaren laguntzarekin, topaketa bat antolatu dute HoBBea proiektuaren testuinguruan.

Proiektu hau ogiaren balio-katea osatzen duten eragileen lankidetza-harremanaren ondorioz sortu da, egungo elikadura-sistemaren iraunkortasunari buruzko kezka partekatzen baitute denek. Sistema horretan, ekoizpen- eta kontsumo-moduek eta elikagai-xahuketak eragin handia dute bai ingurumenean, baita osasunean eta jendartean ere.

Testuinguru honetan, HoBBea Euroeskualdearen berrikuntza-deialdiaren esparruan ekoizpen ekologikoko hiru elkarteek sustatutako proiektua da, helburu duena nekazari-okinaren figura indartzea, eta lurraldean ogi ekologikoaren kontsumoaren balioak eta onurak ezagutaraztea.

Helburu nagusia da elkarteen arteko lankidetza sendotzea eta ekoizpen- eta kontsumo-eredu arduratsuak sustatzea egungo krisi eko-sozialari aurre egiteko, horretarako hainbat ardatzen gainean lan eginez. Ardatz horien arteko nabarmenenak okintzarako gari-barietateak berreskuratzea eta gizartean aldaketa kulturala sustatzea dira.

HoBBearen lehen topaketa maiatzaren 17an izan zen Jatsun (Behe Nafarroa); hantxe eman zen ezagutzera Euskal Herrian bertako hazien karakterizazioan egiten den lana. Bigarren topaketa Eibarko Errebal Plazaren instalazioetan egingo da, abenduaren 14an.

Topaketa honek artisau erako ogi ekologikoa izango du oinarri. Haren garrantzia azpimarratuko da hainbat ikuspegitatik, eta elikaduraren, osasunaren eta kontsumoaren arloan gure lurraldean dauden eragileekin partekatzeko elkarrizketa-gune bat sortuko da.

Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da, Errebal plazan. Aizpea Izagirre Zozola baserriko artisau-okinak ongietorria egingo die ekoizleak zein kontsumitzaileak biltzen dituen gunea ezagutzeko asmoz bertara hurbiltzen diren pertsonei. Gainontzeko jarduerak Errebal Plazaren goialdean dagoen aretoan egingo dira.

Goizean zehar, nutrizionista profesional eta okintzan ikertzailea den Christian Rémésyk (INRA–Ikerketa Agronomikoaren Institutu Nazionala– institutuaren zuzendari ohia) eta Myriam Possou okin profesionalak baserriko ogi ekologikoaren  nutrizio balioei buruz hitz egingo dute. Saioan sukaldariak, elikadura-ikertzaileak, nutrizionistak eta osasun arloko adituak bildu nahi dira, haien eskarmentuan eta lanbidean oinarrituta, gaiaren inguruko ekarpenak eta ezagutzak partekatzeko asmoz.  

Eguerdian bertako produktu ekologikoak dastatzeko aukera emango duen buffeta egingo da. Pertsonako 13 euro ordaindu beharko dira, ekitaldian bertan.   

14:30etik aurrera, parte hartuko duten hiru elkarteetako teknikariek, ekoizleek eta okinek egiten duten ogiaren balioak ezagutaraziko dituzte. Horretarako, bertako haziak, laborantza ekologikoa eta okintza-prozesuak izango dituzte hizpide. Saio hau elikagaien merkataritzari, kontsumo-taldeei eta kontsumitzaileei zuzenduta dago, eta helburua da ogiaren kontsumoari buruz sor daitezkeen galderei erantzutea eta zuzeneko salmentan aritzen diren eragileen ekarpenak jasotzea. Jardunaldia arratsaldeko 17:00etan amaitzea aurreikusten da.

Parte hartu nahi izanez gero, abenduaren 10aren aurretik eman beharko da izena, bai kartelaren QRaren bidez, bai Biolur elkartearen web-orrian (www.biolur.eus).