Eibarko Udala

936.000 eurotan adjudikatu da Ubitxa eta San Kristobal lotuko dituen bigarren igogailua

2022/03/22
Ubitxa eta San Kristobal lotuko dituen bigarren igogailuaren maketaren irudia.
Lanen egikaritze-epea 46 astekoa da eta adjudikazioa Obras Especiales Edificación e Infraestructuras enpresari esleitu zaio. Proiektua egikaritze-fasean dagoen lehenengo igogailuaren jarraipena da.

Eibarko Udalak Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresari esleitu dio 936.209 eurotan (BEZa barne) Ubitxa eta San Kristobal auzoak lotuko dituen bigarren igogailuaren eraikuntza.  

Igogailu berria Ubitxa kaleko 4. zenbakiko eraikinaren inguruan kokatuko da, lehenengo igogailuaren goiko pasarelaren amaieratik gertu. Igogailuak 10 metro inguruko desnibela gaindituko du eta hiru geraleku izango ditu; bata Ubitxa 6 zenbakira eta San Kristobal 21 zenbakira iristeko; beste bat San Kristobal 19 eta Ubitxa kalearen 4 zenbakira iristeko; eta, azkenik, hirugarren geraleku bat, pasarela baten bidez, San Kristobal kaleko goiko aldeko espaloira heltzeko.

Obra esleitu ondoren, lanak laster hasiko dira, eta 46 asteko egikaritze-epea izango dute; beraz, igogailua abian jarri ahal izango da 2023ko lehen hiruhilekoaren amaieran. Gainera, ordurako, martxan egongo da lehenengo igogailua, izan ere, haren eraikuntza erritmo onean doa eta udarako egongo da amaituta.  

Hala, bi igogailuek oinezkoentzako ibilbide bat osatuko dute, zerbitzua emango diena inguru horretako 1.000 bat auzokideri.  

NerxtGenerationEU Funsekin finantzatutako proiektua

Joan den otsailean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak ebatzi zuen bi igogailuak 1.249.605,00 eurorekin finantzatzea, emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria eragiteko helburuz udalerriei laguntzeko programaren barruan. Proiekuta NextGenerationEU funtsekin finantzatuko da, Jaurlaritzak abian jarritako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

Jon Iraola alkatea pozik azaldu da dirulaguntza hori lortu izanaz, eta zera adierazi du: “Eibarko Udaletik ahalegin handia egiten dugu urtero auzo eta kale guztien irisgarritasuna hobetzera bideratutako proiektuak gauzatzeko. Oso jarduera garrantzitsuak dira, eta plangintza zehatz batez gain, aurrekontu-zenbateko oso handiak eskatzen dituzte. Horregatik, oso berri ona da, eskabidea egin ondoren, dirulaguntza hauek merezi izana uste izatea; izan ere, Udalak inbertsio handia egin du.”  

Zentzu horretan, Iraolak hauxe gaineratu du, “Dirulaguntza hori ez da bakarrik pizgarri bat igogailuak, eskailerak eta beste irtenbide mekaniko batzuk egiten jarraitzeko eta gure hiriko desnibel hain bereizgarriak gainditzeko, baizik eta aukera bat da aurrekontu handiagoa izateko Obra Sailean hiriarentzat aurreikusitako beste proiektu estrategiko batzuk garatzeko.”

Erlazionatutako edukia: