Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

80 pertsonak hartu dute parte "Berrerabili eta Berrasmatu" udaberriko tailerren azken edizioan

"Berrerabili eta Berrasmatu" tailerren udaberriko edizioaren artxiboko argazkia.

"Berrerabili eta Berrasmatu" tailerren udaberriko edizioaren artxiboko argazkia.

2023/07/13

Eibarko Udalak 10 tailer egin zituen martxotik maiatzera bitartean, hondakinak modu sortzailean berrerabiltzea sustatzeko xedez. Hirugarren urtez jarraian antolatu dira tailer hauek, aurreko edizioetan izandako harrera ona dela-eta.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, "Berrerabili eta Berrasmatu" tailerren udaberriko edizioa egin zuen martxoaren 4tik maiatzaren 13ra bitartean. Tailer hauen bidez, erabilitako objektuak berrerabiltzea, birziklatzea eta konpontzea sustatu nahi da, balio erantsia emanez eta haien balio-bizitza luzatuz.

Horrela, nahiz eta 186 pertsonak eman zuten izena, azkenean, 80k hartu dute parte egindako 10 tailerretan, eta guztietan bete da aforoa, klase desberdinetan eskainitako plaza guztien % 92 bete baitzen. Hala, adierazi beharra dago gehien eskatu diren saioak hondarrak aprobetxatzeko-sukaldaritzari, hiri-baratzeen sorkuntzari, tapizatzeari eta iturgintzari buruzkoak izan direla.

Tailer guztiak Eibarko hainbat entitarekin elkarlanean antolatu dira, eta haien instalazioetan egin dira saioak, horretarako egokituta baitaude eta, hortaz, beharrezko baliabideak dituzte.

Oraingo honetan entitate laguntzaile horiek herriko lau saltoki izan dira (El Taller de Manualidades, Eskusutxo, Adarabar eta Baratze); eta horietaz gain, Eibarko Klub Deportiboa, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua eta Armagintzaren Museoa.  

Horrela, herritarrek Eibarren berrerabilera, birziklapena eta konponketa sustatzeko dauden espazioen kopurua eta aniztasuna identifikatu ahal izango dituzte.

Tailerren prezioari dagokionez, 2 eta 15 euro bitartekoa izan da, iraupenaren arabera. Prezio horiek Eibarren erroldatuta dauden pertsonei aplikatu zaizkie, eta Eibarren erroldatuta ez daudenentzat, berriz, prezioak 4 eta 25 euro bitartekoak izan dira.

Era berean, azpimarratu behar da parte hartu duten ikasleek eta tailerrak eman dituzten pertsonek oso balorazio positiboa egin dutela edizio berri honen inguruan; gauza bera egiaztatu zen 2021eko eta 2022ko udazkenean egindako aurreko bi edizioetan.

Horrela, datu onak ikusita, Udala udazkenean laugarren edizio bat antolatzeko prestaketa-lanetan ari da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “tailer hauen bidez, Eibarko Udaletik herritarrei tresna sortzaileak eskaini nahi dizkiegu beren kontsumo-ohiturak praktikan jartzeko eta horietan eragiteko, eta horrek zuzenean eragiten du hondakinen murrizketan. Gainera, birziklatzea eta jatorrian behar bezala bereiztea sustatzen dugu, ingurumenarekiko errespetuzko jarrerak eta balioak garatzeko”.

Tailer hauek antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat jaso du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik.