5.500 eskabidetik gora Eibarko Udaleko eskola-laguntzetarako
Eibarko Udalak 5.572 eskabide jaso ditu guztira, “Umeak Eskolara” eta “Dirulaguntzak Ikasleei” izeneko programetarako. Ekimen hauek jada kontsolidatuta daude, duela 23 urte Eibarko familiei laguntzeko sortu zirenetik. Guztira 265.377,49 euroko zenbatekoa bideratu du Udalak, ikasturte-hasierak dakarren gastuari laguntzeko, eta, bide batez, herriko merkataritzari bultzada bat emateko.
“Umeak Eskolara" programak 4.195 eskaera jaso ditu, eta aurrekontua 183.003,91 eurokoa izan da. "Dirulaguntzak ikasleei” programak 1.377 eskaera jaso ditu, eta 82.373,58 euroko aurrekontua izan du. Dirulaguntza bi hauen helburua hauxe da: ikasturte-hasieran familiek izaten dituzten gastuei aurre egiten laguntzea, eta herriko dendetan oinarrizko produktuak erostea sustatzea.
Familia bakoitzak 60,10 euro arteko laguntza bat jaso du, arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testu-liburuak izan ezik), betaurrekoak edo lentillak erosteko.
“Programa honek familien zama ekonomikoa arintzeaz gain, bertako dendariei ere zuzenean laguntzen die, eta dendari hauek funtsezko papera betetzen dute herriko ekonomian", adierazi du Jon Iraola alkateak.
Duela bi hamarkada baino gehiago martxan jarri zenetik, programak erakutsi du tresna eraginkorra dela ikasturte-hasierari lotutako gastuak murrizteko. Erosketak Eibarko establezimenduetan egiteko eskatzen denez, bilatzen dena da herriko merkataritza-sarea ere dinamizatzea, tokiko ekonomia indartzea eta etekina ateratzea bai familientzat bai herriko komertzioentzat.
Erantzun honek frogatzen du, baita ere, beharrezkoak direla era honetako ekimenak, alegia, laguntza soziala eta jarduera ekonomikoaren sustapena bateratzen dituztenak.