Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

250 ikasle inguruk parte hartu dute baserriko balioak hirira hurbiltzeko programan

2019/07/30

Proiektuan bisita gidatuak egin dira hainbat baserritara eta Merkatu Plazara; han ikasleek zuzenean ezagutu dute zein den baserritarren eguneroko lana. Inkestatutako pertsonen % 100ek uste dute egitasmoaren helburuak bete direla, eta egindako bisitak eta jarduerak asko gustatu zaizkiela esan dute.

Eibarko sei hezkuntza-zentrotako Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 250 bat ikaslek parte hartu dute azken hilabeteetan Eibarko landa-inguruneko ibilbide didaktikoen programan; Eibarko Udalaren Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak Debemenekin batera sustatutako “Basarrixa Hurretik” izeneko ekimenaren helburua zera da: Eibarko kaletarrei baserri munduaren balioa gerturatu eta transmititzea”. Bisiten programan Eibarko Mendigoitxi, Sosola eta Sumendixa baserriek parte hartu dute, bai eta Rialtoko Merkatu Plazak ere. Ikasleen batez bestekoa ibilbide bakoitzeko (guztira hamaika ibilbide egin dira) 22 ikaslerena izan da.

Kontuan izanik sentsibilizatzeko modurik onena dela gure baserrien eguneroko lanean eta bizimoduan parte hartze aktiboa izatea, ikastetxeei proposatu zitzaien ibilbide didaktiko batzuk egitea azokara eta baserrietara. Eskola-jardunaldi batean zehar, ikasleek aukera dute baserritarrak zuzenean ezagutzeko, eta haien eguneroko lana eta Eibarko sektorearen gaur egungo egoera zein den jakiteko.

Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzaren zinegotzi den Alberto Albisteguiren esanetan “ekimen hau bultzatu dugu garrantzitsua delako gertuko errealitate honetara hurbiltzea, sentsibilizazio eta konpromisoa handiagoa sortzeko, bai gure lehen sektorearekin jarduera ekonomiko gisa, bai inguratzen gaituen landa-ingurunearekin ere. Gainera, programa honek erakutsi nahi du taldeak hartzea ustiaketaren diru-sarreren osagarri bat izan daitekeela etorkizunean (jarduera turistikoak, gastronomikoak, etab).”

Bisitak batez ere praktikoak izan dira; hainbat tailer eta jarduera programatu dira lehen produkzioarekin eta bertako produktu osasuntsuak kontsumitzearen garrantziarekin lotuak. Tailerrez gain, ibilbide bakoitzean hainbat gai landu dira gure landa-ondarearekin lotuak: natur ingurunea, landa-kultura, historia, ohitura gastronomikoak.

Helburu horrekin fitxa espezifiko batzuk egin dira azokari buruz eta Eibarko lehen sektorearen jarduera ekonomikoei buruz (nekazaritza, abeltzaintza, paisaia eta eraldaketa) eta bisitak egin diren baserrien jarduerari buruz. Material hori kurrikulura eta hezkuntza-helburuetara egokitzen da, irakasleentzat aplikagarriak diren eduki eta jarduerak eskainiz

Azken hilabeteetan (aurtengo martxoaren 29tik maiatzaren 30era), 11 ibilbide didaktiko egin dira guztira ( 8 Lehen Hezkuntzako taldeekin, talde bat Bigarren Hezkuntzakoa eta bi talde Oinarrizko Lanbide Heziketakoak).  Programaren koordinazioaz arduratu den enpresa Landatur SL izan da; haren esanetan "erantzun eta harrera ezin hobea izan du bai ikastetxeetan bai taldeak hartu dituzten Eibarko baserrietan”.

Programaren emaitza ezagutzeko, amaieran inkesta batzuk egin dira parte hartu duten ikastetxeen artean. Inkestatutako pertsonen % 100ek uste dute egitasmoaren helburuak bete direla, eta esan dute egindako bisitak eta jarduerak asko gustatu zaizkiela. Halaber, parte hartu duten ikasleek adierazi dute oso ondo pasatu dutela. Irakasleek esan dute erantzuna oso ona izan dela eta azpimarratu dute taldeei egin zaien harrera ona, eta ibilbideetan inplikatutako pertsona guztien tratua eta arreta. Ibilbideen balorazio orokorra bikaina da. Emaitza horiek ikusita, Udalak uste du hurrengo urteetan ere errepikatu behar dela.