Eibarko Udala
2025eko Aurrekontua

2025. urterako aurrekontu-aurreproiektua aurkeztu da, zeinean Eibar biziberritzeko egitasmo estrategikoak gauzatzea eta amaitzea aurreikusten den

2024/12/20
Argazkian (ezkerretik eskumara): Alberto de la Hoz, Eibarko EAJ-PNV udal taldeko bozeramailea; Jon Iraola, alkatea; eta Ana Telleria, Ogasuneko zinegotzia.
Argazkian (ezkerretik eskumara): Alberto de la Hoz, Eibarko EAJ-PNV udal taldeko bozeramailea; Jon Iraola, alkatea; eta Ana Telleria, Ogasuneko zinegotzia.
Zirriborroa 55,7 milioi eurokoa da, 2024. ekitaldirako onartutako zenbatekoa baino 5 milioi euro gehiago Inbertsioen kapitulua 13 milioi eurokoa izango da, 2024an baino 5 milioi gehiago. Horri esker, hainbat proiektu egin ahal izango dira, hala nola hiri-inguruneak eta eraikinen irisgarritasuna hobetzeko proiektuak, eraikinak balioan jartzeko egokitzapen-lanak, eta erabilera berrien dotazioa.

Jon Iraola alkateak, Ana Telleria Ogasuneko zinegotzi eta udal talde sozialistako bozeramaileak, eta Alberto de la Hoz EAJ-PNV udal-taldeko bozeramaileak Eibarko Udalaren 2025erako aurrekontu-aurreproiektuaren ildo estrategikoak aurkeztu dituzte gaur goizean prentsaurrekoan. Aurrekontua 55,7 milioi eurokoa izango da.

Alkatearen hitzetan, “2025. urtean —atzean laga ondoren urte bat, non inbertsio-proiektu batzuk birprogramatu behar izan ditugun— pultsua berreskuratzeaz gain, oso obra garrantzitsuak egingo dira, herriko sektore ekonomikoak zein auzoak biziberritzeko balioko dutenak".

Konparazioa eginda, termino absolutuetan, Gobernu Taldeak egindako aurrekontu-aurreproiektuak 5 milioi euro inguruko hazkundea aurreikusten du 2024. urtearekin alderatuta, eta, horrek ehunekoari dagokionez, ia % 10eko goranzko aldakuntza dakar aurreko ekitaldiarekiko.

Auurrekontu-kapituluen arabera, udal-baliabide gehien ondasun arrunten eta zerbitzuen gastuetarako bideratzen dira, 18 milioi euro inguru (gastuaren guztizkoaren % 32,16). Hala ere, aurreko urteetan kapitulu hori igo egin bazen ere, aurten gastuaren kontentzio- eta arrazionalizazio-ariketa arduratsu bat egin da, eta ez dago aldaketarik iazko ekitaldiarekiko.  

Eibarko sozialistek eta nazionalistek osatu berri duten koalizio-gobernuak aurkeztutako aurreproiektuan, Pertsonalarena da gastu-kapitulu garrantzitsuena, aurrekontu guztiaren % 31,92 kontsumitzen baitu. Gastua 17,8 milioi eurokoa da, eta kopuru absolutuetan 1,3 milioi euro baino zertxobait gehiago handitu da iazkoarekin alderatuta.

Igoera hori, Telleriak azaldu duenez, "batez ere, Giza Baliabideen Plan Estrategikoan jasotako neurriak aplikatzearen ondorio da, plan horrek, batetik, plantilla berritzea eta udal-sailen benetako eta etorkizuneko beharretara egokitzea duelako helburu, eta baita herritarrek eskatutako kalitate-estandarrekin zerbitzua ematea ere, eta, bestetik, belaunaldien arteko erreleboa eta ezagutzaren transferentzia egokia egitea.” Iraolak azpimarratu duenez, "Administrazioek aurre egin beharreko erretiro masiboen aurrean –2024an, plantillako 63 kidek 63 urte baino gehiago dituzte–, helburua da erreleboak irauten duen bitartean ez dadila langileen ezagutzarik galdu. Horregatik, Giza Baliabideen Planak 6 hilabeteko mentoretza-programa bat aurreikusten du kasu gehienetan —luzeagoa ere izan daitekeena—. Programa horretan, erretiroa hartuko duen langileak eta haren eginkizunak hartu eta erreleboa egingo duenak batera egongo dira aldi batez; horrek esan nahi du denbora batez plaza "bikoiztuak" egongo direla, eta hortik gastuaren igoera, nahiz eta etorkizunerako inbertsioa dela esango nukeen.”

Inbertsioen kapitulua 13 milioi eurokoa izango da, eta, horri esker, 2024an nahitaez birprogramatu behar izan ziren proiektu batzuk berraktibatuko dira, eta beste batzuk hasiko dira. Proiektu horiek guztiek zerikusia dute hiri-inguruneak hobetzearekin, irisgarritasunarekin, aparkalekuekin, eraikinak balioan jartzeko egokitzapenarekin eta erabilera berrien dotazioarekin.

Hala, 2025an amaituko dira Torrekua anbulatorio zaharra birmoldatzeko lanak, Amaña eta Legarre auzoak espazio anitzeko ekipamenduz hornitzeko, zeinaren erabilera nagusia jubilatu-etxearena izango den. Eta baita Barakaldo kalea (Electrociclos ondoan) Estaziño eta Azitain arteko trenbide-trazaduraren pasealeku-zatiarekin lotuko duen igogailua. Igogailu horrek, irisgarritasunaren arloan hobekuntza nabarmena ekartzeaz gain, egungo puntu beltza ezabatzeko aukera emango du.  

Gainera, Bustinduitarren kalea berrurbanizatzeko bigarren faseari ekingo zaio, eta Arragueta eta Mutiola kaleetan ere obrak egingo dira; Eibarko hiru kale oso garrantzitsu dira, aldatu egingo direnak erosoagoak eta erakargarriagoak izateko. 3 proiektu horien batura 2,4 milioi eurotik gorakoa da. San Juan – Mekola atzealdeko urbanizazioa ere egingo da, 500.000 euroko aurrekontuarekin.

Egingo diren beste obra batzuk dira Jardiñetako aparkalekua eta kale bereko 25 eta 31 zenbakien arteko bi igogailuetako lehena. Geroago egingo da bigarrena, parkingarekin lotuko duena; bestalde, proiektua idatzi eta kreditua badago, Ubitxako aparkalekua egingo da.

Obra txikien atalean, 640.000 eurorekin, honako lan hauek sartu dira: Fermin Calbeton kaleko hezetasuna-arazoak konpontzea, Arragueta kaleko 16 zenbakiko eraikina botatzea, Ubitxako plazatxoa birmoldatzea, Argatxako arrapalak egitea, edo Sostoako eskailera aldatzea, haren bizitza erabilgarria agortu ondoren.

Gainera, 4 ekitaldirako 350.000 euroko urte anitzeko diru-partidari esker, eta baserritarrekin lortutako akordioa betez, bailaretako landa-pistak berritzeko eta hobetzeko eskaerei erantzungo zaie.

Era berean, 2025ean, Eibarko ikasleek instalaziorik onenak izateko xedez, eta iaz Eibarko ikastetxeetan obra garrantzitsuak egin ondoren, 90.000 euroko balio duten obrak egingo dira.  

Baina aurten, zalantzarik gabe, ekitaldi garrantzitsua izango da Barrena kalea berroneratzeari eta biziberritzeari dagokionez; izan ere, Estaziño eta Azitain lotuko dituen pasealeku-proiektuak aurrera egiten jarraitzeaz gain, eta beharrezko eraispenak egin ondoren, Hijos de Gabilondo fabrika zaharrean udal-ekipamendu berria adjudikatu eta gauzatzen hasiko da. Funtzio anitzeko eraikin bat izango da, eta bateratu egingo ditu, alde batetik, jarduera ekonomikoa dinamizatzen laguntzeko eta ekintzailetza sustatzeko espazioak, eta, bestetik, herritar guztiek eta, bereziki, inguruko bizilagunek erabil eta disfrutatzeko espazioak. Eraikina birgaitu ondoren, ingurua eta Barrena kalea berrurbanizatuko dira. Bi jarduketen kostua, alegia, eraikinari bigarren bizitza ematea eta inguruaren hiri-kalitatea hobetzea, 10 milioi eurokoa izango da.

Gainera, hobekuntza handiak egingo dira, ekipamenduari eta mantentze-lanei dagokienez, bai hiru kiroldegietan, bai Astelena pilotalekuan. Inbertsio- eta mantentze-partiden batura 700.000 eurotik gorakoa izango da (energia-, erregai- eta garbiketa-gastuak alde batera utzita).

“Eibarko Udalaren 2025erako aurrekontu-aurreproiektuak, 55,7 milioi euroko diru-kopuruarekin, suspertze-aldi baten hasieran markatzen du, 2024an inbertsioak birprogramatu behar izan ondoren”, adierazi du Jon Iraola alkateak. “Urte hau funtsezkoa izango da sektore ekonomikoak suspertzeko eta hiriko hainbat gune hobetzeko; obra esanguratsuak egingo dira, hala nola Torrekuko espazio anitzeko ekipamendua eta Jardiñeta kaleko lehen igogailua." Halaber, Iraolak nabarmendu du % 10eko igoera dagoela aurreko urteko aurrekontuarekin alderatuta, eta arreta berezia jarri du udal-plantillaren berritzean. “Inbertsio hauek egungo beharrei erantzun ez ezik etorkizuneko Eibarrerako oinarriak ere jartzen dituzte.”

Bestalde, Alberto de la Hoz EAJ- PNVko bozeramaileak nabarmendu nahi izan du partida ezberdinak sartu direla jeltzaleen presidentzia duten arloetan, eta baita beste hobekuntza batzuk ere beste arlo batzuetan; eta horiek guztiek indartu egiten dutela planteatzen duten hiri-eredua. Arragueta berroneratzeaz gain, Ubitxako aparkalekua egitea ezinbestekotzat jotzen dute, izan ere, beren taldea aspalditik eskatzen ari den proiektua bat da.

EAJk kontrolatzen dituen arloen artean, azpimarratu behar da zuntz optikoko sare baten hedapenaren hasiera egingo dela udal-eraikinak eta -azpiegiturak lotzeko, "Eibar konektatua eta, aldi berean, seguruagoa ahalbidetuko duena. Horri esker, trafiko-kamerak ezarri ahal izango ditugu herriko hainbat gunetan, Udaltzaingoarentzat eta Ertzaintzarentzat lagungarri izango direnak beren lanean.”

Plan horrek hainbat fase aurreikusten ditu, eta erdigunetik hasi eta auzoetara zabalduko da ondorengo urteetan. Horrez gain, Legarreko, Jardiñetako eta Amañan egingo den aparkalekuek zaintza eta argiztapena  izango dute; gainera, aurrekontuan aurreikusi da beste bi aparkaleku egiteko proiektua, nahiz eta oraindik aztertzen ari diren.

Udaleko EAJ-PNVren arloekin jarraituz, esan behar da Karmen eta Zuloagatarren  kaleetan haurren jolasguneak berritzeko partidak sartu direla, eta 2024an egiteko geratu zen Txaltxazelaiko kirol kantxa egitea ere sartu dela. Aurrekontuak akordio bat ere jasotzen du Zuloagatarren kalean eliza ingurua eta parkea eraberritzeko proiektu bat idazteko. “Eibarko neska-mutikoek beren espazioa dute aurrekontu hauetan”, adierazi du Alberto de la Hozek.

Bestalde, Berdintasuna Arloko pertsonala indartuko da, Andretxeak ematen duen zerbitzu ona mantenduz, eta Udalak Ego Ibarraren eta Euskararen bidez ematen dituen bekei aurrekontu gehigarria emango zaie.

Azkenik, gure herriko berdeguneak eta aisialdi-guneak zaintzeko helburuarekin, lanean jarraitzen dugu lehendik dauden eremuak behar bezala mantentzeko, eta zuhaitzak landatzeko plan bat bultzatuko dugu, naturarekin lotuko gaituzten eremu gehiago eta hobeak behar ditugula uste baitugu.