Eibarko Udala

2022rako Ordenantza Fiskalak eta Prezio Publikoak onartu dira

2021/10/14
2021eko urriaren 14ko ezohiko osoko bilkura.

Udal Osoko Bilkurak, gaur osteguna, urriak 14, 2022rako Ordenantza Fiskalak eta Prezio Publikoak onartu ditu ezohiko bilkuran. Aurten ere, tasak eta zergak izoztea onartu da, datorren urteari begira.

Udal taldeen arteko eztabaida luze baten ondoren, akordioak PSE-EEren aldeko 9 boto eta Eibarko EAJ-PNV, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemosen 11 abstentzio izan ditu.

Jon Iraola alkateak hauxe nabarmendu du: “Pozik nago udal taldeen arteko negoziazioak nola egin diren eta, nola ez, negoziazioen emaitzekin, hiru talde nagusien arteko akordioa lortu baita, eta horri esker, bederatzigarren urtez jarraian, tasak eta prezio publikoak izoztea ahalbidetu da. Dudarik gabe, benetan albiste oso ona eibartarrentzat."  

Era berean, Iraolak aitortu nahi izan du “alderdien arteko bileretan nagusi izan diren akordioetara iristeko nahia eta borondatea. Alkateak uztailean bidali zien proposamena ulertu eta partekatu dute alderdiek, hau da, zergak ez igotzea, egungo egoera ekonomikoaren aurrean arduraz jokatzea, eta, hala, presio fiskalari langa jarriz, aipatutako egoera ekonomikoak Eibarko herritarrengan eta sektore ekonomikoetan izan dezakeen eragina minimizatzen laguntzea.”

Eibarko EAJ-PNVrekin eta Eibarko EH-Bildurekin lortutako akordioak OHZren % 50eko errekargua kentzea ere ekarriko du, arrazoirik gabe etxebizitza hutsak dituzten jabeak birritan ez zigortzeko hartutako konpromisoarekin bat etorriz; izan ere, ekainean indarrean sartu zen eta aplikatu beharrekoa da etxebizitza hutsei buruzko ekainaren 8ko 149/2021 Dekretua. Eusko Jaurlaritzaren Dekretu horrek, jenderik gabeko etxebizitzei eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzkoak, hutsik dauden etxebizitzei kanon bat ezartzeko aukera jasotzen du.

Ana Telleria Ogasuneko zinegotziaren hitzetan, “kanona abian jarri aurretik, behar bezala jakinaraziko diegu zein jaberi aplika dakizkiekeen haien ondorioak, zein programa erabil ditzaketen beren etxebizitzak merkatura ateratzeko eta horrek dakartzan abantaila fiskalak. Abantaila hauek ditu: OHZren % 50eko hobaria, Eibarko Udalean indarrean dagoena, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programara etxebizitzak lagatzen dituztenentzat, edo birgaitzeko ematen diren laguntzak. Kontua ez da dirua biltzea, baizik eta alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzea Eibarren eta, hartara, dagoen eskariari erantzuna ematea, eskari handia dago-ta.”

Bestalde, Telleriak adierazi duenez, “gure ordenantzei proportzionaltasun handiagoa ematen lagunduko duten aldaketa guztiei eman zaie baietza. Horrela, inguruko udalerrietakoekin eguneratu eta parekatuko dira, PSE-EEren proposamenez, Eibarko gure kaleetan jaiegunetan ez diren egunetan saltoki itxiak jartzen dituzten negozioek ordaindu beharko dituzten espazio publikoen aprobetxamendu-tasak. Era berean, enpresak Erisonon ezartzeko aldaketak egin dira (EIOZ ordenantzan lehendik zegoen hobari bat gehituz, talde jeltzaleak proposaturiko aldaketa) edo enpresak hirigunetik Eibarko industrialdeetara eramateko pizgarriak sartu dira (EH Bilduren proposamenez, hobari bat sartuko da jardueraren lehenengo 5 ekitaldietan jarduera aldatzen dutenentzat).  

Hiru talde nagusiek, gainera, beste aldaketa batzuk egitea erabaki dute, hala nola, gure baserritarrek merkatu berrian ordaindu beharko duten tasa (15 euro hilean) edo irabazi asmorik gabeko elkarteen udal erregistroan inskribatuta dauden elkarteek Coliseoko aretoak erabiltzeagatik inolako tasarik ordaindu behar ez izatea, eta, Udalaren erregistro horretan izena eman gabe egon arren, eibartarrak badira edo jarduera Eibarren badute, 300 euroko alokairua ordaindu eta erabiltzeko aukera izatea “gaur egun indarrean dagoen prezioa baino askoz gutxiago ordainduta”.

Era berean, 2022. urteko Ordenantza Fiskalak eta Prezio Publikoak onartzeko gaur goizean egin den ezohiko osoko bilkuran, garrantzi gutxiagoko beste ordenantza batzuez gain, Udal Euskaltegiko tasen aldaketak ere onartu dira (horri esker, ikasle guztiei aukera emango zaie eskola presentzialak hartzeko, eta, hori egiterik ez dagoenean, eredu hori online eskolekin eta autoikaskuntzarekin konbinatzeko; beraz, askoz zerbitzu osatuagoa). Zine komertzialeko sarreren prezioak ere aldatu dira (Udalak bere gain hartu du horien kudeaketa, eta orain, bitartekorik gabe, filmak hainbat enpresari alokatzen dizkie), eta Antzerki Jardunaldietako sarreren egokitzapena ere.

Azkenik, eta lege-eragozpenengatik tasetan islatuko ez den arren, Eibarko PSE-EEk, Eibarko EAJ-PNVk eta Eibarko EH-Bilduk hitzartu dute Udal Aurrekontuen testuinguruan martxan ipintzeko dirulaguntza-lerro bat aztertzea, Ondasun Higiezinen Zergaren edo OHZren ordainketari aurre egiteko zailtasunak dituzten eibartarrei laguntzeko.