Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020ko martxoaren 13tik azaroaren 15era beren plantillei eutsi egin dieten Eibarko industria-enpresei Udalak dirulaguntzak ematea onartu du

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2020/10/13

185.000 euroko udal-programak 5.000tik 15.000 eurora arteko laguntzak eskuratzeko aukera emango die enpresei, bakoitzak duen behargin-kopuruaren arabera. Udalak pandemiaren eragin sozioekonomikoak leuntzeko egindako txoke-planean dago jasota enpleguari eusteko ekimen hau.

Eibarko Udalak zuzeneko laguntza-lerro bat onartu du, aurtengo martxoaren 13tik azaroaren 15era beren plantillei eutsi egin dietela egiaztatzen duten herriko enpresei zuzendua. 
 Programa hau, 185.000 euroko diru-zuzkidura duena, Covid-19aren ondorioak leuntzeko Udalak diseinatutako txoke-planaren barruan dago jasota; enpresentzako laguntzen atalean, hain zuzen ere.

Laguntza-programa honen deialdia eta oinarriak irailaren 28ko Udal Osoko bilkurak onartu zituen, eta helburua da enpleguari eustea industria-sektorean, beharginen lan-egonkortasuna sustatuz.

Denbora-tarte horretan 20 behargin baino gutxiagoko batez besteko plantilla izan duten enpresek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute; 20 eta 50 behargin bitarteko batez besteko plantilla izan duten enpresen kasuan, 10.000 eurokoa izango da laguntza; eta 50 beharginetik gorako batez besteko plantilla dutenentzat, 15.000 eurokoa.

Dirulaguntza hauek jaso ahal izango dituzte azaroaren 15ean 2020ko martxoaren 13ko plantillaren batez bestekoari eutsi edo plantilla handitu duten pertsona fisiko edo juridikoek, sozietate zibilek eta ondasun-erkidegoek. Horretarako, baldintza hauek ezartzen dira: eskatzaileak Eibarren eduki behar du JEZen alta emanda, eta  ez du izango Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekurik.

Gainera, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren barruan ondoren emango diren talde hauetako batean egoteagatik ordaintzen duten enpresak izan behar dute: 1. saila (energia eta ura), 2. saila (mineral ez-energetikoen erauzketa eta eraldaketa, industria kimikoa), 3. saila (metalak eraldatzeko industriak, doitasunezko mekanikagintza), 4. saila (bestelako manufaktura-industriak; eta, besteak beste, hauek: serieko era guztietako jantziak egitea, zur-industria, kortxoa eta egurrezko altzariak, paper- eta kartoi-eraldaketa, arte grafikoak eta kautxoa eta plastikoa eraldatzeko industria). 

Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak eta dokumentazio erantsia aurkezteko epea azaroaren 16an hasi eta 30ean amaituko da. Eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da enpresa bakoitzeko. Dirulaguntza-eskaerak elektronikoki egin behar dira udal webgunearen bidez: www.eibar.eus  Izapidea elektronikoki egiteko beharrezkoa da ziurtagiri digital bat izatea.

Derrigorrean aurkeztu behar diren dokumentuen artean, martxoaren 13ko beharginen batez besteko txostena eta arazoaren 15eko beharginen batez besteko txostena daude; dokumentu biak, Gizarte Segurantzak emanak.  Dirulaguntza honen xede den jarduerarako beste dirulaguntza batzuk eskatu eta eskuratu badira, eskatutako edo emandako beste dirulaguntza horiei buruzko erantzukizunpeko deklarazioa aurkeztu beharko da.