Blas Etxebarria eta Jazinto Olabe haurreskoletarako izen-ematea astelehenean (martxoak 30) hasiko da, familiek seme-alabak matrikulatu ahal izan ditzaten
Familien eskariari erantzuna emateko prozesua abiatu du Udalak. Maiatzaren 4an hasiko dira klaseak, ohiko ikasturtea hasi aurretik.
Eibarko Udalak iragarri du datorren astelehenean, martxoak 30, irekiko dela ezohiko matrikulazio epea, hala nahi duten eibartar familiek euren seme-alabak Blas Etxebarria eta Jazinto Olabe haurreskoletan inskribatu ahal izateko. Interesa dutenek Pegorara, Herritarren Zerbitzurako Bulegora, joan beharko dute, eta epea apirilaren 10era arte egongo da martxan. Jendaurreko ordutegia honako hau izango da: 30ean (astelehena), 08:30etik 19:00etara; eta 31n (asteartea) eta apirilaren 1ean (asteazkena), Aste Santuaren bezperan, 08:30etik 14:30era. Apirilaren 7tik 10era ordutegia hau izango da: 7an, 9an eta 10ean, 08:30etik 13:30era, eta apirilaren 8an (asteazkena), 08:30etik 19:00etara. Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu Haurreskolak Partzuergoaren webgunean.
Prozesu honen diseinuaren helburua da eskariak ordenatzea, eta bermatzea familiek sarbidea izango dutela informaziora eta beren seme-alabak haurreskolan sartzeko planifikaziorako beharrezkoak diren baliabideetara, ohiko matrikulazio-epea hasi aurretik. Neurria Udalak Eibarko familien premiei erantzuteko duen konpromisoaren isla da, udal-politika guztien ardatz, eta haren helburua da gardentasuna eta segurtasuna eskaintzea plazen kudeaketan.
Ezarritako egutegiaren arabera, behin-behineko zerrendak apirilaren 20an argitaratuko dira, eta horrek aukera emango die familiei egindako eskaerak behar bezala erregistratu direla egiaztatzeko, eta, beharrezkoa balitz, hurrengo egunean, apirilaren 21ean, erreklamazioak edo zuzenketak prestatzeko. Apirilaren 23an, eskaerei uko egin ahal izango zaie, eta, azkenik, apirilaren 24an, behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Horiek horrela, Udalak bermatu egingo du prozesua argitasunez egiten dela, epeak errespetatuz eta informazio zehatza eskainiz, familiak aurretiaz antolatu daitezen. Ikasleak maiatzaren 4an hastea aurreikusita dago, eta egun horretatik aurrera irailean hasiko den ikasturterako ohiko matrikulazio-epea irekiko da, beraz, izen-emate bien artean trantsizio bat egongo da.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “Udal honentzat familiak beti izan dira lehentasuna, eta, horregatik, benetako premiei erantzuteko prozesu argiak eskaintzeko xedez lan egiten dugu. Ez-ohiko matrikulazioak, eskarien onarpena ordenatzeaz gain, familien planifikazioa ere errazten du, eta bermatzen du ume guztiek izango dutela zerbitzurako sarbidea, modu justu eta antolatuan. Iraolak nabarmendu du Udalak Jazinto Olabe eta Blas Etxeberriako lokalak egokitzeko duen konpromisoa, administrazio-prozedura guztiak betez eta aurreikusitako epeak errespetatuz, obrak egin bitartean eguraldia dela-eta izan diren atzerapenak gorabehera. “Obrak Saileko taldeak arin eta arduraz lan egin du zentroak martxan jartzeko, eta Eibarko familiekin dugun konpromisoak lehentasuna izaten jarraitzen du”, adierazi du.
Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen eta Hezkuntzako zinegotziak esan duenez, “zerbitzu hauetarako sarbidea erraztea funtsezkoa da familia-kontziliaziorako eta zuzeneko inpaktua du Eibarko familia askoren egunerokoan. Badakigu gaiak kezka sortzen duela familietan, horregatik, saiatu gara gauzak ahalik eta azkarren egiten, ez-ohiko prozesu hau prest egon dadin eta eskaerak ahalik eta azkarren bideratu ahal izan daitezen. Lokal berrien bidez, erantzun zehatz bat emango dugu, eta, bermatu egingo dugu umeak inguru seguru eta egoki batean egongo direla beren hasierako hezkuntza-urteetatik.
Ez-ohiko prozesu hau haurreskolen sareko lokal bien egokitzapen-obren amaierarekin osatuko da; lokalak dagoeneko Haurreskolen Partzuergoaren esku daude, martxan jarri eta kudeatu ditzan. Espazioak, Jazinto Olaben —udal-ludotekaren ondoan— eta Blas Etxeberrian —El Cascoren eraikinetako baten etxabean— hasierako etapetatik kalitatezko hezkuntza-zerbitzua eskaintzeko egokitu dira.
Obrek 463.042,84 euroko inbertsioa izan dute, eta Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren laguntzarekin finantzatu dira, kontziliazioari eta zerbitzu publikoak indartzeari laguntzeko politiken barruan.