Eibarko Udala
haurreskolak

Zabalik dago apirilaren 10era arte Eibarko bi haurreskoletarako matrikula-epea

2026/04/07
Jazinto Olabeko haurreskola.
Jazinto Olabeko haurreskola.

Familiek Pegoran (Herritarren Zerbitzurako Bulegoa) matrikulatu ahal izango dituzte beren seme-alabak. Jazinto Olabeko eta Blas Etxeberriako zentro berriek maiatzaren 4an hartuko dituzte ikasleak.

Eibarko Udalak jakinarazi nahi du dagoeneko zabalik dagoela udal-haurreskola berrietan izena emateko ez-ohiko epea. Apirilaren 10era arte matrikulatu daitezke umeak, horrela, beharrezkoak diren informazioa eta baliabideak eskuratu ahal izango dira, ohiko ikasturtea hasi aurretik behar bezala planifikatzeko. 

Interesa dutenek Pegorara, Herritarren Zerbitzurako Bulegora, joan beharko dute, eta epea apirilaren 10era arte egongo da martxan.

Jendaurreko ordutegia honako hau izango da: martxoaren 30ean (astelehena), 08:30etik 19:00etara; eta 31n (asteartea) eta apirilaren 1ean (asteazkena), Aste Santuaren bezperan, 08:30etik 14:30era. Apirilaren 7tik 10era ordutegia hau izango da: 7an, 9an eta 10ean, 08:30etik 13:30era, eta apirilaren 8an (asteazkena), 08:30etik 19:00etara. Gainera, adierazi behar da aurretiko hitzordua erreserbatu ahal izango dela izapide hori egitera joateko. Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu Haurreskolak Partzuergoaren webgunean.

Behin-behineko zerrendak apirilaren 20an argitaratuko dira, eta, apirilaren 21ean, familiek eskaerak egiaztatu eta erreklamazioak edo zuzenketak egin ahal izango dituzte. Eskabideari uko egin nahi izanez gero, apirilaren 22an egin beharko da, eta behin betiko zerrendak apirilaren 24an plazaratuko dira. Ikasleak maiatzaren 4an hasiko dira, hasiera antolatu eta segurua ziurtatuz ume guztientzat.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, “epea dagoeneko zabalik dago, eta familia guztiak animatu nahi ditugu seme-alabak lehenbailehen matrikulatu ditzaten. Prozesu honek, gardentasuna bermatzeaz gain, familia-planifikazioa errazten du, eta, era berean, ziurtatzen du haur guztiek izango dutela espazio hauetan sartzeko aukera, modu justu eta antolatuan. Oso harro gaude zentroak maiatzaren 4rako martxan jartzeko moduan egongo direlako”.

Bestalde, Ekonomia Garapen Saileko zinegotzi Vanesa Hortasek adierazi duenez, “matrikula-epea dagoeneko zabalik egonda, berretsi egiten dugu familia-kontziliazioarekiko dugun konpromisoa. Jazinto Olabe eta Blas Etxeberriako lokal berriek inguru segurua eta irisgarria eskaintzen dute, eta ahalbidetzen dute haurrek lehen hezkuntza-urteetan izango dituzten instalazioak haien beharretara egokituak izatea”.

Lokal berriak, Haurreskolen Partzuergoari utzi zaizkionak kudeatu ditzan, Jazinto Olaben —udal-ludotekaren ondoan— eta Blas Etxeberrian —El Cascoren eraikinetako baten etxabeetan— daude. Espazio biak egokitu dira inguru segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko, lehen hezkuntza-urteetatik umeak behar bezala hartzeko.

Horrez gain, Jazinto Olabek legez hasieran emandako baino plaza gehiago izatea aztertzen ari da Udala, baita beste kokapen batzuk begiratzen ere, Eibarren haurreskolen eskaintza handitze aldera.  “Aukera guztiak aztertzen ari gara, erantzukizunez eta araudia betez. Gure konpromisoa da familia bat bera ere ez geratzea plaza barik”, gehitu du Iraolak.