Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020-2032 aldirako Irisgarritasun Plan berria onartu du Udalak

2020-2032 aldirako Irisgarritasun Plan berria onartu du Udalak

Amañako pasealekua.

2019/11/27

Udalerriaren irisgarritasunean 44 milioi eurotik gorako hobekuntzak dakartza. Asmoa da 4 urteko 3 alditan egitea.

Eibarko Udaleko Obra Batzordeak, aurreko astean egindako bileran, oniritzia eman zion 2020-2032 aldirako Eibarko Irisgarritasun Plan berriari, eta tokiko Gobernu Batzarrak aurreko ostiralean, azaroak 22, eman zion behin betiko onespena.

Planak 44 milioi eurotik gorako hobekuntzak ezartzea islatzen du udalerriaren irisgarritasunean, eta jasotzen du hobekuntza horiek 12 urteko epe batean egin beharko direla, 3 laurtekotan banatuta, 2020an hasiz eta 2032an amaituz. Zentzu horretan, lehenetsi egiten ditu ibilbide nagusietan eta bigarren mailako ibilbideetan aurreikusitako esku-hartzeak, erabilera handiko gune libreetan eta, gehienbat, adinagatik edo egoeragatik, mugikortasun-arazo batzuk izan ditzaketen biztanleria-sektoreak biltzeko lekuetan edo eraikinetan aurreikusitakoak.

Hala, Planak hiru jarduketa-kategoria ezartzen ditu.

Alde batetik, "Ibilbideetako jarduketak" izendatutakoak, bide publikoan irisgarritasunaren alorrean egin beharreko hobekuntzak barne hartzen dituztenak, hala nola, bide-zabalerak, desnibelak, oztopoak, oinezkoentzako pasabideak, garraio publikoko geltokiak edo erreserbatutako aparkalekuak. Guztira 1.146 bide aztertu dira udalerrian.

Bestalde, udalerriko eremu libreetan irisgarritasunaren alorrean ezarri beharreko jarduketak daude, eta hor sartzen dira parkeetan, plazetan, haur- eta kirol-ekipamenduetan eta sarbide libreko gainerako eremuetan gauzatu beharreko jarduketa guztiak. Guztira, 97 eremu aztertu dira.

Eta, azkenik, udal eraikinetan ezarri beharreko irisgarritasun-hobekuntzak daude; besteak beste, herriko ikastetxeetan, udal kiroldegietan, kanpoko igerilekuan, jubilatu-etxeetan edo udaletxean bertan egin beharrekoak. Guztira, 35 aztertu dira.

Horiez gain, Planak berariaz jasotzen ditu udalerrian gaur egun beharrezkoak diren igogailuak, oinezkoen ibilbide irisgarri berriak sortzeko; era horretan, bide publikoan hautemandako malda handiei egingo zaie aurre. Planak era horretako 17 jarduketa jasotzen ditu; guztira, ia 15 milioi euroko zenbatekoa. Horien artean daude gobernu-taldeak 2020. urtean burutu nahi dituen jarduketa batzuk, duela egun batzuk gainerako udal taldeei helarazitako aurrekontu-proposamenean jasota daudenak.

Herriarentzako proiektu estrategiko bi dira, auzotarrek askotan eskatu izan dituztenak, hain zuzen ere, proiektu berri bi hauek: batetik, Ubitxa eta San Kristobal kaleen arteko irisgarritasuna onduko duten igogailuak eta, bestetik, Jardiñeta kaleko 29, 31, 33 eta 35 zenbakietako irisgarritasuna hobetuko dutenak. Egikaritze-proiektuak hemendik denbora gutxi barruko amaituko dira.

Jon Iraola Obra zinegotziaren hitzetan, "sekulako Irisgarritasun Plan zehatza dugu aurrean, irisgarritasunaren arloan udalerrian egin behar ditugun hobekuntzak zehatz eta zorrotz zehazten dituena. Proiektu benetan zurruna dugu esku artean, eta oso garestia; horregatik, datozen urteetan, hausnarketa- eta antolaketa-lan sakona egin beharko dugu, baita ahalegin ekonomiko handia ere, baldin eta Planak jasotakoaren zati handi bat —guztia ez izan arren— bete nahi badugu behintzat.”