Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

“Uni Encounter” ekimenaren beste edizio bat egingo da aurten, Eibarko Udalaren laguntzarekin

“Uni Encounter” ekimenaren edizio berriaren aurkezpena.

“Uni Encounter” ekimenaren edizio berriaren aurkezpena.

2024/02/07

Bi egunetan, hitzaldiez eta dibulgazio-jarduerez gain, ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak, lehiaketak eta txapelketak egingo dira. Uni Eibar-Ermua ikastetxea da ekimenaren antolatzailea eta han egingo dira jarduerak; bertan informatikaren eta teknologia berrien hainbat alderdi landuko dira.

Eibarko Udalak, Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bidez, beste behin ere Uni Encounter ekimen arrakastatsuarekin bat egingo du. Topaketa honetan teknologia berriekin lotutako jardunaldiak egingo dira. Bi egunetan zehar, Eibarko unibertsitate-esparruak izaera dibulgatiboa, teknikoa eta ludikoa duten jarduerak hartuko ditu. Aurtengo edizioa hilaren 9an (ostirala) eta 10ean (larunbata) izango da, eta askotariko ekitaldiak antolatu dira informatikaren eta teknologia berrietan interesa duten pertsonentzat.

Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Ekimen hau jende gehien erakartzen duen ekitaldietako bat da, arlo digital eta teknologikoaren alderdi interesgarri asko ezagutu eta praktikatu baitaitezke bertan. Egunero, gailu elektroniko asko erabiltzen ditugu informazioa lortzeko, izapideak egiteko edo entretenitzeko; horregatik, ekimen hau oso aukera ona da, adituek datu interesgarriak eman ahal dizkigutelako.”Azkenik, herritarrak animatu ditu ekimenean parte hartzera.

Uni Eibar-Ermua ikastetxea izango da berriz ere ekimenaren eszenatokia. Ikastetxea da jardueraren antolatzailea, Alesander Robleño digitalizazioan, kirol elektronikoetan eta entretenimendu digitalean espezializatutako aholkulariarekin batera.  Aurreko urteetan bezala, alderdi ‘serio’ bat izango du, hitzaldi eta dibulgazio-tailerrekin, eta beste bat ludikoagoa, ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak, lehiaketak eta konpetizioak barne hartuko dituena.

UniEncounterren 2024ko edizioak aurreko edizioko jarduera batzuk sendotzea du helburu, eta, aldi berean, berrikuntzak egiten eta formula eta jarduera berriak bilatzen jarraitzea, aurten Flybble-ko kideek Drone Soccer-ekin edo Battle Bots-ekin egingo duten bezala. Ekitaldiak hitzaldien bloke oso interesgarri bat izango du, erabiltzaile teknikoagoentzat, eta, aldi berean, jarduera irekiak eta publiko guztientzako egokiak, bai entretenimenduaren esparruan, bai aktibitate didaktikoetan; jarduera horiek balio dezakete teknologia desberdin bezain interesgarrietan (adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta borroka-robotak) interesa duten guztientzat lehen kontaktua izateko.

Aurtengo UniEncounterra ostiralean (hilak 9) inauguratuko da, 18:00etan, Elesky pianistaren doako kontzertu batekin Unibertsitateko antzokian, eta ondoren Astronomia–Softwareari buruzko hitzaldi bat egongo da Gorka Buruagaren eskutik. 21:00etan gaueko ekitaldiak hasiko dira (Mahai Jokoak, minijolasen lehiaketak, eta abar). Gorka Buruagaren bigarren zatiarekin amaituko da eguna.

Hitzaldi teknikoenak hilaren 10ean izango dira, larunbatean, 11:00etan hasita, Kevin Fernandezen “Google Cloud-ekin lanean” izeneko solasaldiarekin. Ondoren, “Analisi forentse informatikoaren tailerra” izango da, eta Ainhize Arrese eta Alex del Cabo mintzatuko dira. Nicolas Vicuñak BitCoinei buruz hitz egingo du; Tximelet bots-ekoek BattleBots-ei buruz hitz egingo dute, edo zibersegurtasunari buruz, Alex Robleñok zuzenean erakutsiko baitu nola hackeatu gelako iPhone guztiak. Amaitzeko, Lukas Arana Software Libre Taldekoak hitzaldi bat emango du Adimen artifizialari buruz.

Hitzaldi hauek topagune bat eskaintzen dute esperientziak partekatzeko eta esparru teknologikoari, jolasaren eta entretenimenduaren arloari eta negozio digitalei buruz ikasteko. Aurten Encounterrak nazioarteko izaera izango du, Holandako sei ikasle eta Danimarkako bi etorri direlako parte hartzera eta ekimena nola antolatzen den ikustera, gero beren herrietan antzekoak egin ahal izateko.

Ekimenaren alderdi ludikoa hilaren 10ean (larunbata) izango da; egun horretan ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak egongo dira. Sekzio horretan era askotariko lehiaketak antolatuko dira, hala nola Counter Strike, League of Legends edo Valorant, Clash Royale bezalako jokoak, eta baita FIFA 23ko kontsola-lehiaketak, mahai-jokoen partidak eta esporteko jolasak. Gainera, iazko arrakasta ikusita, KPOP coover lehiaketa bat egingo da.

Halako ekitaldietan oso garrantzitsua da parte-hartzaileen eta jarraitzaileen kopurua, hau da, bai parte-hartze presentziala bai digitala, eta baita zuzeneko ikusleen kopurua ere. Horren harira, ekimenaren une garrantzitsuak zuzenean emango dira Twitch bidez (twitch.tv/uniencounter).

UniEncounterreko jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da online, izan ere, lehiaketa horietako batzuetan, azken faseak aurrez aurre bakarrik egingo dira. Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago lortzeko, interesdunek honako webgunean kontsultatu dezakete: https://uniencounter.uni.eus. Parte hartzea doakoa da.