Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

“Gurea birziklatzea da” ekonomia zirkularra herritarrei hurbiltzeko kalean bertan egindako kanpaina iritsi da Eibarrera

“Gurea birziklatzea da” ekonomia zirkularra herritarrei hurbiltzeko kalean bertan egindako kanpaina  iritsi da Eibarrera

Miguel de los Toyos alkatea eta Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

2017/10/27

Animazio-kanpaina ostiralean eta larunbatean egongo da Untzaga plazan. Erakusketaren asmoa da hondakinak murriztu, birziklatu eta berrerabiltzeari begira hartu behar ditugun eguneroko ohiturez informatzea eta kontzientziatzea.

Gurea birziklatzea da” kanpaina, Euskadin barna urrian zehar ibili ondoren, Eibarrera iritsiko da, ekonomia zirkularraren eta hondakinen murrizketa eta birziklapenaren onurak herritarrei azaltzeko. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ecoembesek –ontzi eta bilgarrien birziklapena sustatzen duen irabazi-asmorik gabeko ingurumen-erakundea− gauzatutako ekimen bat da, gai horren inguruan duten hitzarmenaren baitan.

“Erakutsi nahi dugu gaur egun zaborrera botatzen ditugun materialen parte handi bat arazorik gabe itzul daitekeela ekoizpen-prozesura, lehengai moduan. Horiek berreskuratu eta berrerabiltzen baditugu, hondakinek ingurumena kutsatzea ekiditeaz gain (batzuetan mendeak ere luza daiteke kutsadura hori), horiek fabrikatzeko baliabideak erauztea ere murritz dezakegu” nabarmendu du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak

Arriolak azaldu du bere sailak ekonomia lineala eta ez-jasangarria atzean uztearen alde diharduela, horren ordez ekonomia zirkularrari bidea irekitzeko. Euskadin, batez beste, ontzi eta bilgarrien plastikozko hondakinen birziklapena % 32koa da, eta 2020rako helburua % 55era artekoa izatea da. Zehazki, Gipuzkoaren kasuan, lurralde horrek ontzi arinen % 34,5 birziklatzen du.

Bi egun horietan Eibarren izango den kanpainak arrakasta handia izan du orain arte bisitatu dituen udalerrietan, Zarautzen bereziki. Bertan, batez besteko parte-hartzea bikoiztu egin zen jaieguna zela eta. Durangon, bertako jaiekin batera egin zenez, heldu zein ikasleek intentsitate handiagoz parte hartu zuten jarduera interaktiboetan.

Eibarren, oraingoan, Untzaga plaza izan da kanpainak hautatutako lekua, eta gaur eta bihar (11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 19:30era) pertsona orok parte hartu ahal izango du kalean bertan egindako jarduera interaktibo eta ludikoetan. Horien bidez, Euskadiren hondakinen berreskuratzeari buruzko helburuak ezagutaraziko dira, baita behar bezala birziklatzeko aholku praktikoak ere, gai horren inguruko mitoak hausten ere lagunduko dutenak.

“Gurea birziklatzea da” kanpainak EAEko komunikabideetako iragarkiak ditu euskarri eta baliabideak berreskuratu eta berrerabiltzeak ingurumenarentzat zein ekonomiarentzat dituen ondorio positiboen inguruan herritarrek duten kontzientziazioa indartzea du helburu.

Zaborretik lehengaira

Eibarren edukiontzi horiak (lata, brik eta plastikozko hondakin eta bilgarriak), urdinak (kartoia eta papera) eta berdeak (beira) daude. Horiez gain, edukiontzi zuriak ere baditu arropa biltzeko (Olberri da kudeatzailea) eta pilak jasotzeko 48 edukiontzi (Recypilas da kudeatzailea).

Gaur egun, organikoa biltzeko edukiontzi marroi batzuk ere baditu. Abenduaren 1etik aurrera hazi egingo da kopuru hori eta edukiontzi-irla guztietan ipiniko dira. Egun horretatik aurrera, errefusaren edukiontziak (egun berdeak dira, eta txip gabekoak) grisak izango dira eta txip bidez irekiko dira.

Ecoembesi buruz

Ecoembes (www.ecoembes.com) irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, plastikozko ontziak, latak eta brikak (edukiontzi horia) eta kartoi eta paperezko bilgarriak (eduki urdina) berreskuratzeko eta birziklatzeko prozesua Espainia osoan kudeatzen duena.

2016an, 1,3 milioi tona baino gehiago birziklatu ziren Espainia osoan, ontzi arinak eta kartoi eta paperezko bilgarriak batuta. Horri esker, ingurumen-onura ugari lortu ziren, hala nola milioi bat tona C02 gutxiago isurtzea atmosferara, edo 7 milioi MWh aurreztea, hau da, 700.000 etxebizitzak baino gehiagok urtean kontsumitzen dutenaren adinakoa. Orobat, 20,1 milioi metro kubiko ur ere aurreztu ziren.