2017ko Beldur Barik Topaketa Eibarren egingo da

2017ko Beldur Barik Topaketa Eibarren egingo da

Eibarko Udalaren, Emakunderen, EUDELen eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundietako ordezkariak.

2017/11/23

Gazteek Eibarren erakutsiko dute aurten indarkeria sexistaren aurkako jarrera. Emakundek bultzatutako eta hiru Foru Alduendien eta EUDEL-en parte-hartzearekin Beldur Barik 2017 programaren amaiera ospatuko da abenduaren 2an Eibarren egingo den Topaketan. Programak gazteei indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.

2017ko Beldur Barik Topaketa hartuko du Eibarrek datorren abenduaren 2an, larunbatean. Jaiak balioko du urte osoan zehar, euskal geografia osotik gazteekin garatutako lanari amaiera emateko. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Datorren azaroaren 25eko Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, gaur osteguna, azaroak 23, Eibarko Udalak, Emakundek, EUDELek eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek Beldur Barik 2017 kanpaina aurkeztu dute, gazteriaren artean indarkeria sexista prebenitzeko erakunde arteko kanpaina, hain zuzen ere. Bertan izan dira Miguel de los Toyos Nazabal, Eibarko alkatea; Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; Nekane Zeberio, Arabako Diputatu Generalaren Kabineteko zuzendaria; María Guijarro, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako, Lankidetzarako eta Dibertsitaterako zuzendaria; eta Miren Elgarrezta Gipuzkoako Foru aldundiko Berdintasun Zuzendaria.

Edizio honetan 371 izan dira aurkeztutako lanak, 62 udalerritakoak. Horietatik 275 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 96 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri-bozkaketarekin herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla; Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai dago.

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: beldurraren pertzepzioa (gai hau udalerri askotako jaietan Beldur Barik Gunearen programaren bidez jorratu den gai bat izan da), edertasun arauak, gizarteratze desberdindua, maitasun erromantikoa, gorputzen dibertsitatea eta ahalduntze kolektiboa.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia.

Eibar, Beldur Barik Herria

Abenduaren 2an Eibarren ospatuko den topaketan, eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari egingo dira. Tailerrak Portalean izango dira eta sari-banaketa Coliseoan. Doaneko autobusak erraztuko dira publikoa hiru lurraldeetatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko. Beldur Barik-eko web orrian egin daitezke eskaerak.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-16:50 Ongi etorria, Untzaga plazan
  • 16:50-17:00 Trikitilariak Portaleara arte.
  • 17:00-19:00 Tailerrak: (Autodefentsa feminista; perkusioa; umorea eta aktibismoa; sexua, moda eta reggaetoia; Instagram eta whatsapp; ligatzeko tailerra…)
  • 19:00-19:10 Trikitilariak Portaleati Untzaga plazara
  • 19:10- 19:30: Lunch Untzaga plazan
  • 19:30-19:50: Kalejira
  • 20:00-21:45 Sari banaketa Coliseon Beatriz Egizabal eta Ane Labakarekin.
  • 21:45 Autobusen irteera Eibartik.

Beldur Barik programa, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa eta finantziazioa jasotzen ditu.

Informazio gehiago www.beldurbarik.org web orrian aurki dezakete interesatuek.

Puntu Lila 

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Eliminazioaren aldeko Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartu dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.