Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

20 gaztek formazio programa batean parte hartuko dute, merkatu soziosanitarioan sartzeko

2018/05/07

Ekin Lanari izeneko udal programan parte hartzeak bermatu egiten du ordaindutako praktikak egitea. Zabalik dago dagoeneko sei hilabeteko ikastaroan izena emateko epea.

Eibarko Udalak abian jarri du Ekin Lanari programa. Ekimenaren helburua da 30 urtetik beherako 20 gazte, egun ez lanik ez ikasketarik ez dutenak, sektore soziosanitarioaren lan-merkatuan  sartzea.  

Programaren ezaugarri nagusietako bat zera da: formazioa amaitu eta gero bermatu egiten dela parte hartzaileek kalitatezko praktikak egitea (120 ordu), gerora kontratazioak bideratuko dituzten Eibarko enpresetan. Beka-sistema baten bidez, ordaindu egingo zaizkie praktika horiek ikastaroan parte hartzen dutenei.

Udala lizitazio-prozesua amaitzen ari da, programa uztailerako atera ahal izateko. Programan izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 25era arte. Sei hilabeteko iraupena izango du ekimenak, eta bi atal izango ditu, bata teorikoa eta bestea praktikoa.

Eibarko Udalak esparru soziosanitarioan jarri du arreta, lan-aukera handiak dituen sektorea delako. Ikastaro amaieran, akreditazio ofiziala duen agiri profesional hauxe lortuko da: “Mendekotasuna duten pertsonei instituzio sozialetan arreta soziosanitarioa emateko ziurtagiria”.

Nabarmentzekoa da, halaber, ikastaroa gainditzen duten pertsona guztiek enpresetan praktikak egiteko konpromisoaz gain, pertsona bakoitzaren neurrira egingo dela formazioa, parte-hartzaileek laguntza, tutoretza eta orientazio pertsonala izango baitute programa osoan.

Ekimena planteatzerakoan, Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak kontuan hartu du herrian dauden langabeen % 15 hogeita hamar urtetik beherakoa dela. Eta, gainera, enplegu-aukera berriei buruzko azken ikerketen arabera, osasunaren eta ongizatearen esparrua dela etorkizuneko lan-merkatuko protagonista.

Sektore honetan aurrerapen handiak egongo dira, biztanleen zahartzearen ondorioz eta ongizate-eskaeraren eraginez. Eta horrek ekarriko du lanpostuak sortzea mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko, pertsonak horiek ezin dutelako eguneroko zenbait jarduera egin eta, hortaz, laguntza behar dutelako.

Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko Alberto Albisteguiren arabera, “jarraitzen dugu gure Enplegu Programen Plana bultzatzen, azken hiru urteotan lana topatu duten pertsonen datuak onak izan dira-eta."

Ekin Lanari ekimenean hainbat fase egongo dira. Lehenik, lan-aukeren prospekzio bat egingo da sektore soziosanitarioko herriko enpresetan. Gainera, Eibarko gazteei orientazio eta aholkularitza profesionala emango zaie lan-merkatuari buruz. Gero, aukeratutako 20 gazteei formazioa emango zaie, instituzio sozialetan mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko ziurtagirira lortzeko. Eta, azkenik, bermatu egingo da ordaindutako praktikak egitea.  

Espainia osoan Gazte Bermearen Sistemako programa honetan aurkeztutako proiektuetatik, Ekin Lanari proposamena laugarrena izan da ondoen baloratu dena. Euskal Autonomia Erkidegoan antzeko beste bost proiektu bakarrik onartu dira, Eibarkoaz gain (Arrasaten, Oarsoaldean, Irunen eta bi Araban).

Ekin Lanari Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren barruan dago sartuta eta aurrekontua 180.800 eurokoa da, Europako Gizarte Funtsak eta Udalak kofinantzatua.