15 langabek hartu dute parte fabrikazio mekanikoari buruzko programa batean, enplegagarritasuna bultzatzeko proiektuen barruan

Programa amaitu dutenen % 38,5ek lana lortu dute eta % 54k formakuntza jasotzen jarraitzen dute. Proiektu hau Armeria Eskola elkartearekin lankidetzan egin da 2024. urtean zehar, eta urtarrilean amaitu da.
Eibarko Udalak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez eta Armeria Eskola Talentutik Gizarte-Ekonomia Sustatzeko Elkartearekin lankidetzan, fabrikazio mekanikoko prestakuntza- eta enplegu-programaren balantzea ezagutarazi du. Programak langabezian eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko helburua du.
Emaitzen arabera, prestakuntza hasi zuten hamabost ikasleetatik hamahiruk fase guztiak burutu dituzte, baita lantokietako praktikak ere. Eta hamahiru horietatik 5ek lortu dute lan-merkatuan sartzea, kontratu batekin. Datu horien arabera, % 38,5ek eskuratu dute lana.
Gainera, lanik lortu ez duten 7 parte-hartzailek jarraitzen dute formakuntza jasotzen, alegia, % 54k. Eta parte-hartzaile bat atzerritartasun-egoera erregularizatzeko prozesuan dago.
Programaren sustatzaileen arabera, enplegagarritasun-tasak oso onak izan dira, kontuan izanik, formazioan parte hartu duten pertsona gehienak gizarte-bazterketa arriskuan zeudela. Parte-hartzaileek egin duten amaierako balorazioa oso izan da, eta gogobetetze-maila oso altua.
"Harro gaude; izan ere, kalitatezko prestakuntza-aukerak eskaintzen ditugu, premia handiena duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Honelako programak funtsezkoak dira herritar guztiak lan-merkatuan erabat integratzea bermatzeko. Inklusioa eta etengabeko prestakuntza sustatuko duten ekimenen aldeko apustua egiten jarraituko dugu", adierazi du Jon Iraola alkateak.
Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak gaineratu duenez, "prestakuntza funtsezko tresna da gizartea eta ekonomia eraldatzeko. Proiektu honek erakutsi du erabilitako eredua arrakastatsua dela. Parte-hartzaileek gaitasun teknikoak eskuratzeaz gain, zeharkako trebetasunak ere garatzen dituzte, kualifikazio handiagoko eta baldintza hobeetako enpleguak izateko. Honelako ekimenek indartu egiten dute Udalak gure bizilagunen enplegagarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko duen konpromisoa”.
Ikastaroa 2024an egin da, eta joan den urtarrilean amaitu. Teoria eta praktika uztartu dira, eta funtsezko arloetan jarri da arreta, hala nola planoen interpretazioan, kalibrazioan eta txirbil-harroketa bidezko mekanizazioan, parte-hartzaileek lan-aukera hobeak izateko behar diren trebetasun teknikoak eskuratzeko helburuarekin. Formazioak iraun bitartean, prestatzaile espezializatuek prozesu osoan zehar lagundu diete ikasleei.
Ikastaroan, gaitasun teknikoez gain, parte-hartzaileek laguntza jaso dute enplegua bilatzeko, curriculumak eguneratzeko eta enpresa laguntzaileetan praktikak egiteko.
Programak enplegagarritasuna handitu eta parte-hartzaileen bizitzan eragin positiboa izatea lortu du; parte-hartzaile askok eskertu dute beren trebetasunak eta lan-aukerak hobetzeko bitartekoak eman izana. Honelako proiektuek, erakundeen eta tokiko elkarteen arteko lankidetzak bultzatuek, erakutsi dute eraginkorrak direla pertsonen bizitzan aldaketa esanguratsuak eragiteko.