Eibarko Udala
formakuntza eta enplegua

15 langabek hartu dute parte enplegagarritasuna bultzatzeko industria-esparruko programa batean

2026/05/12
Enplegagarritasuna bultzatzeko industria-esparruko programaren parte-hartzaileak.
Enplegagarritasuna bultzatzeko industria-esparruko programaren parte-hartzaileak.

Formazioa amaitu dutenen % 30ek lana lortu dute, eta % 40k formakuntza jasotzen jarraitzen dute. Proiektu hau Armeria Eskola elkartearekin lankidetzan egin da 2025. urtean zehar, eta apirilean amaitu da.

Eibarko Udalak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez eta Armeria Eskola Talentutik Gizarte-Ekonomia Sustatzeko Elkartearekin lankidetzan, fabrikazio mekanikoko prestakuntza- eta enplegu-programaren balantzea ezagutarazi du, zeinak langabezian eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzea du helburu.

Amaitu ondoren jakitera eman diren emaitzen arabera, prestakuntza hasi zuten hamabost ikasletik hamarrek fase guztiak burutu dituzte, lantokietako praktikak barne. Eta hamahiru horietatik 3k lortu dute lan-merkatuan sartzea kontratu batekin. Datu horien arabera, % 30 hasi dira lanean.

Gainera, lanik lortu ez duten 4 parte-hartzailek jarraitzen dute formakuntza jasotzen, alegia, % 40k. Eta ikasle bat atzerritartasun-egoera erregularizatzeko prozesuan dago.

Programaren sustatzaileen arabera, lortutako enplegagarritasun-tasak, oso onak izan dira, kontuan izanik formazioan parte hartu duten pertsona gehienak gizarte- eta lan-bazterketa arriskuan zeudela. Proiektu honetan parte hartu dutenen azken balorazioa ere positiboa izan da, eta asebetetze maila oso altua (9,64koa 1-10 eskalan).

Jon Iraola Eibarko alkateak zera nabarmendu nahi izan du: “Eibarren hamarkadak daramatzagu erakusten industria-tradizioa iragana ez ezik, etorkizuna ere badela. Programa hau horren adibide argia da: aukera bat behar duten pertsonak gure hiriaren motor ekonomikoa izaten jarraitzen duen sektore batekin konektatzea. Enpleguaz ari garenean, duintasunaz, bizi proiektuaz eta benetako aukerez ari gara.”

Era berean, honakoa adierazi du: “Emaitzek norabide onean goazela baieztatzen dute, baina ez gara konformatzen. Horrelako ekimenak zabaltzen jarraitu nahi dugu, formakuntza-zentroekin eta enpresekin elkarlana sendotuz, badakigulako enplegu bat lortzeak aldaketa handia dakarrela bizitzan.”

Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziak adierazi duenez, “programa honek erakusten du prestakuntza, akonpainamendua eta konpromiso instituzionala lerrokatzen direnean emaitzak ikusten direla. Ez gara ari lanbide bat ikasteaz bakarrik, konfiantza berreskuratzeaz, ateak irekitzeaz eta benetako tresnekin lan-merkatuan berriro kokatzeaz ere ari gara.”

 “Bestalde, garrantzitsua da prozesuaren giza balioa azpimarratzea”, gaineratu du Hortasek. “Zifra bakoitzaren atzean ahalegina, konstantzia eta hobetu nahia daude. Gure helburua da eredu hori indartzen jarraitzea, Eibarko industria-sarearen beharretara eta gure herritarren errealitate sozialetara egokituz”

2025eko ikastaroa apirilean amaitu zen. Teoria eta praktika uztartu ditu, eta funtsezko arlo batzuetan jarri du arreta, hala nola Mekatronika Industrialean eta Mekanizazioan. Gainera, orga-jasotzaileak gidatzen ere ikasi dute ikasleek, eta praktikak egin dituzte enpresetan, helburua izanik lan-aukera hobeak izateko behar dituzten gaitasun teknikoak eskuratzea. Formazioan zehar, prestatzaile espezializatuen laguntza izan dute ikasleek.

Ikastaroak iraun duen bitartean, gaitasun teknikoez gain, parte-hartzaileek laguntza pertsonalizatua jaso dute lana bilatzeko, curriculumak eguneratzeko, gaitasun pertsonal eta profesionalak eskuratzeko, egoera administratiboa erregularizatzeko, enpresa laguntzaileetan praktikak egiteko eta praktiken ondorengo aktibazio sozio-laboralaren jarraipena egiteko. 

Programak enplegagarritasuna handitu eta parte-hartzaileen bizitzan eragin positiboa izatea lortu du; parte-hartzaile askok eskertu dute beren trebetasunak eta lan-aukerak hobetzeko aukera eman izana. Horrelako egitasmoek, erakundeen eta tokiko elkarteen arteko lankidetzak bultzatzen dituztenak, erakutsi dute eraginkorrak direla pertsonen bizitzan aldaketa esanguratsuak eragiteko.