Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

14 pertsona dabiltza Udalak martxan jarritako fabrikazio mekanikoari eta soldadurari buruzko enplegu-programan

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2023/05/29

Programa joan den apirilaren 17an hasi zen, mekanizazio-gaitasunei buruzko prestakuntza-fasearekin, eta, horren ondoen, fase hauek izango ditu: eskorgak gidatzea, soldadura, garapen pertsonala eta praktikak enpresetan. Bestalde, Udala, Lanbiderekin elkarlanean, ildo bi izango dituen kontratazio-plana prestatzen ari da, udaletxean lan egiteko eta udalerriko enpresek egindako kontratuak diruz laguntzeko; eta, horretarako, 250.000 euroko partida izango du.

Hamalau lagun ari dira parte hartzen Eibarko Udalak apirilaren 17an abian jarri zuen fabrikazio mekanikoari eta soldadurari buruzko enplegu-sustapeneko programan, Armeria Eskolaren Elkartearekin lankidetzan egiten ari dena. Programa 15 pertsonak hasi zuten, baina 14k jarraitu dute,  batek lana topatu zuelako.

Ekainaren 5ean amaituko den lehenengo fasean parte-hartzaileak trebatzen ari dira txirbil-harroketa bidezko mekanizazioan. Prestakuntza hori bukatuta, orga jasotzaileak gidatzeko gaitasunei buruzko saioak eskainiko dira, eta, ondoren, soldadurarena eta garapen pertsonalarena etorriko dira.

Prestakuntza-aldia amaituta, uztailean enpresetan praktikak egiteko fasea hasiko da, 60 ordu gutxienez eta 200 gehienez. Fase hori, gutxienez, urrira arte luzatuko da, eta  parte hartzen dutenei laneratzeko sostengua eta laguntza eskainiko zaie.

Programa honek langabetuen edo lan prekarioa dutenen lan-egoera hobetzea du helburu. Parte-hartzaileak Eibarren erroldatuta daude, langabezian edo enplegu prekarioan daude eta Lanbiden izena emandakoak dira; eta gaztelaniaren ahozko eta idatzizko ulermen-maila egokia dute.

Gainera, aurtengo edizioan, apirilean hasi zenetik hona, hamar egunean behin, irakasleek feedback-saio bat egiten dute, ikasle bakoitzak modu zehatzean adieraz dezan nola ikusten duen jarduera, eta, era berean, bere beharretara hobeto egokitzen den prestakuntza eman diezaioten.

Parte-hartzaileek eta irakasleek programan duten giro ona nabarmendu dute. Gainera, Eibarrera duela gutxi iritsi diren ikasle horietako 2ri laguntza ematen ari zaie aurretik zuten prestakuntza homologatzeko;  laguntza eta orientazioa ematen zaie prozesu osoan beren egoera erregularizatzeko, hurrengo ikasturtean hasi beharreko prestakuntza teknikoetara bideratuz.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela Udalak honelako programak bultzatzea, “emaitza onak erakutsi dituztelako eta parte-hartzaileen laneratze-maila handia lortu dutelako”. Eta, ildo horretatik, zera ziurtatu du: “Honelako ikastaroak bultzatzen jarraituko dugu, lana bilatzeko eta ekoizpen-sektore desberdinetan gaitasun berriak lortzeko aukerak aberastu egiten dituztelako.”.

Era berean, Eibarko Udala alderdi bitik jorratuko den kontratazio-plana prestatzen dabil: alde batetik, Udalak berak beharginak kontratatuko ditu arlo eta lan desberdinetarako; eta,  bestetik, diruz lagunduko ditu udalerriko enpresek egiten dituzten kontratazioak, baldintza batzuk betetzen badituzte. Plan hori Lanbiderekin elkarlanean gauzatuko da eta 250.000 eurotik gorako partida bat izango du aurrekontuan.

Une honetan, udal-arduradunak Udalak dituen langile-premiak zehazten ari dira, eskaini beharreko lanpostuak zehaztu ahal izateko. Hala, laster, lanpostuen zerrenda eta lanpostu horiek eskuratzeko baldintzak emango ditu ezagutzera.