Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

% 10 gehiago diru-laguntzetan fatxadak eta igogailuak berriztatzeko

2017/06/07

Diru-laguntza horiek aurrera ateratzeko, 150.000 euroko partida sartu da 2017ko aurrekontuan. Udala hitza betetzen ari da: % 10 igo ditu diru-laguntzak bigarren urtez. Eta asmoa da, guztira, % 50 handitzea agintaldi osoan.

Hirigintza Batzordeak joan den asteartean jakinarazi zuenez, Udaleko Hirigintza sailak diru-laguntzen deialdi berria atera du, fatxadetan obrak egiteko eta igogailuak jarri edo berriztatzeko. Iaz bezala, berriztatze-lan bakoitzerako % 10 igo da diru-kopurua; beraz, 2015az geroztik, % 20 igo dira laguntzak. Hirigintza-zinegotziaren hitzetan, Ana Telleria, “eraikinak birgaitzeari garrantzi berezia eman nahi diogu, eta, bereziki, energia aurreztea eta irisgarritasuna hobetzea ditugu helburu.”

Gobernu-taldeak hitzeman zuen urtero-urtero igoko zituela diru-laguntzak, agintaldiaren amaierarako % 50eko guztizko igoera lortzeko. Laguntzak aurrera atera ahal izateko, 150.000 €ko partida sartu dute 2017ko aurrekontuan. Telleria andrearen esanetan “lan egiteko modu honek gobernu-taldeak auzokideen elkarteekin duen konpromisoa sendotzen du”.

Igogailuen atalari dagokionez, obrak diru-laguntzak eskatu den urtean edo hurrengoan amaitu behar dira eta helburu izan behar dute etxebizitza-eraikinen barruan edo kanpotik barrurako bidean igogailuak instalatzea edo zaharrak berritzea. Ildo berean, diru-laguntza hauen barruan sartuta dago arrapalak eta plataforma jasotzaileak jartzea, atariraino edota ataritik igogailuraino egon daitekeen desnibela gainditzeko.

Igogailuen kasuan, aurrekontu osoaren % 10 diruz lagunduko du Udalak, baina gehieneko kopuruak egongo dira. Gehienez jota, 7.200 € emango dituzte igogailu berriak jartzeko. Igogailua aldatu eta zorua zero kotara jaisteko edo lehen igogailurik ez zuten solairuetara iristeko, 5.400 € gehien jota. Igogailua berriztatzeko, 3.600 € gehien jota. Eta arrapalak edo desnibelak gainditzeko edozein obra egiteko 1.800 € asko jota. Kasu guztietan % 10eko igoera dago kopuruetan.

Fatxaden alorrean, duela bi urte egindako berrikuntzari eutsi dio Udalak, eta, hala, eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeak izango du lehentasuna. Beraz, diru-laguntza hiruren artetik merkeena izango da: obraren osoaren % 10; 4,8 € konponduko den fatxadaren metro koadroko; 9,6 € konponduko den fatxadaren metro koadroko, fatxada berriztatzeaz gain geruza isolatzailea jartzen badiote eta horrek eraikinaren energia-premia % 30 murrizten badu. Aukeraketatik ateratzen den kopuruari % 20 arte gehitu ahal izango zaio, fatxada konpontzeko lanen harira erakunde publikoek ezartzen dituzten eskakizunak betetzeko bada.

2003-2016 bitartean, 500 bat komunitatek eskatu dituzte diru-laguntzak, eta guztira 1.350.000 € baino gehiago eman ditu Udalak.

Hirigintza batzordearen lehendakari andreak honela dio: “jada eraikita dauden etxebizitzak balioetsiz, garapen iraunkorragoa lortzen dugu, horrek etxebizitza berriak eraiki behar izatea saihesten duelako eta, ondorioz, lurzoruaren erabilera neurrigabeari eusten zaiolako. Gainera, Eibarko etxebizitzak irisgarriago egiten eta fatxadak konpontzen lagunduta, adinekoei laguntzen diegu gehien bat, beren etxeetan ahal bezain luzeen geratu daitezen. Horrela, auzoak eta komunitateak bat eginda irauten dute eta herriaren gizarte kohesioari lagundu”.