V. Ikasenpresa Azoka 2016 aurkeztu da

2016/01/27
Azoka otsailaren 2an egingo da Eibarko Untzaga plazan, 10:30etik 13:30era. Bertan, 166 enpresa izango dira ordezkatuta.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailak, Tknikak (Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako berrikuntza zentroa) eta Eibarko Udalak 2016ko otsailaren 2rako V. Ikasenpresa izeneko Azoka antolatu dute, Untzaga plazan, 10:30etik 13:30era. Bertan, 166 enpresa izango dira ordezkatuta. Hala azaldu dute gaur, hilak 27, egindako prentsaurrekoan Pili Díezek, Tnikaren Ikasenpresa programaren dinamizatzaileak; Alberto Albisteguik, Eibarko Udaleko Enplegu, Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza Saileko zinegotziak eta Iñaki Mujikak, Tknikako Zuzendari Exekutiboak.

Ikasenpresa proiektua

Ikasenpresa proiektua Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dago. Ikasenpresa programaren bitartez ikasleak enpresa berria sortzeko esperientzian parte hartzeko aukera izango du, enpresa sortzeko beharrezko diren guztiak eginez. Horrela, bere gaitasun ekintzaileak garatuko ditu: sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, iniziatiba, lidergoa, konpromisoa eta erabakimena edota negoziazioa. Gainera, beste kultura eta gizarte-errealitate batzuetara hurbildu nahi da ikaslea eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.

Ikasenpresa programak hezkuntza-testuinguru berritzailea sortuko du, eta ikaskuntza-metodologia bereziki praktikoa erabiliko du. Programak teknologia berrien erabilera hartuko du aintzat (posta elektronikoa, bideokonferentzia, atzerriko hizkuntzen erabilera, eta abar), gaur egungo informazioaren gizartean ezinbesteko lan-tresnak eta komunikazio-tresnak baitira.

2015-2016 ikasturtean 53 ikastetxe

2015-2016 ikasturte honetan, Euskadi osoko Lanbide Heziketako 53 ikastetxetako 3.000 ikasle baino gehiagok parte hartzen dute eta dagoeneko 418 enpresa sortu dira. Horietako asko Azokara etorriko dira (eta haien artean, baita Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak ere) eta han haiek egindako produktuak salduko dituzte Untzaga plazan kokatutako bi karpa ezberdinetan. Era berean, 132 irakasle baino gehiagok parte hartzen dute.

V. Ikasenpresa Azoka 2016 aurkeztu da

Argazkian, Pili Díez (Tnikaren Ikasenpresa programaren dinamizatzailea), Alberto Albistegui (Enplegu, Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza Saileko zinegotzia) eta Iñaki Mujika (Tknikako Zuzendari Exekutiboa).