Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arrate, Kalamua eta Santakurutz: Plan Berezia herritarren esku

2017/01/23

Parte hartzeko jardunaldiak urtarrilaren 25ean eta otsailaren 1ean izango dira, Portalean, eta herritarrek plana idazteko ideiak eta proposamenak ekarri ahal izango dituzte. Herritarren proposamenak lagungarri izango dira Arrate, Kalamua eta Santakurutz ingurua babestu eta kontserbatzeko Plan Bereziari begira.

Gero eta gertuago dago Arrate, Kalamua eta Santakurutz Babestu eta Zaintzeko Plan Berezia.

Plana aurrera atera ahal izateko, hasiera-hasieratik hartu ditugu kontuan inguru horretan interes berezia duten pertsonen eta taldeen ikuspegiak; eta horrela sortu zen Plan Bereziaren aholku taldea. Besteak beste, hauek: Andirao, Eibarko Klub Deportiboa, Debemen, inguru horretako bizilagunak (lursailen jabeak, nekazariak eta abeltzainak, ostalaritzako eta aisialdiko establezimenduek jabeak), langile teknikoak eta Udaleko alderdi politikoetako ordezkariak.

Orain arte, bi lan-saio egin dituzte. Alde batetik, Plan Berezia zertan den argitzen ibili dira, eta bestetik, aholkulariek beren iritziak eman dituzte, gero, guztien artean eztabaidatu eta ildo estrategikoak eta helburuak zehazteko. Talde handiko saioez gain, banakako bilerak ere egin dituzte aholkulariek.

Herritarrek parte hartzeko bi jardunaldi

Eta iritsi da azkenean eibartar guztiek Plan Berezian parte hartzeko ordua.

Datozen urtarrilaren 25ean eta otsailaren 1ean, herritarrek parte hartzeko bi jardunaldi ireki egongo dira Portalea Kultur Etxean (ekitaldien artekoa, 2. solairua), arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Bertan, nahi duenak aukera izango du Planaren berri jasotzeko eta bere proposamenak egin eta eztabaidatzeko.

Horretarako, bi eztabaida-tailer egingo dira: lehenengoan urtarrilaren 25ean izango da, Lurraldea izenekoa, eta Santakurutzez, Izuaz eta Kalamuaz hitz egingo dute; bigarrena otsailaren 1ean izango da, Arraterako Ideiak deiturikoa, eta Arrateri buruz eztabaidatuko dute.

Udalak dei egiten dizue, jardunaldi horietara etor zaitezten eta guztion artean egin dezagun Arrate, Kalamua eta Santakurutz Babestu eta Zaintzeko Plan Berezia. Izan ere, Plana egiteko orduan, Udalak kontuan hartuko baititu aholku batzordeak zein herritarrek emandako ideiak eta ondorioak.

Plan horren bitartez, Eibarko Udalak inguru hori (320 hektarea lurzoru urbanizaezina) babestu eta haren erabilera arautu nahi du. Gainera, Planaren lehen txostena eginda dago jada, eta bertan egoeraren diagnostikoa egin dute: eremuak dituen indarrak eta ahuleziak zehaztu dituzte eta gabeziak hobetzeko aukerak eta horiek lortzeko proposamenak aztertu dituzte.