Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekarguaren salbuespena (2021)

Deskripzioa: Ondasun higiezinek etxebizitza erabilera dutenean, eta subjektu pasiboaren edo hirugarrenen ohiko egoitza ez direnean –azken kasu horretan, errentamenduz edo lagapen bidez–, % 50erainoko errekargua izango dute zergaren kuota likidoaren gainean. Errekargua zerga honen subjektu pasiboei exijituko zaie, eta sortzapena zerga sortzen den une berean gertatuko da; urtero likidatuko da, kuotarekin batera.

Errekargua aplikatzearen ondorioetarako, Katastroaren arabera etxebizitza gisa erabiltzekoak diren lokalak etxebizitza-erabilera duten ondasun higiezintzat hartuko dira. Etxebizitzaren eranskinak barruan sartuko dira, baldin eta erregistro-finka bakar bat osatzen badute. Ondorio horietarako ere, presuntzio egingo da etxebizitza-erabilerako ondasun higiezin bat ohiko bizileku dela baldin eta, zergaren sortzapen egunean, hura kokatuta dagoen udalerriko erroldan egiaztatuta badago bertan bizi den/direnen ohiko bizilekua hura dela.

Errekargu hori ez zaie inola ere aplikatuko bizitegi erabilerako ondasun higiezinei, izaera sozialeko etxe bizitza publikoko planetara destinatuta daudenean.

Kasu jakin batzuk ere badaude, Ondasun Higiezinei buruzko zergaren kuota likidoaren % 50aren errekargua EZ aplikatzea eskatu ahal litekeena.

Errekargutik salbuesteko arrazoiak (urte honetako urtarrilaren 1ean gauzatuta eduki behar da):

1.- Ohiko bizileku ez diren etxebizitzak, noizean behin erabiltzen direnak. Noizean behin erabiltzen den etxebizitzatzat hartzeko, zerga-sortzapenaren aurreko urtean 8 m3-ko gutxieneko ur kontsumoa egin dela egiaztatuko da.

2.- Etxejabeen lehen graduko ondorengoek (seme-alabek) duten etxe-premiari erantzuteko erabiltzen diren etxebizitzak. Ez da errekargurik ordainduko urtebeteko epean, eskatzen den urtea barne. Urtebeteko epe hori amaitu ondoren etxebizitza hori ez badu okupatu etxejabeen lehen graduko ondorengoren batek (seme-alabaren batek), jabeari, ordura arte aplikatu ez zaizkion errekargu guztiak ordaintzea eskatuko zaio.

3.- Etxejabea zendu ondoren hutsik geratu diren etxeak. Ez da errekargua ordaindu beharrik izango urtebeteko epean, heriotza-egunetik aurrera zenbatuta.

4.- Etxejabea zahar-egoitzan sartzeagatik hutsik geratu diren etxebizitzak. Ez da errekargua ordaindu beharrik izango urtebeteko epean, zahar-etxean edo egoitzan sartzen den egunetik aurrera zenbatuta.

5.- Adinagatik edo mendekotasun egoeragatik, etxejabea beste etxe batera eraman denean eta haren etxea hutsik geratu denean. Ez da errekargurik ordaindu behar izango urte bitan.

6.- Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren sortzapen unean, berritzen ari diren eraikinak. Behin eskatu ahalko da salbuespen hau.

7.- Errentan utzitako etxebizitzak.

8.- Aurri egoeran egon edo birpartzelatazio-proiektu onetsia duten etxebizitzak. Errekarguaren salbuespena jabeak bizigarritasun-falta egiazta dezakeen egoeretara hedatuko da, betiere, etxe jabeak ez badio uko egin, justifikaziorik gabe, etxe bizitza egoera duinean izateko betebeharrari.

9.- Higiezinen merkatuan saltzeko edo errentan emateko dauden etxebizitzak, baldin eta;

  • Etxebizitzaren salmenta-prezioak etxearen balio katastrala 2,2 koefizientearekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoa gainditzen ez badu.
  • Urte osoko errentaren prezioak etxearen balio katastrala 2,2 koefizientearekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoaren % 4a gainditzen ez badu; ezta hileko 700€ eurotik gorako zenbatekoa ere.

10.- Erabilera profesionaletarako, merkataritza- edo enpresa-erabilerarako etxebizitzak; elkarte politikoen, elkarte sindikalen edo enpresa elkarteen egoitzak; diru irabazi asmorik ez duten elkarteak hartzen dituztenak.

11.- Etxejabea edo haren ezkontidea, lanagatik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dagoen beste udalerri batera bizitzera joaterakoan hutsik geratu diren etxebizitzak. Ez da errekargua ordaindu beharrik izango 2 urteko epean, beste Autonomia Erkidego batera joandako egunetik aurrera zenbatuta.

12.- Ostatu, pentsio edo hotel diren etxebizitzak, baldin eta dagokien jarduera lizentzia badute.

13.- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga-sortzapenaren aurreko 6 hilabeteetan erositako etxeak.

 

Tramitatzailea: Eibarko Udaleko Zergak saila.

Eskaera egiteko epea: 2021eko otsailaren 19tik uztailaren 30era (biak barne).

Tramitazio kanalak: 

  • Presentziala: PEGORA (Herritarren Zerbitzurako Bulegoa) Untzaga plaza 1. Beheko solairua.
  • Elektronikoa: eskaera elektronikoki egiteko, derrigorrez, ziurtagiri digital bat edo B@K-Q eduki behar dituzu (tramiteak online egiteko informazio gehiago nahi baduzu, tramiteak elektronikoki egiteko laguntza atala kontsultatu). Eskaera elektronikoki egiteko, beheko loturan sakatu behar duzu, eskaera elektronikoki bete eta dagokion dokumentazioa erantsi. Tramiteari sarean edo online ekin aurretik, tramitea egiteko beharrezko dokumentazioa formatu digitalean prest duzula konprobatu, eta ondoren, tramiteari ekin.
  • Posta: Eibarko Udala, PEGORA, Untzaga plaza 1; 20600; Eibar; Gipuzkoa.

 

Aurkeztu behar diren agiriak:

  • Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren errekargutik salbuesteko eskaera behar bezala beteta.
  • Legezko ordezkapenaren kasuan, legezko ordezkariaren NANa edo balio bereko beste dokumentuaren bat eta ordezkaritzaren egiaztapena dokumentu bidez. Egiaztapen hori zuzenbidean bidezkoa den edozein modutan egin daiteke (notario-ahalordea, eskriturak...).
  • Ordaindutako zenbatekoa itzultzea bidezkoa izan eta bankuko kontuaren titularra zergaduna bera ez bada, DIRU-ITZULERAK KOBRATZEKO BAIMENA (DI0010_D002) behar bezala beteta.
  • Errekargua ez aplikatzeko edo errekargutik salbuetsita egoteko arrazoia justifikatzen duen dokumentazioa:
    • Ohiko bizileku ez den etxebizitza, noizean behin erabiltzen dena: Ur-kontsumoari dagozkion fakturak, zerga sortzapenaren aurreko urtean egindakoak.
    • Etxejabeen lehen graduko ondorengoek (seme-alabek) duten etxe-premiari erantzuteko erabiltzen den etxebizitza: Familia liburua edo lehen graduko ondorengo izate hori egiaztatuko duen dokumentua.
    • Etxejabea zendu ondoren hutsik geratu den etxea: Heriotza-ziurtagiria.
    • Etxejabea zahar-egoitzan sartzeagatik hutsik geratu den etxebizitza: Zahar-etxearen edo egoitzaren ziurtagiria, zein egunetan sartu zen esaten.
    • Etxejabea beste etxe batera joateagatik hutsik geratu den etxea (arrazoia: adina edo mendekotasuna):
      • Mendekotasun kasuetan: mendekotasuna egiaztatzen duen dokumentua eta bizikidetasun bolantea. Bolanteak egiaztatu behar duena da, mendekotasun egoeran dagoen pertsona eta haren zaintzailea etxebizitza berean daudela erroldatuta.
      • 85 urtetik gorako etxejabeen kasuan: NANa edo horren balio bereko beste dokumenturen bat eta bizikidetasun bolantea. Bolanteak egiaztatu behar duena da, 85 urtetik gorako etxejabea eta haren zaintzailea etxebizitza berean daudela erroldatuta.
    • OHZren sortzapen unean, berritzen ari den eraikina: Obrei dagokien udal lizentzia eman dela dioen ebazpena.
    • Errentan utzitako etxebizitza: Indarrean dagoen errenta-kontratua.
    • Higiezinen merkatuan saltzeko edo errentan emateko dagoen etxebizitza:
      • Higiezinen agentzia baten bitartekaritza-zerbitzuak erabiltzean: saltzeko edo errentan uzteko kontratua.
      • Higiezinen agentzia baten bitartekaritza-zerbitzurik erabiltzen ez denean: deklarazio bat, etxebizitza higiezinen merkatuan dagoela egiaztatzeko frogabideekin lagunduta (saltzeko edo errentan emateko dagoela dioten kartelei ateratarako argazkiak, web-orrietan egindako publizitatearen egiaztagiriak...).
    • Etxejabea edo haren ezkontidea, lanagatik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dagoen beste udalerri batera bizitzera joaterakoan hutsik geratu den etxebizitza:
      • Erroldatze-bolantea, etxejabeak gaur egun duen bizilekuarena.
      • Ziurtagiria, etxejabeak edo haren ezkontideak lan egiten duen enpresak egindakoa.

 

Ondorengo kasuak Udalak berak egiaztatuko ditu ofizioz:

  • Aurri egoeran egon edo birpartzelatazio-proiektu onetsia duen etxebizitza.
  • Erabilera profesionaletarako, merkataritza- edo enpresa-erabilerarako etxebizitza; elkarte politikoen, elkarte sindikalen edo enpresa elkarteen egoitza; diru irabazi asmorik ez duten elkarteak hartzen dituenak.
  • Ostatu, pentsio edo hotel den etxebizitza, baldin eta dagokion jarduera lizentzia badu.
  • Ondasun Higiezinen gaineko Zerga-sortzapenaren aurreko 6 hilabeteetan erositako etxea.

 

 

Deskargatu dokumentuak
Informazio fitxa: Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren errekarguaren salbuespena  
Ikusi | Deskargatu ( PDF, 124 KB)
Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren errekargutik salbuesteko eskaera  
Ikusi | Deskargatu ( PDF, 166 KB)
Nabigazioa