Eibarko Udala

Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzen laguntzeko dirulaguntzak (2022)

Deskribapena: Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzen laguntzeko dirulaguntzen eskaera egitea.

3 dirulaguntza-lerroren bidez sustatuko dira enpresa-proiektu berriak:

  1. Eibarren negozio berri estrategiko eta berritzaileak sortzea.
  2. Eibarko negozioen transmisioa edota jarraipena sustatzea jarduera ekonomikoa mantentze aldera. Transmisiotzat ulertuko da eskualdatzea edo titulartasun-aldaketa. Jarraipentzat ulertuko da lehendik lokal berean egindako jarduera nagusia mantenduko duen enpresa berri bat sortzea.
  3. Eibarren interes komertziala duten zero kotako tokietan (kalean bertan) hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea.

Hartzaileak: Onuradunak ezingo dira egon inolako zehapen administratibo edo penala betetzen, sexuagatiko diskriminazio arau-haustea egiteagatik, ezta Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako legea dela-eta zehapena izateagatik ere.

Dirulaguntza hauek eskuratzeko aukeratik kanpo geratzen dira: partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta diru irabazi asmo bariko fundazioak eta elkarteak. Ostera, dirulaguntza hauek eskuratzeko aukera dute Eusko Jaurlaritzak laneratze-enpresatzat kalifikatutzat dituen enpresek eta laneratze-enpresen erregistroan inskribatutakoek, baldin eta sortu berriak badira.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko 13.2 artikuluak aipatzen duen debeku horietako bat bera ere ez duten pertsona fisikoek edo juridikoek, sozietate zibilek eta ondasun-erkidegoek jaso ahal izango dituzte dirulaguntza hauek.

Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Enpresa-jarduerak Eibarren izan beharko du egoitza sozial eta fiskala eta lantokia ere bertan egongo da.
  • Jarduerak indarrean dagoen araudiak ezarritakoa bete beharko du Udalaren jarduera-lizentziei/komunikazioei eta jarduerari eragiten dioten balizko beste batzuei dagokienean.
  • Jardueraren bideragarritasun-plan bat edo memoria-proiektu bat izatea DEBEGESAk baliozkotua. Pertsona sustatzailearen CVa sartu beharko da plan edo proiektuan.
  • Jarduera 2021eko irailaren 1etik 2022ko urriaren 30era bitartean hasi izana. Horretarako, erreferentziatzat hartuko da dagokion Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren alta.
  • Jarduera/enpresa gutxienez 12 hilabetez altan mantentzea. Horretarako, erreferentziatzat hartuko da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.
  • Lokala alokatuz gero, alokairu-kontratua  gutxienez 12 hilabetekoa izan beharko da.
  • Eibarko Udalarekin, Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin dituen obligazioak egunean edukitzea.

1. lerrorako baldintza espezifikoak: negozio estrategiko eta berritzaileak:

  • Jarduera arlo hauen ingurukoa izan beharko da: industria, industriari lotutako zerbitzuak, fabrikazio aurreratua, doitasun-ingeniaritza, digitalizazioa, findtech-a, klima-aldaketa eta energia jasangarria edo kirolari aplikatutako teknologia.

3. lerrorako baldintza espezifikoak: hutsik dauden merkataritza-lokalen berreskurapena sustatzea

  • Jarduera arlo hauen ingurukoa izan beharko da: pertsonei zuzendutako zerbitzuak edo ostalaritza-ekimenak balioa eta kalitatea dakartenak. Hutsik dauden merkataritza-lokaletan ezartzen den eta interesgarritzat jotzen den beste edozein, herriaren merkataritza-suspertzearekin bat badator.
  • Dirulaguntza honetatik kanpo geratzen dira honako jarduerak dituzten establezimenduak:
    • Tabako-salmenta.
    • Gasolindegiak.
    • Jolas-, joko- eta apustu-aretoak.
    • Farmaziak.
    • Ibilgailuen kontzesionarioak.
  • Merkataritza-jarduera egiten den lokala hutsik dauden edota merkataritza-jarduera urria duten lokalen kopuru handiko kaleetan egotea. Arrazoi horrengatik laguntza honetatik kanpo geratuko dira honako kaleak: San Juan kalea, Toribio Etxebarria kalea, Julian Etxeberria kalea, Zuloagatarren kalea, Untzaga plaza eta Fermín Calbetón kalea.
  • Lokala kalean bertan egon behar da (zero-kotan).
  • Jardueraren titularrak (eskatzailearen IFK/IFZ) 10 langile baino gutxiagori eman beharko die enplegua. Horretarako, erreferentziatzat hartuko da Gizarte Segurantzak egindako batez besteko plantillaren txostena, EJZn alta eman eta laguntza eskatu aurreko egunaren arteko aldiari buruzkoa. Langiletzat ulertuko da lanaldi osoan ari den langile bat.

 

Eskaera egiteko epea: 2022ko urriaren 6tik azaroaren 29ra (biak barne).

Dirulaguntzaren zenbatekoa: Lerro bakoitzeko jasoko diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa:

  • 1. lerroa: Negozio estrategiko berriak eta berritzaileak: 10.000 €.
  • 2. lerroa. Negozioen transmisioa eta jarraipena: 8.000 €.
  • 3. lerroa. Hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea: 7.000 €.

BEZa eta beste zerga eta tasa batzuen ordainketa eta atxikipena ez dira inolaz ere diruz lagunduko.

Diruz lagunduko diren gastuak izango dira laguntzaren helburua lortzeko egiten direnak; horiek egin direla frogatzeko dokumentazio sinesgarria (faktura), gastu-ordainketa eta gastuok ezarritako epearen barruan egin direla erakutsiko da. Hona hemen gastu horietako batzuk:

  • Alokairua: hileko alokairuaren % 50 lehen urtean; gehienez ere 350 euro/hileko. Ordainketa banku-transferentzia edo helbideraketa bidez egin beharko da. Ez dira onartuko 2. mailarainoko senidetasun-harremana duten bazkideren edo senideren batekin bat datozen jabeen alokairu-kontratuak.
  • Lokala erostea: katastro-balioaren % 10; gehienez ere 6.000 euro.
  • Jardueraren eskualdaketatik eratorritako gastuak: gehienez ere 7.000 euro.
  • Beste gastu eta inbertsio batzuk negozioa martxan jarri eta garatzeko; gehienez ere 5.000 euro. JEZn alta eman aurreko 6 hilabeteen eta ondorengo 3 hilabeteen arteko epean jaulkitako fakturak hartuko dira kontuan. Negozioa martxan jarri eta garatzeko behar diren gastu eta inbertsiotzat hartuko dira honako hauek:
    • Lokala egokitzeko profesionalek egindako obra-gastuak.
    • Jarduera martxan jarri eta garatu aurreko gastuak: negozio-ideia baliozkotzea, prototipatua, kanpoko aholkularitza, webguneak sortzea, komunikazioa, aholkularitza eta software-tresnak...
    • Negozioa martxan jarri eta garatzeko behar diren inbertsioak.

 

Tramitazio kanalak: 

  • Elektronikoa: eskaera elektronikoki egiteko, derrigorrez, ziurtagiri digital bat edo B@K-Q eduki behar dituzu (tramiteak online egiteko informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu tramiteak elektronikoki egiteko laguntza atala). Eskaera elektronikoki egiteko, beheko loturan sakatu behar duzu, eskaera elektronikoki bete eta dagokion dokumentazioa erantsi. Tramiteari sarean edo online ekin aurretik, tramitea egiteko beharrezko dokumentazioa formatu digitalean prest duzula konprobatu, eta ondoren, tramiteari ekin.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: Elektronikoki bete behar den formularioari honako dokumentazio hau erantsiko zaio:

  • Eskaera egiten duenaren nortasun juridikoa egiaztatzeko dokumentuak:
    • Norbanakoek: NANa edo horren balio bereko beste dokumenturen bat.
    • Pertsona juridikoek: entitatearen eraketa jasotzen duen eskritura edo dokumentua eta Estatutuak, Merkataritza Erregistroan edo dagokion erregistroan behar den moduan inskribatuta.
    • Sozietate zibilek: sozietate zibilaren eraketa-kontratua, IFZ eta sozietate zibila osatu duten pertsona guztien NANa edo horren balio bereko dokumentua.
    • Ondasun erkidegoek: ondasun-erkidegoa eratzeko kontratua eta hura osatzen duten pertsona guztien IFZ edo agiri baliokidea.
  • Legezko ordezkapenaren kasuan, legezko ordezkariaren NANa edo horren balio bereko dokumentua eta ordezkaritzaren egiaztapena agiri bidez. Egiaztapen hori zuzenbidean bidezkoa den edozein modutan egin daiteke (notario-ahalordez, eskritura bidez...). Ordezkapena Gipuzkoako Foru Aldundiko legezko ordezkarien erroldan erregistratuta egonez gero, ez da dokumentazio hau aurkeztu beharko.
  • Banku-kontuaren titulartasuna frogatzen duen agira; eskatzaileak izan behar du kontuaren titularra. Agiri hauetako edozeinek balio du horretarako: bankuko kontu-laburpena, libreta, bankuak egindako egiaztagiria, edo “Titular-kontua” izeneko orria behar bezala beteta banketxeak emandako zigiluarekin.
  • Jarduera Ekonomikoen Zergaren alta-egiaztagiria.
  • Hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea sustatzeko jardueren kasuan (3. lerroa), batez besteko plantillaren txostena, Gizarte Segurantzak egina, JEZn alta eman den egunaren eta laguntza hau eskatu aurreko egunaren arteko aldiari buruzkoa.
  • DEBEGESAk baliozkotutako jardueraren bideragarritasun-plana edo memoria-proiektua, sustatzailearen CVa barne.
  • Alokairu-gastuetarako, bi alderdiek behar bezala sinatutako alokairu-kontratua, eta gutxienez ordaindutako ordainagiri bat. Ordainketa transferentzia edo helbideraketa bidez egin beharko da.
  • Lokala erosteko gastuetarako, salmentaren kontratua eta ordainketa egin izanaren ziurtagiria.
  • Negozioa eskualdatuz gero, enpresa-ondorengotza/erreleboa behar bezala egiaztatzen duen dokumentazioa; bertan eskualdaketaren zenbatekoa adieraziko da.
  • Negozioa martxan jarri eta garatzeko gastu eta inbertsioetarako, deialdiko 8.d artikuluan jasotako kontzeptuei buruzko fakturak eta ziurtagiriak. Baldin eta eskabidea aurkezten denean aurreikusitako obra eta inbertsioak gauzatu gabe badaude, dagozkien aurrekontuak aurkeztuko dira.
  • Enpresa eskatzailea zerga-betebeharretan egunean dagoela esaten duen ziurtagiria, horretan eskumena duen Ogasun Sailak luzatutakoa.
  • Dirulaguntzaren eskaeraren xede den jarduerarako beste dirulaguntzarik eskatu edo lortu bada, beste erakunde edo instituzio batzuetan jarduera berbererako egindako dirulaguntza eskabideen zerrenda, edo, hala balegokio, jasotako dirulaguntzena, bakoitzaren zenbatekoa eta helburua zehaztuta.

Prozedura hau tramitatzeko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, bai eskaera egiterako unean, bai hurrengo berrikuspenetan, Eibarko Udalak honako informazio hau kontsultatuko du, bitarteko telematikoen bidez:

  • Udalarekiko ordainketan egunean egotea.
  • Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta izatea.
  • Legezko ordezkapenen kasuan, ordezkapena GFAko legezko ordezkarien erroldan erregistratuta egotea.
  • Dirulaguntza eskatu bada 2. lerroari dagokion negozio-jarraipenerako, JEZen alta eman aurreko 12 hilabeteetan, helbide berean JEZeko epigrafe berean alta emandako negozio bat funtzionamenduan egon izana.
  • Entitate onuradunak Eibarko udalean jarduera sailkatuan aritzeko aurretiazko komunikazioa edo lizentziapeko jardueretan, jarduera-hasieraren aurrekomunikazioa aurkeztua izatea. Eskualdaketa izanez gero, jarduera sailkatuko titulartasun-aldaketaren aurretiazko komunikazioa aurkeztua izatea.

Sail arduraduna: Eibarko udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza.

Ebazpen organoa: Eibarko udaleko Alkatea.

Ebazteko gehieneko epea: eskaera egiten den egunetik zenbatuta, bi hilabetekoa izango da.

Dirulaguntzen Datu-Base Nazionalean argitaratutako informazioa: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/convocatoria/651132

 

Udalak emandako dirulaguntzaren ordainketa:

  • % 70 dirulaguntza ematean ordainduko da.
  • Gainerako % 30a dirulaguntzaren justifikazioa egindakoan ordainduko da.

JEZn gutxienez 12 hilabetez alta emanda egoteko baldintza betetzen ez bada, diru-laguntza honen onuradun izateari utziko zaio, eta emakidarekin ordaindutako zenbatekoa itzuli egingo da.

Udalak emandako dirulaguntzaren justifikazioa edo zuriketa: Dirulaguntza emateko helburua bete duela justifikatzeko eta jasotako dirua zertan erabili den justifikatzeko onuradunak duen epea 2023ko azaroaren 15ean amaituko da.

Azken justifikazioa JUSTIFIKAZIO KONTUA modalitatearen bidez egingo da. Elektronikoki aurkeztuko da udal webguneko DOKUMENTAZIOA AURKEZTEA tramitearen bidez eta honako dokumentu hauek izango ditu:

  • Dirulaguntzaren xede diren gastuetan izandako diru-sarreren eta gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioarekin, zenbatekoa eta jaulkipen-data jarrita GASTUEN ETA SARREREN ZERRENDA ereduaren arabera.
  • Diruz lagundu diren gastuen frogagiriak eta gastu horiek ordaindu izanari buruzko frogagiriak: fakturak edo horien ordezkoak, ordainagiriak, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta egindako gastua egiaztatuko duten merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako agiriak, betiere modu korrelatiboan ordenatuta eta aurreko atalean aipatutako GASTUEN ETA SARREREN zerrenda zenbakitu horretan emandako ordena-zenbakiaren arabera.
  • JEZaren ziurtagiria, adieraziz alta emanda dagoela gutxienez 12 hilabetez.
  • Enpresa eskatzailea zerga-betebeharretan egunean dagoela esaten duen ziurtagiria, horretan eskumena duen Ogasun Sailak luzatutakoa.
  • Dirulaguntzaren eskaeraren xede den jarduerarako beste dirulaguntzarik eskatu edo lortu bada, beste erakunde edo instituzio batzuetan jarduera berbererako egindako dirulaguntza eskabideen zerrenda, edo, hala balegokio, jasotako dirulaguntzena, bakoitzaren zenbatekoa eta helburua zehaztuta; horrela, ez da bikoiztasunik gertatuko dirulaguntzak ematean eta baliabideen esleipena modurik egokienean izatea ahalbidetuko da.

Deskargatu dokumentuak
Deialdia 2022: Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzen laguntzeko dirulaguntzak  
Ikusi | Jaitsi (585.3 KB)
Titular-kontua  
Ikusi | Jaitsi (65.1 KB)
Gastu eta diru-sarreren zerrenda (Excel formatuan)  
Jaitsi (13.3 KB)
Gastu eta diru-sarreren zerrenda (formatu irekian)  
Jaitsi (5.9 KB)