Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zezen-plazaren inguruan parke bat eta eremu berri bat egiteko proiektua lantzen ari da gobernu-taldea

Eibarko zezen plaza.

Eibarko zezen plaza.

2022/06/09

Egitasmoa herriko hainbat guneren kalitatea hobetzeko helburuaren barruan sartzen da. Eremu hau Sostoa kalearekin lotuko da igogailu berri baten bidez, eskailera mekanikoek egun egiten duten zerbitzua osatzeko; hala, erabateko irisgarritasuna bermatuko da inguru guztian.

Udaleko gobernu-taldeak, Jon Iraola alkatearen ekimenez, hiri-hobekuntzako eta eraldaketako proiektu berri bat jarriko du abian laster. Haren bidez, parke berri bat eta aisialdirako eta kirolerako gune berri bat egingo dira gaur egun zezen-plazak betetzen duen espazioan; izan ere, espazio hori gutxi erabiltzen da eta azalera laua eta oso zabala du, 5.000 metro karratu ingurukoa.

Hori dela eta, udal-gobernuak laster aterako du lizitaziora eremu horretarako proiektu urbanistiko baten idazketa. Egitasmoan, zezen-plazaren ordez, parke zabal bat egingo da harmailekin, eguzki- eta itzal-guneekin, eta lehendik dauden kirol-espazioak birkokatuko dira erabiltzaileei zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko.

Eremu hori, halaber, Sostoa kalearekin lotuko da igogailu berri baten bidez, egun eskailera mekanikoek egiten duten zerbitzua osatzeko, eta hala, irisgarritasun unibertsala bermatzeko inguru guztian.

Egitasmo hau herriko hainbat guneren kalitatea hobetzeko udal-helburuaren barruan sartzen da. Lehentasunetako bat da herria aisialdirako gune eta eremu berriz hornitzea; izan ere, Jon Iraola alkateak adierazi bezala, “horixe da herritarrek adierazten diguten behar nagusietako bat. Egitasmo hau, dudarik gabe, espazio urbanoaren proiektu eraldatzailea da. Ohiturak aldatzen doaz, eta gero eta gehiago eskatzen ari dira toki zabalak eta kalitatezkoak gure familia eta lagunekin egoteko eta disfrutatzeko, eta hori da lor dezakeguna zezen-plazak —erabilerarik gabe egonik— egun okupatzen duen espazioa libre utziz, eta herriaren erdigunean aisialdirako toki bat sortuz”.

Ildo horretan, Iraolak zera gaineratu du: “Proiektu berri honek osatu egiten ditu azken hilabeteetan herriko beste leku batzuetan ere martxan jarri ditugun egitasmoak, hala nola, Estaziñotik Azitaineraino doan trenbidearen estaldura eta Julian Etxeberriaren aisialdirako eremu berria; azken proiektu horretan erdigunea modu iraunkorrean jarriko da oinezkoentzat.  Helburua urratsak ematea da herritarrek eskatzen duten Eibar berria egiten joateko.