Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zaldibarko zabortegiaren inguruan egindako edateko uraren eta airearen analisiek osasunarekin lotutako arriskurik ez dagoela baieztatu dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak

Zaldibarko zabortegiaren inguruan egindako edateko uraren eta airearen analisiek osasunarekin  lotutako arriskurik ez dagoela baieztatu dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak

Urkuluko presako irudia.

2020/02/11

Azken komunikatuan jakinarazi dutenez, "inguruko udalerrietako bizilagunek, besteak beste, Eibarkoek edo Ermukoek, segurtasun osoz edan dezakete iturriko ura, eta ez da amiantorik hauteman, nahiz eta airearen kalitatearen kontrolak indartu egingo diren, eta egunean bi laginketa egingo dira".

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur goizean gure udalari igorritako ohar batean adierazten da "Zaldibarko zabortegiko luizitik hurbilen dauden herrietako kontsumoko uraren eta airearen laginetan egindako analisiek egiaztatu dutela ez dagoela gertaerarekin lotutako osasun-arriskurik. Edonola ere, Osasun Publikoaren Zuzendaritza jarraipen zorrotza egiten ari da lekuan bertan, eta etengabe hartzen ditu laginak ura hornitzeko sareetan eta etengabe zaintzen du airearen kalitatea Ingurumen Sailburuordetzarekin elkarlanean.".

Osasun Sailak egoerari buruz egin duen azken txostenaren arabera, joan den ostegunean luizia gertatu zen zabortegitik hurbilen dauden herrietako, hau da, Zaldibarko, Eibarko eta Ermuko bizilagunek segurtasun osoz kontsumitu dezakete iturriko ura.

Eibar Urkuluko urtegitik hornitzen da. Bestalde, Zaldibarri Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko saretik hornitzen zaio ura, eta ez da inolako gorabeherarik hauteman. Ermuari, berriz, Aixolako urtegitik hornitzen zaio ura, eta zabortegitik gertuago dago baina beste isurialde batean. Komunikatuan adierazten denez, "uraren Euskal Agentziak egindako ebaluazio hidrogeologikoak baztertu egin du Aixolan eragina. Egin diren kontroletan eta hornikuntza-sareko sarrerako deposituan hartutako laginean ez da inolako gorabeherarik hauteman".

Airearen kalitateari dagokionez, adierazi dute "etengabe ari direla laginketak egiten, eta emaitzek erakusten duten konposatu organikoen profila azken urteotan hiri-inguruneetan lortutakoaren oso antzekoa dela. Hala eta guztiz ere, teknikariek aitortzen dute konposatu horien nahasketak eragindako usain txarra gogaikarria izan daitekeela".

"Analisiek negatibo eman dute amiantoan ere, ez baita substantzia horren zuntzik hauteman. Edonola ere, datozen egunotan laginketekin jarraituko da, eta egunean bi lagin hartuko dira" ziurtatu dute.

Azkenik, jakinarazten da Eusko Jaurlaritzak gaur goizean bertan jarri duela Txaltxa Zelaiko goiko aldean herriko airearen kalitatea neurtuko duen furgoneta bat, datu zehatzagoak lortzeko, Zaldibarko zabortegiko suteak sortutako kearen ondoren.