XV. Ikasenpresa Azoka izango da otsailaren 5ean Eibarren; aurten, lanbide heziketako ikasleen parte-hartzea iazkoa halako bi izango da
Datorren astean Eibarren egingo den azokan 3.000 ikasle baino gehiago eta Lanbide Heziketako 622 proiektu ekintzaile bilduko dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak XV. Ikasenpresa Azoka aurkeztu du gaur goizean Eibarren. Azoka otsailaren 5ean egingo da, eta, aurten, ikasleen parte-hartzea aurreko edizioetakoa halako bi izango da. Euskadiko Lanbide Heziketako 61 ikastetxetako 3.000 ikaslek baino gehiagok ikasturtean zehar garatutako 622 proiektu ekintzaile aurkeztuko dituzte. Azokak goizeko 10:00tan irekiko ditu ateak
Ikasenpresa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako programa bat da, Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatzeko, erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboaren ereduan integratua. Ekimen horren bidez, ikasleek beren ideia ekintzaileak sortu eta kudeatzen dituzte ingurune praktiko eta errealista batean, gaitasun giltzarriak garatuz —hala nola talde-lana, berrikuntza, erantzukizuna eta komunikazioa— eta balioa emanez beren espezialitate teknikotik, pertsonen bizi-kalitatea eta ingurunearen ongizatea hobetzeko.
Eibarko azoka da prestakuntza prozesu horren unerik gorena. Hezkuntzaren ikuspegitik enpresa-simulazio bat bada ere, aurkeztuko diren produktuak eta zerbitzuak benetakoak izango dira, sektore profesional jakin batzuei lotuta egongo dira eta egungo behar sozial, teknologiko eta produktiboei erantzungo diete, ikastetxeetako irakasleen laguntzari esker.
Eibarko Udalean egin da aurkezpena, eta Inge Gorostiaga Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitaleko eta Ikaskuntza Aurreratuetako zuzendariak, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Ergiña Urzelai ITLENTeko Kultura Ekintzaileko Saileko arduradunak hartu dute parte. Ekitaldian programan esku hartu duten ikasleen ordezkaritza bat ere izan da.
Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu duenez, «Ikasenpresaren edizio bakoitza etorkizunaren argazki bat da, gaur egun ikasgelan eraikitzen ari dena, eta aurten irudia bereziki indartsua da. Parte-hartzea bikoizten ikustea eta 3.000 gazte baino gehiago ideiak benetako proiektuekin bihurtzea egiaztatzeak baieztatzen du Lanbide Heziketa Euskadiko berrikuntzaren motor nagusietako bat dela».
Iraolak hauxe gaineratu du: “Eibar ez da bakarrik azoka egiten den lekua, transmititzen den mezuaren parte aktiboa ere bada: fabrikatzen ohituta dagoen hiria da, prozesuak hobetzen eta irtenbide praktikoak bilatzen ohituta dagoena. Ikasenpresak kultura hori ekintzailetza modu berriekin lotzen du, digitalagoak eta pertsonengan zentratuagoak direnak”.
Aurtengo berrikuntza gisa, azoka lau karpa tematikotan antolatuko da, hiriko hiru gunetan banatuta (Untzaga, Txaltxazelai eta Errebal Plazia), proiektuak eremu profesional handien arabera antolatzeko aukera emango dutenak, hala nola industria eta fabrikazio aurreratua, digitalizazioa eta konektibitatea, merkataritza eta mugikortasuna, eta ongizatea.
Ikasenpresa 2026 azokaren datuak
- Parte hartuko duten ikastetxeak: LHko 61 zentro (31 publikoak eta 30 itunpekoak).
- Parte hartuko duten ikasenpresak: 622.
- Parte hartuko duten ikasleak: 3.000 pertsona baino gehiago.
- Parte hartuko duten irakasleak: 190 irakasle.
