Unibertsitateko geltokiaren erreformaren lizitazio-prozesua hasi da
7,6 milioi euroko aurrekontua duen proiektua gauzatzeko epea 24 hilabetekoa izango da. Bi igogailuk terminalerako irisgarritasuna bermatuko dute.
Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren erakunde publikoak, lizitaziora atera ditu Eibarko Unibertsitateko geltokia berritzeko lanak. Obra horiek Udalarekin adostu dira, lankidetza-hitzarmen baten bidez, geltokia modernizatzeko eta irisgarritasuna eta integrazioa hobetzeko. Proiektuak 7,6 milioi euroko aurrekontua du, eta obrak egiteko epea, gehienez, 24 hilabetekoa izango da, esleitzen denetik kontatzen hasita.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du proiektu hau oso garrantzitsua dela hiriarentzat, eta hauxe azpimarratu du: "Obra hauen lizitazioa albiste bikaina da Eibarrentzat, eta oso urrats garrantzitsua eibartarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko. Unibertsitateko geltokia eraberritzea beharrezko jarduketa bat da, bai irisgarritasun unibertsala bermatzeko, bai hiriko eremu honetan egunero ibiltzen diren milaka pertsonen beharrei erantzuteko”.
Era berean, honako hau adierazi du: “Joan-etorri handiko ingurunea da, non Ingeniaritza Eskola, kirol-instalazioak, saltokiak eta zerbitzu ugari dauden; beraz, lehentasuna zuen geltoki moderno eta irisgarria edukitzeak. Igogailu berriak jartzea eta sarbideak berritzea mugarri bat izango da pertsona askorentzat, batez ere mugikortasun murriztua dutenentzat, adinekoentzat edo haur-kotxeekin mugitzen direnentzat”
Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkie Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailari eta Euskal Trenbide Sareari, Eibarrekin duten konpromisoagatik eta proiektua gauzatzeko elkarrekin egin duten lanagatik. “Lanean jarraitzen dugu azpiegitura publiko modernoagoak, erosoagoak eta eskuragarriagoak izateko, guztion artean eraiki nahi dugun hiriarekin bat datozenak”, gehitu du Iraolak.
Unibertsitateko geltokia udalerriaren hego-mendebaldeko sarbidetik hurbil dago. Sarbide bat du Torrekua kaletik, Bilborako noranzkoan, edo Tiburzio Anituatik, Donostiarako noranzkoan. Euskotrenek Eibarren dituen 5 geltokietako bat da.
Gaur egun, geltokirako sarbidea Torrekua eta Tiburzio Anitua kaleetatik egin daiteke, Bilborako noranzkoa eta Donostiarako noranzkoa duten nasetara iristeko, hurrenez hurren. Nasa batetik bestera joateko, Torrekua kalea eta geltoki gaineko pasealekua lotzen dituen eskailera-tarte batetik igaro behar da. Beraz, ibilbide hori ez da irisgarria mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.
Bilborako nasara Torrekua kaleko arrapala batetik joaten da. Donostiarako nasara, berriz, Tiburzio Anitua kaleko eskailera batetik. Eskailera-tartearen hasieran markesina bat dago, eta bertan txartelak saltzeko makina bat eta bi balidatzaile daude. Ez sarbide batek ez besteak ez dute makina balidatzailerik barruan.
Geltokiaren inguruan hainbat zerbitzu daude, hala nola supermerkatuak, kirol zentroak edo erakunde akademikoak, baita Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola ere. Zerbitzu horietara trenez iristea zaila da, geltokira sartzeko disposizioagatik, batez ere Donostiarako noranzkoan, baita nasa batetik bestera pasatu behar izateagatik ere.
ETSk Unibertsitateko geltokiko Donostiarako nasaren irisgarritasuna hobetzeko proposatutako konponbidea zera da: Tiburzio Anitua kaleko kota eta nasaren kota lotuko dituen igogailu panoramiko bertikal bat instalatzea. Eskailera bidez egiten den sarbidea kentzea proposatzen da, eta eskailera-tarte berri bat jartzea, zeina egitura metalikozko markesina batez estalia egongo den, kristalezko itxiturarekin eta altzairu herdoilgaitzezko profileria osagarriarekin. Nasaren kotan atondo bat sortuko da, eta bertan jarriko dira txartelak erosteko eta balidatzeko makinak eta koadro orokorra.
Bilboko noranzkoaren irisgarritasuna hobetzeko igogailu panoramiko bertikal bat instalatuko da; igogailu horrek Torrekua kaleko kota nasaren kotarekin eta, aldi berean, trenbide gaineko oinezkoentzako pasealekuarekin lotuko du. Horrela, egungo sarbidea kendu, eta arrapala eta eskailera berriak egingo dira.
ETSk Torrekua kaleko ibilgailuentzako bidean dauden bi erreietako bat erabiliko du nasa handitzeko, eta, horrela, espazio gehiago egongo da itxaroteko. Eremu berri hori ixteko, metalezko egitura duen markesina berri bat jarriko da, altzairu galbanizatuzko itxiturarekin eta altzairu herdoilgaitzezko profileria osagarriarekin, nasari fatxada emateko eta erabiltzaileak babesteko.
Aurreko arrapala kendu ondoren, proiektuan aurreikusten da nasara sartzeko arrapala berri bat eraikitzea, Bilborako noranzkoan, % 6ko maldarekin; arrapala hori igarota, geltokira sartzeko eta balidatzeko makinak egongo dira. Eskailera tarte berri bat ere egingo da, Bilboko noranzkoko nasa goiko pasealekuarekin lotuko duena.
Eusko Trenbide Sareak geltokira sartzeko atondo berri bat diseinatu du, eta, bertan, Bilborako nasara sartzeko makina balidatzaileak egongo dira. Obra hauen guztien helburua da nasen eta Torrekua eta Tiburzio Anitua kaleen arteko lotura erraztea eta Unibertsitateko geltokiko irisgarritasuna bermatzea.