Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udaltzaingoak bi grafitigile ezagun identifikatu ditu, Urkizun pintadak egiten ari zirela

Udaltzaingoak bi grafitigile ezagun identifikatu ditu, Urkizun pintadak egiten ari zirela

‘Shok’ eta ‘Roder’ grafitigileek Urkizun egindako pintaden irudia.

2019/12/05

Pintadak ‘Shok’ eta ‘Roder’ izenez sinatzen dituzten gazteak dira eta berriz ere zehapen-espedientea zabaldu zaie.

Eibarko Udaltzaingoak atzera ere bi grafitigile ezagun identifikatu ditu —'Shok' eta 'Roder' ezizenekin pintadak sinatzen dituztenak—, Urkizu inguruan grafitiak egiten ari zirela harrapatu ostean. Gertakariak azaroaren 28tik 29rako goizaldean izan ziren (ostegunetik ostiralerako gauean). Udaltzaingoak beste zehapen-espediente bat ireki die bi gazteei, eta Garbiketa Publikoa Arautzeko Ordenantzan jasotako zigorrak ezarriko zaizkie.

Udaltzaingoaren txostenaren arabera, azaroaren 29ko (ostirala) goizaldeko 2ak aldera, Urkizuko dorreen atzealdean zegoen agente batek ikusi zuen bi pertsona zeudela dorreetako garajeen inguruan jarrera susmagarrian. Horietako batek agentea ikusi zuenean, besteari seinale bat egin ondoren berehala alde egin zuten, eta ezin izan zituzten harrapatu.

Udaltzaingoko gainerako kideei eta Ertzaintzari abisua eman ostean, agenteak ingurua ikuskatu zuen, eta zenbait grafiti egin berri zeudela ikusi zuen. Bi gazteen deskribapena ezagutu ondoren, berehala lotu zituzten aurretik Urkizu inguruan ikusitako bi pertsonarekin; grafitigile ezagunak dira, eta hainbat aldiz identifikatu eta zigortu dituzte antzeko gertakariengatik.

Identifikatu ostean, Udaltzaingoak beharrezkoak diren urratsak eman ditu zigor-prozedura bati ekiteko arau-hausleen aurka. Bai Udala bai Udaltzaingoa modu aktiboan ari dira lanean azken hilabeteetan, Eibarko kaleetan pintadak eta grafitiak ez ugaritzeko zehapen-neurri eraginkorragoak hartu ahal daitezen, ikusi baita grafitigileei ezartzen zaizkien zehapen ekonomikoak ez direla nahikoak.

Pintadak eta grafitiak egitea arau-hauste oso larritzat jotzen da Garbiketa Publikoaren Ordenantzan, eta 450 €-rainoko zehapena ekar dezake. Gainera, eragindako kaltea konpontzeko eska dakioke arau-hausleari, eta, horretarako, teknikari batek balorazioa egiten du.

etiketak: Eibar, pintadak, grafitiak